Wikipedia, Entziklopedia askea

Sai

Saia animalia hegalaria da. Animalia erreinu barruan hegaztien multzoan sailka dezakegu, harraparien artean, zehatzago izanik. Ikusteko oso animalia ohikoa da Euskal Herriko mendietan. Antartikan eta Ozeanian izan ezik, kontinente guztietan aurki ditzakegu. Europako saiak inguru menditsu eta arrokatsuetan bizi dira, altitude handiko lekuetan, baina Afrikako saiak, aldiz, nahiago dute sabanan ehizatu eta mendietan beraien habia egitea. Europako kasuan, leku askotan mehatsaturik daude gizakiaren eraginagatik, eta iberiar penintsula da hain zuzen, sai arrea eta sai beltzaren berreskurapenaren itxaropena.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Animalia haragijalea da, beste animalia batzuez elikatzen baita, gehienbat lehenagotik hilda dauden animaliaz, baina ez badu animalia hilik lortzeko aukerarik, beraien kabuz ehizatzeko gai dira. Beraien ikusmena erabiliz ikusten dituzte beraien harrapakinak eta ez usaimenarekin, jendeak uste duen bezala. Hegan ari diren bitartean distantzia oso handira ikus ditzakete harrapakinak, baina adi egon beharra dute beste animaliren batek (adibidez lehoi eta hienekin Afrikako sabanaren kasuan) ez eramateko janaririk. Harrapakinak ikusmenaren bitartez begiztatzen dituztenez eta beraien usaimena ez denez hain ona, ikuspen handiagoko eremuetan janaria bilatzea nahiago dute. Orokorrean egunean zehar soilik elikatzen dira.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru mota nagusitan sailka ditzakegu: sai taldekoiak, tamaina handikoak dira, eta denbora berdinean, 100 gorpu batera jateko gai dira; sai bakartiak, tamaina handikoak eta indartsuak; eta sai txikiak, moko ahulekoak eta tamaina txikiagoa dute. Mota bakoitzaren elikadura ohiturak ez dira berdintsuak, horren ondorioz, denak batera biziraun dezakete. Sai taldekoaiak azpitaldetan bana ditzakegu: bizkar zurikoak, zuhaitzetan bizi direnak; eta sai ohikoak, arroketan bizi direnak. Orokorrean bakarrik azpitalde berekoak bizi daitezke batera. Beraien moko lodi eta indartsuak azalak eta tandoiak urratzea ahalbidetzen die. Bestalde, sai ohikoak eta bizkar zurikoak haragi bigunaz eta erraiez elikatzen dira. Beraien mingaina tutu formakoa da eta atzeraka tira egitea laguntzen du haragia eztarrira sartu arte, eta lepoa eta mokoa luzeak eta estuak dira, gorpuaren toki zehatzetara sartzen ahalbidetzen dietenak. Saia arranoa baino tamaina handiagokoa da, eta bere hego baten puntatik bestera 260 cm-ko zabalera izatera iris daitezke. Hegan ari diren bitartean, taula bat dirudi, hegoak gutxi astintzen ditu eta zabalik eraman ohi ditu, planeatzaile bikaina baita aire korronteak erabiliz. Ikusmen oso zorrotza dute, baina ez arranoena bezalakoa.

Sai arreak, bizkarreko, sabel aldeko eta atzeko zintako lumak kanela kolorekoak ditu, isatseko eta hegoetako lumak kolore ilunekoak dituen bitartean. Burua eta lepoa lumatxa zuri txiki batez estalita ditu, eta lepoan zehar luma horizko lepoko bereizia du, ez dauzkate luma handiak lepoan eta buruan hauek ez zikintzeko jaten ari direnean. Mokoaren erdigunea beltza da, eta bere oinarria eta punta horiak. Oinak, aldiz kolore grisekoak dira.

   Ba al dakizu   

Saiek arrautz bakarra txitatzen dute urtero, arra eta emearen artean txandakatzen dute habiaren zaintza.

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ugalketa garaia abenduan hasi eta apirilean bukatzen da. Arrak emea estaltzen du eta biak batera hegan hasten dira geroago habia egingo duten erlaitzetik sarritan pasatuz. Bi sexuek parte hartzen dute habi horren eraikuntzan, ilez, makilez eta lastoz egindakoa izango dena. Saia, animali obiparoa da, beraz arrautzak jartzen ditu. Kumea erritmo mantsoan hazten da eta elikadura egokia behar du bere gurasoengandik, bestela hil egingo litzateke eta. Lehen aldiz hegan egin ostean, kabitik gertu egon ohi dira independizatzen diren arte. 4 edo 5 urterekin ugaltzen dira lehenengo aldiz.

Mitologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Saia oso animalia garrantzitsua izan zen zeltiberiar kulturan. Gerretan hildakoen gorpuak beraien janaritzat uzten zituzten (horrela beraien arima zeruko jainkoekin joango baita). Egiptoarrek errespetu handiz tratatzen zuten hegazti hau eta Nesten irudi bezala zuten. Beraien ustez, saiak ikuspena adierazten zuen, zeruarena, urtearena eta abar begiztatzeko. Amatasuna ere adierazten zuen, ez baizuten sinisten bi genero zeudenik eta modu berezi batean ugaltzen zirela pentsatzen zuten. Ikusmena adierazten zuen animalia guztien artean zorrotzena zuena pentsatzen zutelako. Judutarrek animalia ezpurua konsideratzen zuten, Jehovak jatea debekatu baitzien.