Wikipedia, Entziklopedia askea

Plankton

Planktona osatzen duten izaki batzuk.

Planktona munduko ozeano eta itsasoetan flotatzen duten izaki bizidun ñimiño askoren multzoa da. Tamaina txiki-txikiko landare, animalia eta beste hainbat motatako organismoz osatuta dago. Planktona oso garrantzitsua da arrainak eta beste itsas-izakiak ―bai eta horiek kontsumitzen dituzten pertsonak ere― mantentzen dituen elika-kate edo kate trofikoan.

Plankton motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Planktonaren barruan, bi mota bereizten dira:

  • Fitoplanktona: landarez edo antzeko organismoez osatuta dagoena. Organismo horiek normalean zelula bakar bat baino txikiagoak izaten dira. Adibidez, fitoplanktonaren ohiko forma bat diatomeoak dira, zelula bakarreko alga mota bat. Fitoplanktonak ur azaletik gertu flotatzen du. Beste landareek bezala, eguzki-argia erabiltzen du energia sortzeko eta gero oxigenoa botatzen du. Prozesu hori fotosintesi deitzen da.
  • Zooplanktona, berriz, animaliaz edo antzeko organismoez osatuta dagoen planktona da. Horietako organismo batzuk, hala nola, oskoldunak eta protozooak miniaturan, oso txikiak dira. Beste batzuk, hala nola marmokak, handiagoak dira. Arrain eta itsaski batzuk arrautzak edo larba txiki-txikiak dira hasieran. Arrautza eta larba horiek ere zooplankton dira.

Fitoplankton eta zooplanktonaz gain, bakterioak eta onddoak ere munduko uretan daude. Izaki bizidun horiek ere planktontzat har daitezke.

Zergatik da garrantzitsua?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Planktona oso garrantzitsua da Lurrean bizitza egon dadin. Fitoplanktonak pertsonek eta animaliek bizitzeko beharrezkoa duten oxigenoaren zati handia sortzen dute. Era berean, elikagai-iturri garrantzitsua dira animalientzat. Zooplanktona fitoplanktonez elikatzen da, eta arrainak eta beste animalia handiagoak zooplanktonez elikatzen dira. Balea mota asko elikatzen dira zooplanktonez. Balea erraldoiek ahoko bizarrak deitzen diren filtro edo iragazki batzuekin harrapatzen dute planktona.