Big Beñat

Wikipedia, Entziklopedia askea
Big Beñat
Fermin Muguruzaren musika-lana
Egilea(k)Fermin Muguruza
Sorrera-urtea2001
Ezaugarriak
Hizkuntzaeuskara
Deskribapena
Honen parte daFM 99.00 Dub Manifest

Big Beñat 2001ean Fermin Muguruzak Korrikarako sortu zuen abestia da. FM 99.00 Dub Manifest albumean argitaratu zen. Euskal tradizioa orduan hasiberria zen XXI mendearekin uztartzeko ahalegin bikaina egin zuen. Arrakastarik handiena izan duen bideoklipa izan da.[1][2][3]

Korrikako kantuen artean birritan agertzen da Fermin Muguruzaren izena; euskaldun berria eta 'AEK-ko beteranoa' denak bitan egin baitu Korrikako kantua. 1999ean 'Big Beñat' kantua erabili zuen eta 2019an, berriz, 'Klika Korrika' kantua sortu zuen. Azkeneko horretan La Furia eta Mad Muassel gonbidatu zituen abestera. Kanta bietan euskal mundu tradizionala eta mundu global berria uztartu nahi ditu erritmo dantzagarrian.[2]

Grabazioan parte hartu zuten nazioarteko musikariek ezin izan zuten parte hartu Korrika-bukaerako festan. Baina horien ordez Biarritzeko Itsas-argi ikastolako umeekin aritu zen Muguruza.[4]

Bertsioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fermin Muguruza eta Biarritzeko ikastolako haurrak 2001eko Korrikan bukaerako jaian Big Beñat kantatzen[4]

Lau bertsio argitaratu zituen Esan Ozenkik 2001ean:[5]

  • Big Beñat: mundu bat bildu!
  • Big Beñat: Korrika badator (Miarritzeko ikastolako umeen ahotsak)[4]
  • Big Beñat (Xabi Pery erremixa)
  • Big Beñat (Javi PZ3 erremixa)

Globala eta lokala uztartzen[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2001eko Korrikaren leloarekin bat egin zuten kanta ("Mundu bat euskarara bildu"), globalizazioaren erasoen aurkako mezua plazaratuz, hizkuntza eta kultura txikiak irentsi eta desegiten dituen prozesuaren kontra. Hala ere, Muguruzak ikuspegi baikorra agertu zuen Euskal Herriak globalizazioaren aurrean agertzen ari zen jarrera dela eta: «Uste dut herri batek organismo bizidun batek bezala erantzuten duela erasoen aurrean, eta autodefentsarako tresnak bilatzen dituela. Gure kasuan ere, iruditzen zait gero eta autodefentsa handiagoa sortzen ari dela globalizazioaren erasoen aurrean». Ildo horretan, munduko leku askotan erantzun bera ematen ari dela adierazi zuen, eta edozein bazterretan Euskal Herrian ematen den erantzunekin identifikatuta sentitzen direla azaldu zuen.[6]

Janari azkarra eskaintzen duten multinazionalen aurrean euskal tradizioan sortutako janariaren alde lokalki egiteko eskatzen dute hitzek.[4]

Fermin Muguruza.

Bideoklipa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai horretan euskal zineman oso berritzaileak ziren Telmo Esnal eta Kixi-rekin (Asier Altuna) sortu zuen bideoklipa Muguruzak. Modernitatea eta nekazal giroa batera agertzen ziren; adibidez, hasieran Beñat nekazari klasikoak belarra mozten zuen parke teknologiko batean, edo harri-jasotzaileak Fenwick orga batekin jasotzen zuen harria. Globala eta lokala uztartzearen aldeko aldarria erakusten da, baina eredu berrien derrigorrezko ezarpenik gabe ("Uztartzea da bat, bestea ezarpena / Elkartrukatu edo derrigortu ereduak") Janari azkarren kontrapuntuan ("Macdonalizazioa"), urteetan herrietako festetan ibilitako "Saltxitxauto" furgoneta herrikoia azaltzen zen bideoklipean kilometro 0-ko janari gertu eta gozoa eskaintzen. [2]

Hitzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Muguruza 2001eko Korrikan (Egunkaria, 2001-04-07)

Korrika badator!
Yeah! yeah! yeah! yeah! yeah!
Badator!

