Edukira joan

Zerbitzuen kartak

Wikipedia, Entziklopedia askea

Zerbitzuen Kartak erakunde publikoek eskaintzen dituzten zerbitzuak kudeatzeko tresnak dira. Hauen bitartez, herritarrei eta oro har gizarteari kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko konpromisoa hartzen dute eta zerbitzuen kalitatea neurtu, jarraitu eta hobetzeko erabiltzen dira.

Lehen aldiz Britainia Handian ezarri ziren, John Major lehen ministroaren Citizens Charter ekimenaren baitan, eta ordutik hona herrialde askotako erakundeetara zabaldu dira, batez ere udal arloan. Euskal Herrian batez ere Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako herri erakundeetan ezarri dira, azken urteetan Zerbitzuen Kartak ezartzeko zenbait eredu sortu direlarik; esate baterako, EUDELek sortutakoa, edo Q-epea herri administrazioen kudeaketa aurreratuko sareak sustatzen duena.

Zerbitzuen Karta baten helburuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondorengoak dira:

  • Zerbitzuei buruzko informazio argia eta osoa ematea
  • Zerbitzuen kalitate mailaren inguruan konpromisoa hartzea
  • Zerbitzuen etengabeko hobekuntzarako prozesu sistematikoa ezartzea
  • Herritarrei zerbitzuen inguruan kontu ematea
  • Herritarren partaidetza eta lankidetza bultzatzea

Zerbitzuen Karta baten edukiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek dira Zerbitzuen Karta batek izan beharko lituzkeen gutxieneko edukiak:

  • Zerbitzuaren xedea
  • Harremanetarako datuak: helbideak, ordutegiak, garraiobideak, web orriak, etab.
  • Eskaintzen diren zerbitzuak
  • Zerbitzuen kalitateari buruzko konpromisoak
  • Konpromisoak neurtzeko bideak eta adierazleak
  • Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak
  • Araudi aplikagarria
  • Konpromisoak ez betetzean ezarriko diren neurri zuzentzaileak

Zerbitzuen Karten kudeaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goian aipatu den bezala, Zerbitzuen Karta kudeaketarako tresna bat da. Hau da, azken produktua informazio eta konpromisozko liburuxka den arren, atzetik kudeaketa sistema oso bat ezartzea eskatzen du, zerbitzuen ezaugarriak aztertu, erabiltzaileen beharrak identifikatu, konpromisoak zehaztu, adierazleak neurtu eta jarraitu, aldian aldiro jarraipena egin eta hobekuntzak ezartzeko neurriak abian jarri ahal izateko. Kudeaketa sistemaren azken helburua zerbitzuaren etengabe hobekuntzarako zikloa ezartzea eta abian jartzea da. Baina honekin batera, helburuak izan daitezke zerbitzuak sustatzea, informazioa hobetzea edo erakundearen agerikotasuna areagotzea.