Adipozito

Wikipedia, Entziklopedia askea

Adipozitoa lipidoen metaketan espezializatutako zelula da. Lipido edo gantzak oso erreserba molekula egokiak dira, pisu gutxi eta bolumen txikiarekin energia kimiko asko gordetzen dutelako.

Adipozitoak ehun konektibo arruntean aurki daitezke, beste zelulen artean talde txikiak eratuz. Dena den, organismoaren zenbait tokitan oso ugariak dira eta kasu horietan gantz ehuna edo ehun adipotsua aipatzen da. Azken ehun hau organismoaren erreserba energetiko handiena da.

Adipozito motak

Bi gantz ehun mota daudenez, bi adipozito mota bereizten dira:

  • Adipozito txuriak. Gantz ehun txurian daude. Lipido kantitate handiak dituzte eta nukleo lauak. Koipea egoera erdilikidoan dago eta bere osagaiak batez ere triglizeridoak eta kolesterol esterrak dira.
  • Adipozito arreak. Gantz ehun arrean daude. Forma poligonala dute eta adipozito txuriek ez bezala zitoplasma asko dute, lipidoak bertan dispertsatzen direlarik. Nukleo borobila dute eta beren kolore arrea mitokondrio asko izatearen ondorioa da. Gorputzeko tenperatura mantentzeko baliogarriak dira.

Ikus, gainera