Korrika, herri bat mugimenduan
Badator ta Big Beñatentzat
Beste ezinezko misio bat
Mundu bat bildu da kontsigna
Ezin huts egin gure antiheroiak
Big beat-a erritmo erraldoiaz
Nor ez du martxan jarriko horrelako deiak?
Gas-Gasteiztik
Bai-Baionarat

Mende berri bat hasteko dugu Korrika
Buruan mundua, makina jendea
Pentsatu globalki ta ekin lokalki ez al da?
Euskaldunak gara eta mundukideak
Uniformetasunetik at gizakiak
Ez kasko transgenikoak ez zenbakiak
Bizirik, mugaegunik ez baitu euskarak
Modernizatzea bada izan gisakoa
Barra kodea tatuatu nire ipurdian

Begira ezazu... Big Beat Beñat
Begira ezazu... Big Mac Behera

Korrika Badator... Big Beñat buru
Uh, uh, uh, uh, uh, uh...
Mundu bat bildu! (errepika)

Macdonalizazioa, kultur globalizatua
kontsumitu plastikoa, janari azkarra bezala
Uztartzea da bat, bestea ezarpena
Elkartrukatu edo derrigortu ereduak
Big Beñat, babarrunak eta aza popularra
Suge tako mexikarra eta pa amb tomàquet
Gazta eta intxaurrak, Lurra ez baita zolua
Bazter dezagun behingoz kaka zahar-zaharra

Begira ezazu... Big Beat Beñat
Ttipi ttapa, ttipi ttapa... KORRIKA
Ttipi ttapa, ttipi ttapa... KORRIKA

2001eko Korrika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gasteizen abiatu zen eta Baionan bukatu. Alaveseko jokalaria zen Antonio Karmona bermeotarrak egin zuen lehenengo kilometroa. Honen lekukoa Juan Jose Ibarretxe lehendakariak hartu zuen, korri egin duen lehendakari bakarra da oraindik ere. Omendua Bertsozale Elkartea izanik azken erreleboa Euskal herriko txapelduna zen Andoni Egañak egin zuen, mezua ere berea baitzen. Omenaldia gauzatzeko ekitaldia Donostiako Kursaal jauregian egin zen, berritzailea zen formato batean. Ekitaldia bera grabatu ere egin zen eta bideo formatuan atera Koldo Izagirreren testua oinarri eta Eneko Olasagastiren zuzendaritzapean.[7]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. galeguia. (2009-01-20). Fermin Muguruza - Big Beñat. (Noiz kontsultatua: 2017-09-01).
  2. a b c Garitaonandia, Ane. (2022). KORRIKA KANTUZ KANTU: FERMIN MUGURUZA. Hamaika Telebista (Noiz kontsultatua: 2022-03-30).
  3. de la Maza, Gabi. (2001). Big Beñat (Fermin Muguruza). Gabi de la Maza, Youtube (Noiz kontsultatua: 2022-03-31).
  4. a b c d Petxarroman, Iñaki; Quiza, Pablo. (2001). «Fermin Muguruza eta Miarritzeko ikastolako haurrak 2001eko Korrikan bukaerako jaian Big Beñat kantatzen. AEK: "Euskararen lekukoa euskal gizartearen eskuan dago orain"» Berria (Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003.) (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
  5. «Big Beñat» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-31).
  6. Petxarroman, Iñaki. (2001-04--07). «Esan Ozenki·k eman du lekukoa» Berria (Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003.) (Noiz kontsultatua: 2022-03-31).
  7. Korrika - Auñamendi Eusko Entziklopedia. (Noiz kontsultatua: 2017-08-31).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]