Coriako mahai-zapi sakratua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Coriako mahai-zapi sakratua
Historia
Kokapena
KokapenaCoriako katedrala
Ezaugarriak
Dimentsioak90 (zabalera) × 432 (luzera) cm

Coriako mahai zapi sakratua erlikia bat da, Jesusen Azken Afaria ospatu zeneko mahaian egon zen dafaila dela esaten da. Coriako katedralean dago, Extremaduran, Espainian.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Objektu honen aipua dakarren lehen dokumentu-erreferentzia 1404koa da: Benedikto XIII.a antipapak bulda bat eman zuenean, zapiaren egiazkotasuna ziurtatuz, eta hura gurtzeko maiatzaren 3ko data zehaztuz. Katedraleko dokumentu zaharrago batek, 1370ekoak, ez du bertako erlikien artean aipatzen, eta hortaz 1370-1404 urteen artean iritsiko zen hirira.[1]

Erlikia eta bere gurtza seinalatu hain zen funtsezkoa Corian, non katedralaren egitura arkitektonikoa ere horretara egokitu zen: elizak duen sarrera nagusiak, Ebanjeliloaren Ateak, eraikin itsatsi bat du alde batera non Erlikien Balkoia dagoen, espazio berezi bat mahai-zapia bertatik zintzilik erakusteko. Zapiarekin batera, beste bi erlikia nagusi erakusten ziren egun horretan balkoitik: Arantza Santuaren ale bat, eta Lignum crucis bat, Gurutze Egiazkoaren ezpal bat.

Ohitura hori Juan Álvarez de Castroren apezpikutzara arte mantendu zen (1790-1809), zeinak balkokiko erakustaldi publikoak eten zituen, jendearen grinak zapia arriskuan jartzen baitzuen, jauzika-eta haren pusketez jabetu nahi izaten baitzuten fededunek. Ondoren, katedraleko erlikien kaperan, erretaulan toki berezi bat egin zitzaion mahai-zapiari. Era berean, hura gordetzen zuen zilarrezko kutxatik ageri zela, kutxa hori Ostegun Santuan elizan erakusten zen. 21. mendean, Katedraleko bertako museoan dago ikusgai, zilarrezko kutxa horretan originala, eta luze-luze erakusten den beste erreplika bat mahai batean.

Ustezko benetakotasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Turingo Hil-oihal Santua egiazkoa dela uste duen zientzialari batek, John P. Jackson delakoak, 2006 eta 2007 urteetan aztertu zuen Coriako zapia, eta ondorioztatu zuen Turingoa eta Coriakoak erlazionatuta zeudela, eta are gehiago, biak erabili zirela Azken Afarian. Neurriak, 4,32 m luze eta 0,90 m zabal, Turingo Izara Santukoak bezalakoak dira ia (4,40 x 1,10). Bestetik, Jacksonek dio ohikoa zela juduen ospakizun handietan, eta Pazkoa zen horietako handiena (Azken Afariaren data), juduek bi mahai-zapi erabiltzen zituztela, bata mahaian gaur egunean ohikoa den bezala gainean elikagaiak jartzeko, baina beste zapia jakiak berak gainetik estaltzeko izaten zen. Jesus gurutzean hil ondoren, Josef Arimateak Pilatosengandik gorpua ehorzteko baimena lortu zuelarik, logikoa zatekeen Josefek eskura zeukan afariko zapietako bat erabiltzea, gorputz bat biltzeko aproposa. Jacksoni sinestekotan beraz, Azken Afariko bi mahai-zapi benetakoak gorde dira, bata Turinen hil-oihal gisa, eta bestea Corian.[1][2]

Batzuek esan izan dute, gainera, Leonardo da Vincik margotutako Azken Afarian ageri den mahai-zapi bera dela, bere marra urdinek erakusten omen dutenez.[2]

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erlikien balkoia eta bertatik erakusten ziren beste erlikiak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Gaztelaniaz) EFE. (2019-04-20). «El sagrado mantel de Coria luce de nuevo en la catedral para ser venerado» El Periódico Extremadura (Noiz kontsultatua: 2023-04-05).
  2. a b (Gaztelaniaz) «El mantel de Coria y la Sábana Santa se hicieron a la vez» ELMUNDO 2014-01-05 (Noiz kontsultatua: 2023-04-05).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]