Galiziako futbol txapelketa (galizieraz: Campionato de Galicia de fútbol) XX mendearen hasieran Galizian antolatu zen futbol txapelketa izan zen. Vigoko taldeak izan ziren nagusi.
1905-06 denboraldia izan zen lehen ekitaldia baina Galiziako Futbol Federakuntzak 1913an hartu zuen bere gain txapelketaren antolaketa eta aurreragoko ekitaldiak ez dira ofizialtzat hartzen. 1916an istiluak izan ziren eta Real Fortunak bere burua txapeldun izendatu bazuen ere beste taldeek beren txapelketa propioa jokatu zuten. Honen ondorioz denboraldi hartako garaile ofizialik ez dago.
1911an Vigo Foot-ball Club eta Sporting Club taldeek bat egin zuten eta Real Vigo Sporting Club eratu zen. 1923an Vigoko bi talde handiek (Real Club Fortuna de Vigo eta Real Vigo Sporting Club) bat egin zuten, Real Club Celta de Vigo sortu zuten.
1934-35 denboraldian Asturiarrekin batera Txapelketa Astur-Galiziarra antolatu zen. Bi urtetan jokatu zen. 1940an izan zen Galiziako txapelketaren azken ekitaldia, urte hartan Espainiako eskualdetako txapelketa guztiak debekatu baitziren.
¹ 1934-35 eta 1935-36 ekitaldietan talde handienek Txapelketa Astur-Galiziarra jokatu zuten, hura baitzen Errege Koparako sailkapena ematen zuena, eta ez ziren Galiziako txapelketan aritu.