Eztabaida:Wight uhartea

Orriaren edukia ez da onartzen beste hizkuntza batzuetan.
Wikipedia, Entziklopedia askea

Gainontzeko hizkuntzen artikuluetako izenburuak ere Wight izena "uhartea" hitzarekin bat datoz. Gainera nire ustez Wight izen soilaz uharte honetatik at beste artikulu edo gauza ezberdinak ere egon litezke. Ikus, adibidez, ingeleazko Wikipedian Wight izenez burutu den argipen orria. --Euskalduna- 22:12, 2010ko abenduaren 12a (UTC)

Euskaltzaindiaren Europako toponimia fisikoari buruzko arauan (hemen), "filosofia orokorra" da izena soilik erabiltzea euskal izen gisa: Hebridak, Man, etab. Beste hizkuntzetan Island-eta erabiltzea ez da garrantzizkoa, nire ustez, Manen kasuan gertatzen den bezala. --Orereta (erantzunak) 21:23, 12 Abendua 2010 (UTC)
159. arau horretan Wight uhartea agertzen denez (lehen ez naiz konturatu zerrendan agertzen zela), edukia hara eraman dut Euskaldunaren aldaketa deseginez. --Orereta (erantzunak) 23:37, 12 Abendua 2010 (UTC)
Bai, baina Euskaltzandiaren arauak ez du kontutan hartzen Wight izenaz uharte horretatik at beste gauza asko izendatu daitezkela, zer egingo dugu Wight izenaz beste artikulu batzuk sortzen direnean? Euskaltzandiari deitu eta bere arauak jarraitu? Edota praktikotasuna eta zentzua erabili? Dena den ez dut ulertzen nola aldatu duzun orrialdea, oraindik artikulua eztabaidan dagoenean, lehengo egoeran utzi eta adostasun batetara iritsi arte itxaron egin beharko genukeela iruditzen zait edozein aldaketa arinki burutu baino lehen: zure ekintza desegokia iruditzen zait.
--Euskalduna- 22:12, 2010ko abenduaren 12a (UTC)

Orain arte Euskaltzaindiaren izendegi horiei jarraitu diegu, eta ez da arazorik sortu; hala ere, Wight izena duen beste gai ospetsuagoren bat baldin bada, kasu berezitzat har dezakegu, jakina, eta «Wight uhartea» izenburua jarri.

Dena dela, niri, behintzat, «Wight» irakurrita, uhartea bururatzen zait, ez beste ezer. Euskal Wikipedian artikulua merezi duen eta uhartea baino ospetsuagoa den Wight izeneko beste gairik ez baldin bada, egokia iruditzen zait orain arte bezala arau orokortzat Euskaltzaindiaren izendegietako irizpideari jarraitzea.

Orain arte bete dugun irizpide hori, jakina, politiken txokoan eztabaida daiteke, baina gure politiken bigarren paragrafoak hau dio:

«Oro har, Euskaltzaindiaren (Euskararen Akademia Ofiziala) arauak dira jarraitu beharrekoak hizkuntzari dagokionez, kasu gutxi batzuetan izan ezik. Kasu horiek bozketa bidez adostu beharko dira.»

Beraz, uste dut Oreretak ondo jokatu duela, Wikipediako lege oinarri-oinarrizkoa delako Euskaltzaindiaren arauei jarraitzea. Arau horietatik aldendu nahi duen lankidea da bozketa eragin behar duena, artikulu batean Euskaltzaindiaren arauak ez direla bete behar edo gaizki betetzen ari garela uste badu (adibidez, eztabaidatzen ari garen artikulu honetan). --Xabier Armendaritz(nirekin hizketan egiteko) 10:01, 13 Abendua 2010 (UTC)

Barkatu, Euskalduna, zure lana-edo kaltetua ikusi baduzu. Xabier lankideak ondo laburtu du nire asmoa eta ikuspegia. --Orereta (erantzunak) 13:39, 13 Abendua 2010 (UTC)

