Arantza Burgoa Agirregomezkorta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Arantza Burgoa Agirregomezkorta, beste kirol birekin batera, erdian.
Arantza Burgoa Agirregomezkorta, beste kirol birekin batera, erdian.

Arantza Burgoa Agirregomezkorta (Ondarroa, 1965) kirolaria eta gorputz hezkuntzako irakaslea da. Kirol ezberdinak probatu ditu gaztea zenetik, baina orokorrean triatloi munduan ibili da. Horrez gain, emakumeak espazio pribatuetan kirola egitetik espazio publikoetara ateratzeko proiektuak dinamizatzen ere badabil, hala nola, Aringaingan taldea.[1]

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaztetan mendi irteerak egiten hasi zen Aurrera Mendi Taldearekin, eta beranduago, atletismo taldean ibili zen Zubi Zahar ikastolan, Jesus Mari Naberan ondarrutarraren eskutik. Ikastolatik institutura pasatu zenean atletismoan jarraitu zuen, eta beste bi talde pasatu zituen: Zornotzako atletismo taldea eta Donostiako Atletico San Sebastian. Handik, Madrilera joan zen INEF ikastera. Madrilen ikasi bitartean, lehiatzen jarraitu zuen.

Madrileko ikasketak amaitu ondoren, Ondarroara bueltatu zen, eta herrian, igeri taldeko nagusiak entrenatzen hasi zen. Ondarroako igeri taldean hasieratik izan dira dute emakumeek entrenatzaile ardura: Elena Fernandezen gidaritzan hasi zen martxan, gero Arantza Burgoa sartu zen eta beranduago haren ahizpa, Edurne Burgoa. Hezkuntzan eskolak ematen hasi zenean utzi zion Ondarroako igeri taldea entrenatzeari, eta haren lekukoa hartu zuen Edurne Burgoak.

Kros mistoetan parte hartzen hasi zen, eta ostean, 2009an, triatloiak egiten hasi zen. Beranduago, entrenatzailea hartu zuen. Bien bitartean mendiko zeharkaldiak ere egiten zituen.

Bultzatutako proiektuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arantza Burgoak hainbat proiektutan parte hartu izan du emakumeak kirola kalean egitera bultzatuz.

Kalamendira ondarrutar bat egunero[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2011an udalean kirol zinegotzi ardura hartu zuen. Kanpainen bidez jendea kirolera bultzatu nahi izan zuen udal taldeak. Agintaldi horretan erronka bat antolatu zuten: urtebetean egunero Kalamendira ondarrutar bat igotzea. Horren bidez, neskak mendian kirola egitera animatu nahi izan zuten.

Nesken taldeak kirol taldeetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sasoi hartan, Aurrera Kirol Elkarteari eta Ondarroa Arraun Elkarteari nesken taldeak ateratzeko eskatu zieten. Bi elkarteek sortu zituzten nesken taldeak (futbolean gaur egun bakarrik neska txikien taldea mantentzen da).

Aringangan proiektua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beranduago, Ondarroako Udaleko Berdintasun Sailak Aringaingan proiektua dinamizatzeko proposatu zion: emakumeak herrian aringa-aringan egitera irteteko ekimena. 2014an hasi zen Burgoa proiektu horrekin. Proiektuak martxan jarraitzen du, eta hango kideek lasterketa eta triatloietan parte hartzen dute.

  1. «Kirola: krisiak kanalizatzeko bidea» 11barri (Noiz kontsultatua: 2024-02-16).