Aixerrota
Koordenatuak: 43°21′33.56″N 3°1′8.96″W / 43.3593222°N 3.0191556°W
Aixerrota Galea lurmuturrerako bidean kokaturik dagoen haize-errota da, Getxoko (Bizkaia) Elexalde auzoan.
Errota 1727. urtean eraiki zen, Bizkaiko Jaurerriak XVIII. mendearen hasieran pairatzen zegoen lehortearen ondorioz. Antza denez, ingeles batek eraiki zuen, funtzionatzeko ura behar ez zuen haize-errota bat lortu eta era horretan, aberasteko. Dena dela, eraiki eta gutxira etorri ziren berriro euriak eta ur-errotak berriro hasi ziren lanean, denboraren poderioz Aixerrotakoa erabilpen gabe geratu zelarik.
Aixerrotaren arkitektura beste Bizkaiko haize-erroten antzekoa da, hots, kono moztuaren forma du, Mantxako haize-errotek ez bezala, zeinak zilindrikoak diren. Bestalde, Mantxako errotak XVI. mendearen bukaeran eraiki zituzten eta Bizkaiko haize-errotak (Aixerrota barne) XVIII. mendearen hasieran.
Gaur egun, XX. mende bukaeran eginiko birmoldaketa dela medio, arte galeria bat dago errotan eta, alboko eraikinean, jatetxe bat.
Azkenik, Elexalde auzoko institutuak (Aixerrota BHI) haize-errotaren izena darama.