Euskaltzaleak (Azpeitia)

Wikipedia, Entziklopedia askea

Euskaltzaleak Azpeitian (Gipuzkoa) 1931 eta 1936 urteen artean euskara eta euskal kultura indartzen eta zabaltzen lan egin zuen elkarte bat izan zen.

Elkartea 1931. urtearen hasieran sortuko zen, urte hartako otsailaren 2an onartu baitzuen Azpeitiko Udalak bere araudia[1]. Hilabete geroago, martxoaren 8an hain zuzen, Udalak bere egin zuen Galo Barrena elkarteko lehendakariak aurkezturiko proposamena: herriko ikastetxeei eskatzea "ikasleei euskara irakurri eta idazteko ikasgaiak emateko"[1].

Azpeitiko Euskaltzaleak elkarteak "Euskara Eguna, Euskaldun Umearen Eguna, Olerki Eguna eta abar" antolatzeko asmoa erakutsi zuen eta Udalak 1932ko otsailaren 29an erabaki zuen urtero 750 pezetako diru laguntza ematea zeregin horietan laguntzeko[1].

Azpeitiko Udalaren aktetan Euskaltzaleak elkarteari buruz agertzen den hurrengo (eta azken) erreferentzia 1935. urtearen hondarreko bat da. Abenduaren 19an Ildefonso Gurrutxagak azaldu zion Udalari elkartearen proiektua, "euskal kultura indartzeko", eta esplikatu zuen otsailean Bertsolari Eguna ospatuko zutela Donostian, aurrez antolatzen zirela zenbait herritan bertsolarien arteko kanporaketak, eta horietako bat Azpeitian izanen zela, 1936ko urtarrilaren 1ean, "meza nagusiaren ondoren". Gurrutxagak eskatu zuen kanporaketa horretarako Azoka plaza erabiltzea, bai eta bertsolari eta epaileentzako oholtza bat eskatu ere. Udalak erabaki zuen oholtza jartzea, elkarteari sarrera txiki bat kobratzeko baimena ematea, eta jaialdiei ezartzen zieten zerga ez kobratzea[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d Elias, Imanol. (2003). Azpeitiko efemerideak. Herria historian zehar. Azpeitia: Uztarria.