Wikipedia, Entziklopedia askea

Pailazo-arrain

Pailazo-arrainak Loro Parqueko akuarioan (Tenerife, Espainia)

Pailazo-arrainak ozeano tropikaletan bizi diren hainbat arrain-mota dira. Anemona-arrain ere esaten zaie, itsas anemonetan bizi baitira. Gizakiek akuarioetan ere sartu ohi dituzte arrain horiek, haien ezohiko habitata eta kolore distiratsuak direla eta.

Bi mota ezagunenak benetako pailazo-arraina eta pailazo-arrain faltsua dira, eta itxura ia berdina dute biek. Benetako pailazo-arrainak beste izen bat ere badu: ekialdeko pailazo-arraina. Pailazo-arrain faltsuak ere baditu beste bi izen: mendebaldeko pailazo-arraina edo pailazo-arrain arrunta. Nemoren bila (2003) marrazki bizidunetako filmeko protagonista pailazo-arrain faltsu bat da.

Nolakoak dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pailazo-arrainak 10 zentimetro luze izan arte hazi daitezke eta emeak arrak baino handiagoak dira. Pailazo-arrain gehienek gorputza laranja dute eta gainean marra zuri distiratsuak dituzte. Zehazki, hiru zinta zuri dituzte gorputzean. Zinta zuriak eta hegalak beltzez inguratuak dituzte; marra beltz horiek lodiagoak dira benetako pailazo-arrainetan, faltsuetan baino.

Pailazo-arrainek gorputza muki-geruza fin batez estalia dute eta horrela, ostalari dituzten anemonek ez diete erredurarik eragiten.

Non bizi dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pailazo-arrainak Indiako Ozeanoko eta Ozeano Bareko zonalde bero eta ez oso sakonetan bizi dira koralezko uharrietan, itsas anemonekin batera. Arrain bakoitzak anemona baten tentakuluen artean du etxea. Anemona bakar baten barruan eme nagusi bat, haren kide arra eta zenbait pailazo-arrain gazte bizi daitezke. Anemonaren zelula erresumingarriek ez diete arrain horiei kalte egiten, baina beste itsas izaki batzuk hil ere egin ditzakete. Pailazo-arrainen eta anemonen arteko harreman estu horri sinbiosi esaten zaio.

Nola bizi dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtean hainbat aldiz, pailazo-arrainek habiak egiten dituzte beren anemonen azpian. Arrak emeari habiaraino jarraitzen dio eta bertan emeak ehundaka arrautza erruten ditu eta, arraintxoak jaio arte, arrak arrautzak babesten ditu. Pailazo-arrain guztiak arrak dira gaztetan, eta denbora pasatu ahala, taldeko arrainik handiena eme bilakatzen da.

Pailazo-arrainek ez dute ongi egiten igeri; hori dela medio, ostalari duten anemonatik gertu geratzen dira, euren burua harrapakarietatik babesteko. Bertan plankton izeneko izaki bizidun txikiez elikatzen dira.