Txikipedia:Paleontologia
Paleontologia orain dela milioika urte lurrean bizi izan ziren landareak eta animaliak aztertzen dituen zientzia da. Horretarako, lurrean aurkitu diren antzinako organismoen hondakinak erabiltzen dira. Hondakin horiek, fosilak deituak, harrietan kontserbatzen dira.
Paleontologoek fosilak bilatzen dituzte mundu guztian. Tresna bereziak erabiltzen dituzte fosilak inguratzen dituzten harrietatik ateratzeko kontu handiz. Fosilak non aurkitu ziren zehazki apuntatzen dute. Honek fosilak zein garaitakoak diren jakiten laguntzen die.
Paleontologoek asko ikas dezakete antzinako izaki bizidunetatik fosilak aztertuz. Organismo bat non bizi zen eta nolakoa zen jakin dezakete. Organismo batek zer jaten zuen eta zein animaliek hiltzen zuten elikatzeko identifikatu dezakete. Antzinako animalien eta landareen eta gaur egungo animalien arteko harremana zein den jakin dezakete.
Paleontologiak landareak, animaliak eta beste izaki bizidun batzuk denboran zehar nola eboluzionatu diren edo aldatu diren erakusten du. Fosilak lagungarriak dira zientifikoentzako dinosauroen, gizaki primitiboen eta beste animalia primitiboen irudiak sortzeko. Paleontologia erabilgarria da Lurra bera nola aldatu den ikusteko; adibidez, iraganean zeuden klimak nolakoak ziren ikusteko. Zientifikoek informazio hau erabiltzen dute orain gertatzen ari diren gertakariak ulertzeko eta etorkizunean gertatu ahal dena jakiteko.
Paleontologia arkeologia deituriko zientziaren antzekoa da. Paleontologoen antzera, arkeologoek antzinako bizitza aztertzen dute. Baina arkeologoak gizakiak egin zituzten gauzen hondakinetan zentratzen dira, tresnenak eta eraikinenak adibidez.
Helburuak eta aplikazioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Paleontologiaren helburuak mota askotakoak dira, baina nagusienak helburu zientifikoak dira. Horien artean dauzkagu antzinako bizitzari buruz informazio gehiago eskuratzea, iraganeko aroak berregitea, izakien eboluzioa ikertzea, izakien arteko harremanak ikertzea, estratuen kronologia zehaztea...
Paleontologoek gaur egun desagerturik dauden izakiak nolakoak izan ziren egiaztatzen dute, eta euren eboluzioa frogatzen dute. Gure iraganak gaur egungo banaketan eragina dauka.
Petrolio hobiak ikertzeko ere balio du; hau da, petrolioa lurreko zein geruzatan agertuko den jakiteko.
Adarrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Paleontologia biologiarekin oso harremanduta dago, bi zientziek aztertzen dituztelako iraganeko izakiak. Paleontologiaren barnean adar desberdinak aurki daitezke euren izaeraren arabera.
- Tafonomia: fosilizazio prozesua eta aztarnategiak ikertzen ditu.
- Paleobiologia: iraganeko organismoak aztertzen ditu.
- Paleoekologia: iraganeko organismoen arteko erlazioak ikertzen ditu.
- Paleobiogeografia: iraganeko izaki bizidunen banaketa geografikoa aztertzen du; hau da, izaki bakoitza non edo zein ingurunetan bizi zen.
- Paleontologia ebolutiboa: iraganeko izaki bizidunen arteko ahaidetasunak eta gaurkoekin dituzten ahaidetasunak aztertzen ditu.
- Paleontologia estratigrafikoa: estratuen datazioa aztertzen du, hau da, lurraren geruza desberdinek daukaten adina; horrela aurkikuntzak zein garaitakoak diren zehaztu dezakete.
- Paleozoologia: animaliak aztertzen ditu.
- Paleobotanika: landareak aztertzen ditu.
- Mikropaleontologia: mikrofosilak edo mikroskopioa erabiliz ikertzen diren aurkikuntzak aztertzen ditu.
Paleontologo ezagunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Historian zehar hainbat paleontologo garrantzitsu izan ditugu. Bakoitzak garaian garaiko teknikak eta ezagutzak erabiltzen zituen, baina denek egin dute euren aportazioa gaur egun arte.
Charles Darwin-ek Hego Amerikan fosilak bildu zituen eta Patagonian oihan fosilizatuak ikertu zituen.
Mary Anningek Ingalaterran hainbat fosil garrantzitsu aurkitu zituen eta era sistematikoan klasifikatu.
Thomas Jefferson-ek mamut fosilizatuen hezurrak ikertu zituen.
Euskal Herrian Jesus Altuna izan dugu.