Bai, baina ez naiz ari Euskaltzaindiaren araua eztabaidatzen, argi dago araua horrela dela. Ni aipatzen ari naizena zera da: Wight uhartearen artikuluaren gainontzeko beste hizkuntzetan Wight uhartea jartzen duela, ingelesez Wight uharteari eguneroko bizitzan Wight bakarrik deituko zaio, baina Wikipedian Wight izen horrekin uharteaz gain beste gauza batzuk ere izendatzen direla, ez da beste hizkuntzetan Wight "uhartea" ezerrengatik egongo, edota ez da ingelesezko Wikipedian Wight izena jarri eta Wight izeneko hainbat artikulu dituen argipen orri bat ezerengatik egongo. Adibide bat: Euskaltzandiaren arauaren arabera euskarazko leku izena Aia litzateke, baina Aia leku izenarekin Aia udalerria, Ataungo Aia auzoa eta Aiako harriak mendiak daude, leku ezberdinak zehazteko, hau Wikipedian zehaztuta dago, nahiz eta Euskaltzaindiak denei Aia soilik deitu. Ongi dago Euskaltzaindiaren arauak jarraitzea, baina gauza bat da arau horiek eredu edo jokamolde gisa erabiltzea eta bestea gauza Euskaltzaindiaren arauak Bibliaren legeak gisa erabiltzea, Wikipediako arau eta baldintzekin ere jokatzen baitugu: Euskaltzaindiak Wight esaten du, baina Wight izena ingelesez oso arrunta da, hortaz, ez dut oker ikusten Wight uhartea izena jartzea uharte jakin bat dela zehazteko, gainera beste hizkuntzetako artikuluetan ere "uharte" hitza atxikitzen bazaio, oraindik eta arrazoi gehiago.
Euskaltzaindiak arau gramatikalak ematen ditu, ez Wikipediako funtzionamenduaren arauak. Nire ustez Orereta eta Xabier, bi gauzak nahasten ari zarete.
--Euskalduna- 15:57, 2010ko abenduaren 13a (UTC)
Bi zehaztapen egin behar dira. Batetik, ingelesez Wight izenburua duen artikulua ez da argipen orria, baizik eta hitz arrunt batena, ingelesez wight hitz arrunta delako. Uharteari buruz ari direnean, horregatik agertu behar du ingelesez isle argipenak beti, sistematikoki, hitz horrekin: ingelesez duten anbiguotasuna argitzeko. Gainera, aipatu duzun argipen orri horretan ez dute aipatu ere egiten Wight uhartea. Beraz, ingelesez Isle of Wight baldin bada, wight hitzak dagoeneko beste esanahi bat baduelako da (baina guk ez dugu uhartea ez den wight hitz hori).
Gero, hizkuntza batzuek mimetikoki jarraitu diote ingelesari eta isle hori kopiatu diote, baina ez guztiek. Eta hemen dator bigarren zehaztapena: beste hizkuntza askotan ere, euskaraz bezala, oraingoz ez dute isle kopiatu:
  1. anglosaxoieraz
  2. bulgarieraz
  3. eslovakieraz
  4. estonieraz
  5. latinez
  6. letonieraz
  7. nederlanderaz
  8. normandieraz
  9. norvegieraz (gehiengoarena den bokmål dialektoa)
  10. polonieraz
  11. txekieraz
Latindar alfabetoa ez duten hizkuntzaren batzuk ez ditut begiratu, baina horiek alde batera utzita ere ez dira gutxi oraintxe uharte hitza aipatzen ez duten hizkuntzak.
Euskararentzako formula bat erabiltzen ari gara: arau orokor gisa, uharte ez jartzea. Edo bozketa eginda politika aldatzen dugu (kasu guztietarako edo kasu honetarako), edo orain arte egiten ari garen bezala eta Euskaltzaindiak bezala ezinbestekoa ez denean ez dugu jartzen (eta artikulu honetan ez da ezinbestekoa). --Xabier Armendaritz(nirekin hizketan egiteko) 17:16, 13 Abendua 2010 (UTC)

