Wikipedia, Entziklopedia askea
Orka bat itsas-txakur bati erasotzen.

Orkak izurdeen familiako kiderik handienak dira. Izurdeen familia horzdun baleen talde bat da. Balea guztiak bezala, orkak ugaztunak dira. Minutu gutxiro, ur azalera ateratzen dira airea arnasteko.

Orkak munduko ozeano guztietan bizi dira. Sarritan ur hotzetan egoten dira kostaldetik gertu, baina ur bero eta tropikaletan ere bizi dira.

Nolakoak dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orken gainaldea beltza da eta azpialdea zuria. Begi bakoitzaren atzealdean orban zuri bat dute. Batzuek bizkar-hegal edo atzealdeko hegal handiaren atzean kolore argiko orban bat dute. Arrak maiz 8 metro luze baino gehiago izatera heltzen dira eta 5 tona inguru pisatzen dute. Emeek gutxi gorabehera metro bat gutxiago neurtzen dute eta arinagoak dira. Arrek ere albo-hegal eta bizkar-hegal handiagoak dituzte. Arraren bizkar-hegala 1,8 metro altu izatera iritsi daiteke.

Buruaren gainaldean arnasteko balio duen zulo bat dute. Burezurraren barruan izurdeen familiako garunik handiena dute. Masailezurrean 40 hortz kurbatu baino gehiago dituzte. Hortz gehienak 10 zentimetro luze dira.

Portaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orkak 40 kidera arteko familia-taldeetan bizi dira. Orka batek bere taldea ezagutu dezake haren kideek egiten dituzten soinuei esker. Orkek ekolokalizazioa erabiltzen dute, objektuetan errebotatzen duten soinu bereziak eginez; itzultzen diren soinuek objektua non dagoen esaten diete.

Orkek ehizatzen ematen dute ia egun osoa. Haien harrapakinak izokinak eta bestelako arrainak, itsas txoriak, itsas txakurrak eta beste baleak dira. Orkek, batzuetan, beren kabuz ehizatzen dute. Orka batzuk uretik kanpo salto egiten ikusi izan dira pinguinoak edo itsas txakurrak harrapatzeko. Beste batzuetan, taldean ehizatzen dute eta harrapakinei alde desberdinetatik erasotzen diete. Orkek, orokorrean, beraien harrapakina osorik irensten dute.

Orken bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orka bat akuarioan.

Orkaren ernaldiak 17 hilabete inguru irauten du. Bakoitzean kume bakarra jaiotzen da, eta normalean buztana ateratzen da lehenengo. Ama oso babeslea da eta urtebetez zaintzen du bere kumea. Orkaren esnea koipe ugarikoa da, eta kumeari bere koipea handitzen laguntzen dio, balea bero mantentzeko. Zientzialarien iritziz, orka batzuk 30 eta 50 urte bitartean bizi dira.

Ez dirudi egoera basatian dauden orkek gizakiei erasotzen dietenik. Gizakiek, bestalde, ez dituzte asko ehizatu. Hala ere, dozenaka orka gatibutasunean bizi dira: orka asko entrenatu dituzte akuarioetako ikuskizunetan aritzeko.