Ekambareswarar tenplua

Koordenatuak: 12°50′51″N 79°42′00″E / 12.8475°N 79.7°E / 12.8475; 79.7
Wikipedia, Entziklopedia askea
Ekambareswarar tenplua
Pancha Bhoota Stalam
Kokapena
Herrialdea India
Indiako estatuaTamil Nadu
Indiako barrutiKanchipuram barrutia
HiriaKanchipuram
Koordenatuak12°50′51″N 79°42′00″E / 12.8475°N 79.7°E / 12.8475; 79.7
Map
KudeatzaileaHindu Religious and Charitable Endowments Department Hindu Religious and Charitable Endowments Department
Kontaktua
E-postamailto:kanchiekambaranathar@yahoo.com eta mailto:kanchiekambaranathar@gmail.com
Telefonoatel:+91-44-2722-2084 eta tel:+91-44-2723-2083
Webgune ofiziala

Ekambareswarar edo Ekambaranathar tenplua Shiva jainkoari eskainitako tenplu hindua da. Kanchipuram hirian dago, Tamil Nadun (India). Saivismoaren sekta indiarrarentzat adierazgarria da "bost elementuekin" lotutako tenpluetako bat delako, Pancha Bhoota Stalas esaten dutenetako bat, bereziki lurreko elementua den Prithvi delakoarekin lotua.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Non eta Kanchipuramen Vishnu jainkoa gurtzen den batik bat tenpluetan, Shivaren lingamak irudikatzen dira hemen nagusiki, ehundaka alerekin, "mila zutabeen aretoa" esaten zaion tokian. Hala ere, tenpluaren barruan bada egitura bat Nilathingal Thundam Perumal delakoa, hau ere tenplua eta Vishnuren gurtzari emana, Divya desam bat, Vishnuismoaren kanonean gurtzen diren 108 tenpluetarik bat[1].

Tenpluaren konplexuak 10 hektarea pasahartzen ditu, eta Indiako handienetako bat da. Gopuram izeneko lau harrera-dorre ditu. Altuena hegoaldeko dorrea da, 11 solairu ditu eta 58 metroko altuera, Indiako tenplu-dorre altuenetako bat da.

Tenpluaren konplexuan areto asko daude; nabarmenena Vijayanagar garaian eraikitako aretoa da, non "Mila zutabeen" korridorea dagoen. Gaur egunera iritsi diren harrizko egitura gehienak Cholako dinastian eraiki ziren IX. mendean, eta ondorengo hedapenak Vijayanagarako agintariei egozten zaizkie[2].

Mango sakratuaren kondaira[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kondairak dioenez, behin Parvatik, Shivaren emazteak, penitentzia egin nahi izan zuen tenpluko mango zuhaitz zaharraren azpian, Vegavathi ibaiaren ondoan[3]. Bere debozioa frogatzeko, penitentzia latzak sufriarazi zizkion han Shivak: sua jaurti zuen bere gainera, eta Parvati jainkosak Vishnu anaiaren laguntzaz itzali zuen hura. Shivak jarraian Ganges ibaiaren uholde bat zuzendu zuen bertara, eta ibaiari berari otoi eginez, senideak zirela frogatuz, gelditu zuen hori Parvatik. Are gehiago, Parvatik hareazko shiva linga bat eraiki zuen, Shivarekin elkartzeko, eta horregatik Shiva Jainkoari hemen Ekambareswarar esaten zaio, Mango Zuhaitzaren Jauna.

Aurrerago, lingam horretara hurbildu zen beste jainkosa bat, Kamakshi izenekoa, eta besarkatu zuelarik idoloa, Shiva bera azaldu zen zerutik eta besarkada hori ezkontza bilakatu zen, mango sakratuaren azpian[4].

Mango zuhaitz bat gurtzen da tenpluan, gertaera horien lekukoa zahar originala balitz bezala, 3.500 urteko zuhaitza bailitzan.


Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Sajnani, Manohar. (2001). Encyclopaedia of tourism resources in India. Kalpaz Pub, 305 or. ISBN 81-7835-014-9. PMC 62541529. (Noiz kontsultatua: 2022-09-28).
  2. (Ingelesez) PBe. (2021-08-13). «[PDF India Through The Ages By Madan Gopal » Panot Book»] Panot Book (Noiz kontsultatua: 2022-09-28).
  3. Jagadisa Ayyar, P. V.. (2000). South Indian shrines. ([Reprint]. argitaraldia) Rupa & Co, 71-72 or. ISBN 81-7167-410-0. PMC 636968998. (Noiz kontsultatua: 2022-09-28).
  4. (Ingelesez) «The place where Lord Shiva and Devi Kamakshi's marriage took place! - Review of Ekambareswarar Temple, Kanchipuram, India» Tripadvisor (Noiz kontsultatua: 2022-09-28).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]