Xabier, nik uste ongi dakizula zuk, uharte hitza erabiltzen duten hizkuntzak zuk jarritako zerrenda gutxienez bikoiztu edo hirukoiztu egiten dutela, horregatik "uharte" hitza dutenen zerrenda jartzea ere merezi ez duela iruditzen zait, denera 47 hizkuntzetatik zuk jarritako 11 hizkuntza kendu eta emaitza 36 da, atera kontuak. Ingelesko Isle of Wight mimetikoki kopiatzen dutela? Noski, uhartea Ingalaterran baldin badago, bertako hizkuntzaren izenburua kopiatu beharko, hala? Estatu Batuetako estatuaren izena Rhode Island jartzen den bezala, eta ez Rhode soilik, hori ere denok mimetikoki kopiatu al dugu? Bai. Jatorrizko hizkuntzaren izena baldin bada, ez dakit zergatik euskaraz desitxuratu behar den, 36 hizkuntzek ere berdin idazten baldin badute. Beste gauza bat litzateke, Hebridak, Orkadak, Malvinak... uharteetatik at hitz horiez osatutako beste hitzik ez baitago.

Bestalde, ingelesezko argipen orrialdean Wight hitza aipatzen da, izaki mitologiko gisa, abizen gisa, Dungeons & Dragons telesaileko pertsonaia gisa... eta uharte gisa ez, berezko betiko izena Isle of Wight delako, ez Wight bakarrik, ikus uharte honetako webgune ofiziala. Zuk diozu Wight esanda uhartea bururatzen zaizula, niri berriz ez zait ezer bururatzen, bizi guztian Wight uhartea izenez ezagutu baitut, Jimmy Hendrixek 1970an zein jaialditan jo zuen oroitzean, ez naiz Wighteko jaialdian jo zuela oroitzen bai ordea, Wight uharteko jaialdian, bai euskaraz zein edozein hizkuntzetan.

Kasu berdina da, Man uharterena, atzo Oreretak Man soilera aldatu du, ziur aski Euskaltzaindiak horrela arautu duelako, ongi, baina zer pasatuko da Man hitzez izen bereko aldizkaria, musika taldea, txinako etnia, afrika eta estatu batuetako udalerriak, alemaniar kamioi ekoizlea, finantzial erakundea, etabarren artikulu gehiago sortzean? Ez al da hobe gainontzeko hizkuntzetako artikuluetan bezala Man uhartea jartzea, hobekiago zehazte arren? Euskaltzaindiak uharteak Man izena soilik duela aipatuko du, baina zer pasatzen da bere izendegiaren arabera artikulu baten izenburua hitzez-hitz sortu eta izen horrekin izenburu berdineko hainbat gauza ezberdinen nahasketa sortu daitekeen kasuetan? Ba flexibilitatea ere erabili beharko dela, Euskaltzaindiaren Man hitza aipatuz, eta uharte aipatuz, uharte horretaz ari garela zehazteko

Betiko iritzia dut, Euskaltzaindiaren arauak izenak ongi idazteko edo gramatikarako erabiltzen dira, ez Wikipediaren funtzionamendurako, ongi iruditzen zait Euskaltzaindiako arauak izenak egoki idazteko erabiltzea, baina artikuluei zentzuzko izenburuak jartzeko unean horiek artikuluen izenburuak sortzeko itsu-itsuan jarraitzearekin, hots, hor jada Wikipedian barne arauak badaude. Askoren artean, artikulu baten inguruan adostasun edo bozketa bat burutu aurretik artikulua bere hartan mantentzekoa barne.

--Euskalduna- 18:43, 2010ko abenduaren 13a (UTC)

Ondo zagok ikuspuntu zeharo ezberdinak ditugula ikustea (gaien beste ikuspegi bat ematen dik). Nik, behintzat, euskararen eta euskal Wikipedian aplikatu ditugun arauen ikuspegitik begiratuta, uharte jartzeko baino, kentzeko arrazoi pisuzkoagoak ikusten dizkiat. Bozketa proposatu nahi baduk, aurrera. Ondo izan. --Xabier Armendaritz(nirekin hizketan egiteko) 19:18, 13 Abendua 2010 (UTC)