Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Xaria

Eduki-taula

Agintari erlijioso musulmanak

Xaria islamaren erlijio-legedia da. Horregatik, lege islamiar ere deitzen zaio. Agintari musulmanek sortu eta idatzi zuten VII. eta VIII. mendeen artean. Musulmanen ustez, xariak Alaren (Jainkoaren) agindu edo arauak adierazten ditu, musulmanek nola bizi behar duten azaltzen dutenak. Arabieraz, xaria hitzak "bidea" esan nahi du.

Xaria ez da lege multzo bat soilik, musulmanen jokabidea ere arautzen du. Lege guztiek bezala, xariak musulmanei zer egin dezaketen eta zer ez esaten die. Delitu batzuek merezi dituzten zigorrak ere aipatzen ditu. Baina xariak musulmanei pertsona onak izateko zer egin behar duten ere esaten die, bakarrik daudenean ere.

Xariak musulmanen bizitzetako alderdi guztiak arautzen ditu. Jendaurrean edo diruarekin nola jokatu behar duten adierazten du, eta baita familiarekin izan behar duten jarrera ere. Xariak zer jan dezaketen eta zer ez ere arautzen du.

Xariaren zati oso garrantzitsu bat erritu edo erlijio-ohiturei buruzkoa da. Egunean zenbat aldiz eta nola errezatu behar duten azaltzen da bertan, esate baterako. Beste hainbat erlijio-ohitura garrantzitsu ere azaltzen ditu, hala nola barau egitea (ordu jakin batzuetan ez jatea) eta erlijio-erromesaldi edo bidaiak egitea.