Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Santa Klara uhartea

Santa Klara uhartea

Santa Klara uhartea uhartea Kontxako badian aurkitzen da, Donostiako hiriaren aurrean. Txikia den arren (5,1 hektarea bakarrik), lur malkartsua du eta 48 m-ko altuera du.[1]

Iraganean lur finkoari lotutako penintsula bat izan zen. Egun, ordea, portutik itsasontzian iritsi zaitezkeen uhartetxo bat da, batez ere udan, jende askok bisitatzen duenean. Udan zerbitzu arrunt bat egoten da martxan, sorosleak daude, dutxak, taberna bat eta itsasbehera denean bakarrik agertzen den hondartza txiki bat. Uhartearen gainaldean itsasargi bat dago eta deskantsatzeko guneak daude mahaiekin.

Denboraren poderioz, landaredia aldatu egin da giza jarduerarengatik, eta orain landare asko eta mota ezberdinetakoak hazten dira, bai bertakoak eta baita kanpotik ekarritakoak ere: pikondoak, hirustak, urkiak, milazkak eta iratzeak.

Animaliei dagokionez, bertan bakarrik bizi den sugandila bat nabarmentzen da, Podarcis hispanicus sebastiani deiturikoa. Kaio hankahori asko ere badaude, eta batzuetan ubarroi mottoduna eta martin pottorroak ere ikusi daitezke.

Uharteak natura, historia eta aisialdia batzen ditu, eta horregatik bisitatzeko toki berezi bat da.

Santa Klara uharteak historia handia du. 1220an, Asisko Frantziskok lekua bisitatu zuen eta gaixotu egin zen. Sendatzen ari zela, uhartean ermita bat eraikitzeko ideia sortu omen zen. Santa Klara izena Clara Scifiren izenetik dator, Frantziskoren laguna eta klaratarren ordenaren sortzailea izan zenaren izenetik. 1362. urtean, uhartearen goialdean ermita bat eraiki zuten, eta urteekin aldaketak izan zituen.

XVI. mendean, izurriarekin gaixorik zeudenak hara eraman zitzuten bakartzeko. Saiakerak ere egon ziren kostatik bide bat eraikitzeko, baina inoiz ez zituzten amaitu. Hala ere, itsasoa oso behean dagoenean oinez egin daiteke bidearen zati bat.

1813an, soldadu anglo-portugaldarrek uhartea hartu zuten frantsesen aurka borrokatzen. Mendeetan zehar, itsasargia zaintzen zuten farozainak oso baldintza gogorretan bizi ziren, ia ermitauak bezala.

XX. mendean Maria Kristina Austriakoari eskainitako monumentu bat eraikitzea pentsatu zuten, baina inoiz ez zen egin. 1956tik aurrera, “Amigos de la Isla” elkarteak asko hobetu zuen lekua: edateko ura, tabernak, dutxak eta mahaiak jarri zituzten. Urtero abuztuaren 11n festa bat ospatzen dute Santa Klararen ohoretan.

Txillardegi idazleak bertan idazten zuen eta liburu bat eskaini zion. “La Oreja de Van Gogh” taldeak ere kanta batean aipatzen du. 2021ean, Cristina Iglesias artistak “Hondalea” izeneko eskultura bat inauguratu zuen uhartearen itsasargian.

Santa Klara uhartea, beraz, historia, arte eta natura uztartzen dituen toki bat da.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Santa Klara uhartea» Euskarazko Wikipedia 2022-03-06 (kontsulta data: 2025-07-04).