
Zoologia animaliak eta haien bizitza aztertzeaz arduratzen den biologiaren adarra da. Zoologian diharduten zientzialariak zoologoak dira. Zoologo garrantzitsuenetako bat Charles Darwin izan zen, eboluzioaren teoria garatu zuena.
Zoologiak era eta tamaina guztietako animaliak aztertzen ditu, hasi ameba txikietatik eta balea handietaraino, eta hainbat alor lantzen ditu, hala nola espezieen biologia (nola bizi diren), fisiologia (nolakoak diren), nolako portaera duten, banaketa eta ekologia.[1]
Zer ikertzen dute zoologoek?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zoologo batzuek animalien gorputzak eta haien bizimodua aztertzen dituzte. Animaliek nola jokatzen duten, haien gorputzek nola funtzionatzen duten edo inguruan nola bizi diren ikertzen dute. Beste zoologo batzuek animaliek denboran zehar izan duten bilakaera edo aldaketa aztertzen dute.
Animaliak beren habitat naturalean aztertzen dituzte zoologoek. Batzuetan, laborategira ere eramaten dituzte, hurbilagotik aztertzeko. Animaliak marraztu edo argazkiak ateratzen dizkiete, edo mikroskopio batekin behatzen dituzte. Askotan, zoologoek liburuak edo artikuluak idazten dituzte aztertutako animaliei buruz.
Beste zoologo batzuek desagertu diren edo jada bizi ez diren animaliak aztertzen dituzte. Horretarako, desagertutako animalien fosil edo hondarrak erabiltzen dituzte. Desagertutako animalien ahaide bizidunetan ere oinarritzen dira aspaldiko espezie galdu horiek nola bizi ziren ulertzen.
Zoologiaren adarrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zoologiaren barruan zenbait adar bereizten dira. Horietako bakoitzaren izena aztertzen den animalia-taldearen araberakoa da. Adibidez:
- Entomologia: intsektuak aztertzen dituen adarra da. Izan ere, antzinako grezieraz ἔντομον (entomon) hitzak 'intsektua' esan nahi du, eta λόγος (lógos) hitzak, berriz, 'ikerketa'.
- Herpetologia: narrastiak eta anfibioak ikertzen dituen adarra da. Izan ere, ἑρπετόν (herpeton) hitzak 'narrastia' esan nahi du.
- Ornitologia: hegaztiak ikertzen dituen adarra da. Izan ere, ὄρνις (ornis) hitzak 'txoria' esan nahi du.
Bestalde, animalia-espezie guztiak eta horien banaketa esploratzen eta sailkatzen dituen zientzia-alorrari Taxonomia deitzen zaio.
Zoologiaren historia apur bat
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gizakia antzinatean hasi zen animaliekiko eta horien forma-aniztasun izugarriarekiko interesa izaten. Antzinako Grezian, K.a. IV. mendean, Aristotelesek espezie asko deskribatu zituen, eta horien sailkapen bat ere egin zuen. Atera zituen ondorio asko, ordea, ez ziren oso zientifikoak, esperimentazioetan oinarritzen ez zirelako. Pizkundean bihurtu ziren zoologoak benetako zientzialari, eta XVIII. mendean hasi ziren animalien eta landareen sailkapen sistematikoa egiten (taxonomia).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- ↑ «Zoologia» Euskarazko Wikipedia 2022-03-06 (kontsulta data: 2025-07-04).