Wikipedia, Entziklopedia askea
Musulmanen banaketa munduko mapan

Musulmanak islam deritzan erlijioaren jarraitzaileak dira. Erlijio berbera partekatu arren, badaude desberdintasun batzuk leku batetik bestera; hori dela eta, hiru talde nagusi daude musulmanen artean: sunniak, xiiak eta sufiak. Lehendabiziko biak dira fededun gehien dituztenak.

Mundu osoan, 1.700 milioitik gora musulman daude, eta munduan dagoen bigarren erlijiorik zabalduena da, kristautasunaren ondoren. Musulman gehienak Arabiar penintsulan, Afrikako iparraldean eta Asiako hegoaldean bizi dira, baina Europan ere badira asko, XX. mendean immigratutakoak.

Musulmanen erlijioa VII. mendean sortu zuen Mahoma izeneko profeta arabiar batek. Musulmanentzat, Mahoma ez da jainkoaren semea, profeta bat baizik, jainkoaren hitza ezagutarazten duen norbait, alegia. Bere jarraitzaileei, Mahomak esan zien amets batean Gabriel aingeruarekin hitz egin zuela eta aingeruak Ala edo jainkoaren hitza ekarri ziola. Mahomak kontatutakoa Koranean idatzita dago, musulmanen liburu sakratuan.

Musulmanen erlijioaren oinarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Koran liburu sakratuak jasota dago musulmanek egin behar dutena edo egin behar ez dutena. Musulman guztiek bost eginbehar nagusi bete behar dituzte, normalean "Islamaren zutabeak" deitzen direnak:

  • Lehenengoa eta garrantzitsuena: jainko bakarra dagoela onartu behar dute, eta haren profeta Mahoma izan zela.
  • Bigarrena: otoitza. Musulmanek egunean bost aldiz egiten dute otoitz. Ostiraletan komunitatea meskita izenez ezagutzen den eraikin edo otoileku batean biltzen da, otoitz egiteko.
  • Hirugarrena: karitatea.
  • Laugarrena: baraua, hau da, ez jatea eta ez edatea Ramadanaren hilabete sakratuan, egunsentitik iluntzera arte.
  • Bosgarrena: Saudi Arabian dagoen Meka izeneko hiri sakratura erromesaldia edo bidaia egitea, bizitzan behin gutxienez egin beharrekoa.

Argazki galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]