Bronfenbrennerren Teoria Ekologikoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Teoria ekologikoa, Urie Bronfenbrennerrek 1979an argitaraturiko teoria bat da, non testuinguruaren garrantzia azpimarratzen den banakoen garapen-prozesurako. Hezkuntza-eremuan batez ere landu den arren, beste hainbat arlotan aplikagarria eta lagungarria dela ikusi da.

Urie Bronfenbrenner[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urie Bronfenbrenner Sobietar Batasunean jaio zen 1917 urtean. Sei urterekin gurasoek eta berak Ameriketako Estatu Batuetara emigratu zuten. Horrela, Bronfenbrennerren bizitzan trantsizio ekologiko bat eman zela esan daiteke; hau da, testuinguru edo rol aldaketa suposatzen duen bizitza-gertakaria.

Bere aita medikua eta zoologoa zen, baina Europako ekialdeko etorkinei instituzioetan baino ez zitzaien mediku gisa lan egiten uzten. Hortaz, Uriek "Atzerapen mentalerako New Yorkeko estatu-instituzioan" pasa zuen bere haurtzaroko denbora luzea, aita bertako ikerketa-zuzendaria izan baitzen. Zentro hartan sartzen ziren haurren adimen koefizientea modu nabarmenean jaisten zela ikusi zuen Uriek, eta instituzioko langileen etxeetan bizi ziren haurren adimen koefizientea aldiz, igotzen zela behatu zuen. Hori izan zen Bronfenbrennerrek testuinguruaren eraginarekin izan zuen lehen kontaktua.

Izan ere, ildo horretatik egin zuen lan gero; hain zuzen ere, testuinguru ekologikoak arkitektura psikologikoan eta pertsonen garapen psikologikoan duen eragina aztertuz.

Harvard unibertsitatean psikologia ikasi eta tesi doktorala Michiganeko unibertsitatean aurkeztu zuen, berriz ere testuingurua kontuan hartzeko garrantzia azpimarratuz. Banako talde baten estatus soziala, estruktura eta garapena azertu ostean, bere tesiaren ondorioetako bat, banakoa eta taldea garapenean eta elkarrekintzan dagoen unitate organiko bat balitz bezala kontsideratu behar direla izan zen; bere esanetan, ezinezkoa eta artifiziala baita horiek bananduta aztertzea.

Giza-garapenaren ikuspegi ekologikoa, PPCT eredua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giza-garapenaren ikuspegi ekologikoaz hitz egiteko garapenaren ekologia zer den ulertzea ezinbestekoa da. Garatzen ari den gizaki aktibo baten eta haren ingurune hurbil aldakorretako ezaugarrien arteko moldaera aztertzen duen zientzia da garapenaren ekologia. Prozesu honetan, inguru ezberdinen artean ezartzen diren harremanek eta ingurune hauek barne hartzen dituzten kontestuek eragiten dute.

Garapena kontestu baten barnean kokatzeko, hau da, gizakiak bizi diren ingurune errealak aztertzeko beharra ikusi zuen Bronfenbrennerrek.

Horren arabera, giza-garapena, pertsona batek bere ingurua pertzibitzen duen eta harekin erlazionatzen den moduan ematen diren aldaketa iraunkor gisa definitu zuen.

Giza jokaeran eta garapenean ingurunearen pertzepzioak, errealitate objektiboak baino eragin handiagoa du.

Garapenaren definizioan, bi ideia nagusi bereiz ditzakegu:

  1. Garapen psikologikoak denboran eta espazioan luzatzen den jokabidea berrantolatzea eskatzen du.
  2. Aldaketa psikologikoa hautematean eta ekintzan ematen da, aldi berean.

Azken finean, garapena ez dago aldaketa isolatuz osatuta, prozesu bat da.

Testuinguru ekologikoa, bata bestearen barnean kokatutako egitura multzoa da. Hau azaltzeko, sistema ezberdinez osatutako eredua sortu zuen, non egitura bakoitza bestearen barruan kokatuta egongo litzateke, panpin errusiarren antzera.

  • Mikrosistema: Maila barrukoena da eta banakoaren ingurune hurbilak osatzen du: etxea, eskola, lan-eremua... Hauetan rol ezberdinak hartu, harreman interpertsonalak aurrera eraman eta ekintza ezberdinak burutzen ditu gizabanakoak, hiru hauek edozein inguruneko funtsezko elementuak izanik.
  • Mesosistema: Hurrengo maila da, bi mikrosistemen edo gehiagoren arteko harremanek osaturikoa. Adibidez, eskolaren eta etxearen artean ematen diren interakzioak.
  • Exosistema: Garapenean dagoen banakoa barne hartzen ez duten inguruneak dira, baina aldi berean gizabankoari eragin diezaioketen gertaerak biltzen dituztenak. Bikotekidearen lantokia edo semearen ikastetxea, adibidez.
  • Makrosistema: Maila gorenean dago. Mikro-, meso- eta exosistemak barne hartu eta eraldatzen ditu; hau da, kultura, erlijioa, antolaketa sozio-ekonomiko-politikoa...

Kronosistema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Edozein fenomeno psikologiko testuinguru psikologiko batetik abiatu, baina denboran ere luzatu egiten da. Honi, kronosistema esaten zaio eta hainbat kategoria hartzen ditu barne:

  • Mikrodenbora: prozesu hurbilen jarraipena edo etena denboran zehar.
  • Mesodenbora: gertakarien maiztasuna denbora-tarte ezberdinetan zehar (egunak, asteak, hilabeteak...)
  • Makrodenbora: gizartean ematen diren igurikapenak eta aldaketak, gizabanakoaren garapen indibidualean eragiten dutenak.

