Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Negu

Gasteiz eta Arabako lautada zati bat elurretan, airetik ikusita.

Negua urteko sasoirik hotzena izaten da Lurraren iparraldeko hemisferioan; urteko laugarren urtaroa da, udazkena du aurretik eta udaberria ondotik. Gure inguruan, Europan, abenduaren 21ean hasten da eta martxoaren 21ean bukatzen. Beraz, abendua, urtarrila, otsaila eta martxoa dira neguko hilabeteak guretzat. Hegoaldeko hemisferioan, berriz, ekainaren 21ean hasi eta irailaren 22an bukatzen da negua.

Tropikoen arteko lur zatian, negurik ez dago; urte osoan tenperatura beroak dituzte. Leku hauetan, euria da urtaroak banatzen dituena: urtaro euritsuak eta urtaro lehorrak bereizten dira bakarrik.

Gure aldean, neguan izaten da urteko egunik laburrena, hau da, egun-argi gutxien duena: neguko solstizioa; abenduaren 21 edo 22an izaten da. Egun horretan, gauak iraupenik handiena du eta egun-argiak iraupenik laburrena. Handik aurrera, egun-argiaren iraupena handituz doa. Eguzkia gutxi igotzen da zeruan, eta, horren eraginez, eguzki-izpiak nahiko ahul iristen dira gure inguruko lur zatira. Beraz, askoz bero gutxiago iristen da Eguzkitik, eta horregatik da urtarorik hotzena. Leku askotan, tenperatura zero azpiraino jaisten da batzuetan; elurra lotzen dugu neguarekin, normalean neguan egiten duelako elur gehien.

Tradizio kristaua duten herrialdeetan, Eguberri edo Gabonak ospatzen dira neguan, abendu bukaeratik urtarril hasiera bitartean.