Fisioterapia COVID-19 pandemian

Wikipedia, Entziklopedia askea

2019-20 urteetan, fisioterapia COVID-19 pandemian erabilitako tratamenduen artean nabarmendu zen. COVID-19 pandemiaren baitan, arnas fisioterapia erabili zen batez ere.[1] Hasierako gaixotasunaren ezagupen urriak tratamendu-ildoak baldintzatu zituen, baina halere lau tratamendu-esparru argi bereiztu ziren COVID-19 paziente positiboen kasuan: etxeko konfinamendu aldia, ospitaleko ingreso arrunta, ospitaleko zainketa intentsiboetako unitatea (ZIU), eta ospitaleko alta osteko aldia, arnas fisioterapiaren helburu orokorrak disnea hobetzea, konplikazioak ekiditea, biriken funtzioa bermatzea, bizi-kalitatea eta antsietate/depresio egoerak hobetzea izanik.[2]

Antolakuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

COVID-19 pandemiak osasun zerbitzuen eskariaren igoera exponentziala ekarri zuen mundu osoan. Horrek fisioterapeuten kolektiboan zenbait egokitzapen egin beharra ekarri zuen, hala nola lanpostuen antolakuntzan aldaketak, zein erretiratuta zeuden edo lan ez-asistentzialetan aritzen ziren profesionalen errekrutatzea. Antolakuntza aldaketa horien barruan, bihotz-biriketako arazoetan eta zainketa intentsiboan esperientziadun fisioterapeutak gaixotasunaren fase kritikoa tratatzen diren guneetara bideratu ziren (ZIU, gaixotasun infekziosoen edo menpekotasun handiko pazienteen unitateak...); enparaua, ospitaletako beste zerbitzuak indartzeko prest geratu zen, fisioterapia arloan zein beharrezkoa ikusten ziren lan auxiliarretan aritzeko. Bestalde, COVID-19aren aurrean erabili beharreko babes neurriek ere (gaixoen kokapena, osagileen NBEak...) antolakuntza premia bereziak ekarri zituzten.[3]

Terapeutika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oro har, COVID-19 pazienteen artean erabiltzen diren teknikak ohiko bihotz-biriketako fisioterapiarenak dira; baina SARS-CoV-2 birusaren transmisioa ekiditeko behar diren babes neurriek baldintzatuta, paziente edo/eta osagileen artean infekzioaren hedapena ekiditeko, teknika hauetan aerosolak sortzen direnez.[3] Paziente hauekin egin beharreko fisioterapia lau tratamendu-esparruen arabera antolatua dago:

Etxeko konfinamendu aldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fase honetan dauden pazienteei zuzendutako fisioterapiak ez du arnas helburu berezirik; batez ere egoera fisiko orokorra ondo mantentzera zuzendua dago.

Paziente hauek multzo bitan bereiz daitezke:

  • Hasierako konfinamendu aldia: COVID-19 susmoa edo positiboa duten pazienteak, sintoma arin/ertainekin, ospitaleratu beharrik ez dutenak.
  • Ospitaletik alta jaso osteko konfinamendu aldia: sintoma larriagoak direla eta, ospitalean edo ZIU-an egon behar izan diren pazienteak. Sintoma barik eta testak negatibo eman ostean, 15 eguneko isolamendu bat agindu ohi da.

Bi multzoetan, arreta telematikoa lehenetsiko da, presentzialaren aldean.

Bigarren multzoan (ospitale/ZIU-tik datozen pazienteak) oraindik ez da ondo ezagutzen etorkizunean izan ditzaketen bilakaera eta ondorioak, beraz momentuz ezin da haien tratamendu fisioterapeutikoari buruzko irizpiderik ezarri. Dena den, eta ebidentzia maila ahula den arren, eginiko zenbait gida eta entsegu klinikoren arabera, arnas-fisioterapiak eragin mesedegarria du paziente hauengan.[4]

Ospitaleko ingresu arrunta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kasu hauetan, arnas fisioterapiaren erabilpena pazientearen sintomatologiaren arabera erabakiko da; SARS-COV-2 birusak sortutako pneumonia gehienetan muki ekoizpena handitzen ez bada ere (beraz arnas fisioterapiaren berezko premiarik ez legoke), pazienteen %34 ingurutan bai handitzen da. Pazienteak karkaxa ateratzeko arazoak baditu, batez ere gaixotasun asoziatuak daudenean (bronkiektasia, fibrosi kistikoa...) arnas fisioterapia beharrezkoa da; eta tratamenduan zehar aerosol eta mikrotantak sortzen direnez, fisioterapeutak norbera babesteko ekipamendu (NBE) osoa beharko du.