PPCT eredua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Autoreak bere ereduari PPCT izenarekin egiten dio erreferentzia (gaztelerazko Proceso-Persona-Contexto-Tiempo). Hasteko, prozesua pertsonaren eta kontestuaren arteko erlazio aldakorra litzateke. Prozesu proximalak genotipoa fenotipo bihurtzen laguntzen duten mekanismoak lirateke, organismo aktibo baten eta bere inguruko pertsona, objektu eta sinboloen arteko elkarrekintza prozesuak, hain zuzen ere. Interakzio hau denbora-tarte ezberdinetan zehar jarraitasun batekin eman behar da eraginkorra izateko (kronosistemaren eragina). Gero, pertsona dugu, aspektu biologikoa, kognitiboa, emozionala eta konduktuala biltzen duen banakoa. Azkenik, kontestua edo ingurune ekologikoa legoke; hau da, mikro-, meso-, exo- eta makrosistema.

Aldagai hauek giza-garapenaren analisian maila biologikoa, psikologikoa eta konduktuala integratzeko beharra azpimarratzen dute eta hortik abiatuta, autoreak teoria biologikoa planteatu zuen. Gaur egun, garapena prozesu multzo bat bezala ulertzen da, pertsonaren zein ingurunearen ezaugarriek elkarri eragiten dietenean eta horrela pertsonaren ezaugarri biopsikologikoetan aldaketak eragiten dituztenean ematen dena.

PPCT ereduaren adibide bat:[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1964an,[1] jaioberrien pisuaren (baxua edo arrunta) eta haur horiek 2-4 urterekin zituzten portaera arazoen arteko erlazioa aztertzeko ikerketa bat egin zen talde sozioekonomiko ezberdinetan. Helburua, amaren eta seme/alabaren arteko harremanaren kalitateak zuen eragina aztertzea zen.

PPCT ereduaren araberako analisia, prozesuen azterketarekin hasten da. Ikerketa honetan, prozesu proximalak denboran zehar ematen diren amaren eta haurraren arteko elkarrekintzak lirateke. Gero, pertsona atalak, ikerketan parte hartu zuten haurrak hartzen ditu barne. Hauek sailkatzeko, jaio zirenean pisatu zutena (gutxi edo normal) eta 2-4 urterekin aurkeztu zituzten jokabide arazotsuak erabili ziren. Kontestua definitzeko, etxeak osatutako mikrosistema eta egoera sozial zein ekonomikoak (estatus baxua, ertaina edo altua) erabili ziren. Amaitzeko, denbora neurtzeko, jaio bezain laster, 2 urterekin eta 4 urterekin egindako behaketak erabili ziren.

Teoria bioekologikoaren arabera, prozesu proximalek jokabide arazoak baretu beharko lituzkete, eta hori izan zen hain zuzen ere emaitzek azaldutakoa. Hau da, ikerketak frogatu egin zuen amaren eta haurraren arteko interakzioak eragin erabakigarria duela haurraren portaeran. Prozesu proximal horren boterea gainera, kontestuaren edo klase sozialakren arabera aldatu egiten dela ikusi zen.

Bronfenbrennerren teoriaren hezkuntza-printzipio batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bronfenbrennerrek teorien aplikagarritasunari garrantzi handia ematen zion, haien ondorio praktikoei. Hortaz, hezkuntza arloan giza-garapena nola hobetu zitekeen topatzea, bere bizitzako helburu nagusietarikoa izan zen. Hauek dira teoria ekologikotik ateratako hezkuntza-printzipio batzuk[2]:

  • Zientzia, politika sozialaren menpe egon behar da. Izan ere, politika sozialak arazotsuak diren egoera errealak topatzen lagundu eta zientziak, kasu honetan teoria ekologikoak, horiek erantzun behar ditu. Gizartearen politikaren eta hezkuntzaren arteko harremanak ezartzeko modu bat litzateke zientzia.
  • Ingurune ekologiko batek garapen prozesuentan modu positiboan eragin dezan, bi baldintza osagarri bete behar dira.
  1. Lehen mailako garapenerako kontestu bat sortu, non ikaskuntza gidatua izango den (Vygotsky-ren Garapenaren Zonalde Hurbilaren parekoa).
  2. Bigarren mailako garapen kontestu baten sorrera, ikasitakoa aplikatzeko (Vygotsky-ren Garapenaren Zonalde Hurbilaren parekoa).
  • Lotura afektibo sendoak eman behar dira helduen eta haurren artean sentimendu positiboak sortu eta ekintzak errazago barneratzeko. Aldi berean, honek banakoa errealitatearen azterketan, manipulazioan, lanketan eta irudikapenean motibatzea eragingo du.
  • Zainketarako kurrikuluma-ren sorrera; hau da, ikasleek ez ikastea zer den edo nola egiten den, baizik eta egiten (ekintzaren bidez) ikastea.
  • Baliabide ekonomiko baxuko haurrei eta haien familiei hezkuntza, osasun eta gizarte-zerbitzuak eskaini behar zaizkie.
  • Mesosistemen garrantzia azpimarratzen du, horien garapena areagotuko dela esanez konfiantza, positibismoa, helburu amankomunak eta botere berdintasuna ematen badira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Drillien, C. (1964). The growth and development of prematurely born infants. Edinburgh: Livingston.
  2. Gifre, M. eta Esteban, M. (2012). Consideraciones educativas de la perspetiva ecológica de Urie Bronfenbrenner. Contextos educativos, 15, 79-92.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]