Txikipedia:Pitagoras

Wikipedia, Entziklopedia askea

Egiazko eta alegiazko historiak daude nahasturik Pitagorasen bizitzari buruzko kroniketan. Heraklides Pontokoa, Klearko eta Aristoxenos jakintsuek alegiazko egitateak eta gertaerak jasotzen dituzte hari buruz. Pitagoras Apolo edo Hermesen seme zela idatzi izan da. Azpimundura jaitsia eta ondoren berriz ere bertatik ekarria ere omen zen. Halaber, urrezko izterra zeukala eta nonahitasunezkoa zela aipatu da. Kristau aroko lehenengo mendeetan Pitagorasi buruz Apolonio Tianakoak eta beste neopitagorikoek idatzitako alegiazko historiak onartu ziren, eta gerora Janbliko eta Porfirio neoplatonikoengan eragina izango zuten. Gainera, Pitagorasek ez zuen ezer idatzi, eta seguru asko horregatik ere bere jarraitzaileek Pitagorasenak ez ziren lanak eta asmakuntzak —Pitagorasen teorema, kasu— egotzi zizkioten. Jarraitzaileek osaturiko pitagorismoak ez du, hortaz, lagundu bere bizitzaren eta lanaren berri zuzena izaten. Horrela, ikertzaile zenbaitek Pitagorasen ekarpenak eta pentsamendua neurriz gain balioztatu direla adierazi dute.