Ebidentzia maila ahula bada ere, ikusi denez paziente hauei ahozpez etzatea komeni zaie, posizio honetan oxigenazioa errazagoa delako eta biziraupen portzentai altuagoa lortzen delako. Halere, ospitalearen arabera prozedura aldatzen da: leku batzuetan postura hau egunero 1-6 ordu artean erabiltzen dute, eta beste batzuetan 30 minuturo postura aldatzen dute.

Hortaz gain, luzaroan oheratutako pazienteen kasuan, beste tratamendu arlo garrantzitsu bat gelditasunak ekarritako arazoen ekiditea izango da muskuluak indartuz, posturak aldatuz eta oro har mugikortasuna sustatuz, egoera klinikoak ahalbidetzen duen neurrian. Tratamenduan zehar, pazientearen konstanteak kontrolpean izaten dira -batez ere oxigeno saturazioa- bere segurtasuna bermatze aldera, nekeak/disneak Borg-en eskalaren 3 maila gainditu barik.[4]

COVID-19 pazienteen ezaugarrietako bat tronboenbolismorako joera da. Halere, mobilizazio goiztiarra gomendatzen da tratamendu antikoagulante egokiarekin batera.[5]

Zainketa Intentsiboetako Unitatea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egoera kritikoan dauden pazienteen kasuan, fisioterapeuten lana paziente bakoitzaren kasura egokitzen da (beti beste osagileekin batera koordinaturik). Ingresu arruntean aipatu ditugunez gain, beste teknika batzuk erabil daitezke pazientearen ezintasun edo konszientzia graduaren arabera, hala nola bronkioen drainatzea, mukiaren xurgatze mekanikoa, eskuzko konpresioa eta fluxuaren gorabeherako dispositiboak.

Prono posizioa egunean 12-16 orduz mantentzea gomendatzen da,[3] eta posizio aldaketak osagile trebatuek egin behar dituzte (kontuan hartu pazientea konorte gabe eta intubatua dagoela arnas bide, zain eta hodi dijestibotik), eta lan honetan fisioterapeutek ere lagundu ohi dute.

ZIU-en saturazio egoeretan, pazienteen arteko lehentasunak ezarri behar izan dira; errekuperazio aktiboaren fasean daudenak lehenetsiz.[6]

Klinikoki egonkortu ostean, COVID-19 pazienteak ZIUan dauden beste pazienteek izan ditzaketen konplikazio beretsuak izaten dute: arnas mekanikoaren albo kalteak, mukiaren erretentzioa, polineuropatia, miopatia... Une honetan, fisioterapiak pisu handiagoa hartuko du arnasa zein mugikortasuna ZIUtik ateratzeko momentura egokitzen hasteko.[4]

Ospitaleko alta osteko aldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fase honetan, bi paziente multzo bereizten dira: SARS-CoV-2aren eraginez arnas arazo arin/ertainak dituztenak batetik, eta larriak dituztenak bestetik. Lehen multzoaren kasuan, helburua baldintza fisiko eta psikologikoak gradualki hobetzea da, batez ere ariketa aerobioa erabiliz, oinez/bizikletatik hasita,[6] ospitaleratu aurreko mailara itzuli arte. Bigarren multzokoetan, hondatze fisikoa handiagoa izaten da, atrofia muskularra dago eta ariketak egitean disnea ager daiteke. Fisioterapian baldintza fisikoetara egokitutako ariketak erabiliko dira, eta drainatze eta arnas teknikak beharraren arabera.[4]

Etorkizuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2020 urtean, COVID-19ari aurre egiterakoan lehentasun nagusia ospitaleen eta ZIUen gainkarga ekiditea, eta paziente larrien tratamendua izan da. Behin "txoke" fase horren ostean, ordea, gaixotasunaren fase kritikoa gainditu duten pazienteen ondorioen errekuperazioak gero eta garrantzi handiagoa hartuko du. Testuinguru horretan, arnas fisioterapiak pisu handia izango duela aurreikusten da.[4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]