Arma biologiko

Wikipedia, Entziklopedia askea
EnzaiBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 23:05, 27 apirila 2015
Kutsapen biologikoa adierazten duten nazioarteko ikurrak.

Arma biologikoa -arma bakteriologikoa ere deitua- pertsonak, animaliak edo uztak kaltetzen dituen bizidun patogenoz edo beren toxinez osatutako materiala da, arlo militarrean erabil daitekeena, etsaia kaltetzekotan. Bakterioak, birusak eta toxina bakteriarrak dira arma biologiko moduan gehien erabiltzen direnak.

Arma biologikoak bi eratan erabili ohi dira: aerosolen bidez eta ur eta janari kutsatuen bidez.

Aerosola gas batean daude partikula txikiez -solidoz ala likidoz- osatutako esekidura da. Partikula txiki horiek mikrobio patogenoaren eramaileak dira. Aerosolen inhalazioak edo arnasteak infekzioaren sarbidea ekartzen du. Bacillus anthracis-en (karbunkoaren eragilea) esporak, esaterako, aerosolen bidez erabili dira karbunkoa zabaltzeko bioterrorismoaren ekintza batzuetan.

Ur potablearen kutsapenak kolera edo sukar tifoidea bezalako gaitzak zabal dezake erasotutako populazio batean.

Arma biologikoetan erabilita hainbat gaixotasun eragin eta hedatu daitezke: karbunkoa, ebola, kolera, tularemia, bruzelosia, Q sukarra, tifusa, sukar horia, botulismoa...

Etsaiari kalte egiteko aspalditik erabili da guda biologikoa, bizidunek sortzen duten substantzia toxikoen ahalmen kaltegarriari onura ateraz. Erdi Aroan, adibidez, ohikoa zen hiri setiatu baten ur-hornidura kutsatzea, deskonposizioan edo usteltzen ari ziren hilotzak erabiliz edo kolerak, baztangak edo izurri beltzak hildako gorpuak ur-horniduretan sartuz, gaitz horiek etsaien artean zabal zitezen.


Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Arma biologiko Aldatu lotura Wikidatan


Arma mikrobiologikoak