Wikipedia, Entziklopedia askea

Pinotxo

Liburuaren 1902ko edizio bat.

Pinotxo haurrentzako ipuin famatu bateko fikziozko pertsonaia bat da. Istorioan, txotxongilo bat da, eta sudurra hazten zaio gezur bat esaten duen bakoitzean.

Carlo Lorenzini izeneko kazetari italiar batek idatzi zuen Pinotxori buruzko liburua, baina Carlo Collodi ezizenarekin argitaratu zuen. Liburuaren izenburua, berez, “Pinotxoren abenturak: txotxongilo baten istorioa” da. 1881ean agertu zen lehenengoz, umeentzako aldizkari italiar batean. Pinotxoren istorioa atalka argitaratu zen, aldizkariko hainbat zenbakitan. Liburu bezala 1883an argitaratu zen.

Istorioa Geppetto izeneko zurgin batekin hasten da: seme bat egiteko gogoa zuen eta, horregatik, zurezko txotxongilo bat egin zuen eta Pinotxo deitu. Pinotxok, halako batean, Gepettoren ametsa betetzen du: egiazko ume bihurtzen da. Pinotxok benetako haur batek bezala jokatzen du. Ikusmin handia du, eta erabaki txarrak hartzen ditu. Pertsonaia askorekin egiten du topo, eta batzuetan arazoak sortzen dizkiote. Gezurrak esaten dituenean, sudurra luzatzen zaio, baina egia esaten duenean, sudurra tamaina normalera itzultzen zaio. Pinotxok Geppetto zaintzen ikasten duenean, maitagarri batek bere nahia ematen dio: benetako haurra izatea.

Euskarazko itzulpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agustina Pontestak ekarri zuen euskarara 1987an, eta Elkarrek itzulpena argitaratu; geroago, 2011n, Galtzagorri Elkarteak Pontestarenean oinarritutako beste itzulpen bat argitaratu zuen, euskara batura egokitua.