Animaliak izaki bizidun batzuk dira, zelulaniztunak (zelula bat baino gehiago dutenak) eta eukariotoak (zeluletan nukleo bat dutenak), sentitzeko eta beren kasa mugitzeko gai direnak. Landareek bezala, animaliek janaria eta ura behar dituzte bizi ahal izateko; baina, landareak ez bezala, animaliak beste izaki bizidun batzuez elikatzen dira (landare edo beste animaliez), ezin dituztelako fabrikatu beren elikagaiak; hau da, heterotrofoak dira.
Bestalde, animaliak beren inguruan gertatzen dena sentitzeko gai izaten dira (zentzumen batzuk dituzte); gainera, haien gorputzak aukera ematen die mugitzeko, inguruan gertatzen denaren aurrean erreakzionatzeko. Zentzumen horiek eta mugitzeko gaitasun hori, besteak beste, janaria aurkitzeko, kideak topatzeko eta beren burua babesteko erabiltzen dituzte.
Dena dela, animalia gehienak ibiltzeko gai badira ere, bakan batzuk ez dira mugitzen: koralak edo ostrak, adibidez, euskarri bati heltzen diote eta horrela ematen dute bizitza guztia.
Oro har, gizakiaz bestelako animaliak adierazteko erabiltzen da animalia hitza; hitz praktikoa da, eta ez da zientifikoa, beraz.
Animaliak aztertzen dituen zientzia zoologia deitzen da.
Animalien dibertsitatea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Milioika animalia-mota bizi dira munduan; gainera, munduko ia bazter guztietan aurkitzen dira, airean, uretan eta lehorrean, poloetako lurralde hotzenetatik hasita basamortu beroenetaraino.
Munduko animaliak ugari-ugariak direnez, oso itxura eta forma desberdinak dituzte. Zenbaitek ezkatak dituzte, beste batzuek azala eta ilea; zenbaitek, hegoak edo hegalak; batzuk uretan bizi dira, besteak lehorrean. Baina den-denek ahoa dute: denek daukate mota bateko edo besteko ahoa; beraz, ahoa daukan hori animalia da, seguru. Horrek esan nahi du zu zeu ere animalia zarela, ahoa baituzu. Munduan milaka animalia espezie daude, eta gizakia horietako bat da.
Hala ere, bada askotan ikusiko duzun animalia bat ez duena ahorik: belakiak. Marrazki bizidunetan badute ahoa, eta dutxan duzuna ez da izaten animalia, baizik eta gizakiek egindakoa. Baina benetako belakiak animaliak dira, eta ez dute ahorik.
Sailkapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Animalia mota desberdinak ugari-ugariak direnez, zientzialariek bi multzo nagusitan bereizi dituzte:
- Ornodunak: bizkarrezurra dutenak.
- Ornogabeak: bizkarrezurrik ez dutenak.
Ugarienak ornogabeak dira: gure planetan bizi diren animalia guztietatik % 95 inguru dira.
eta