Hiperrealismo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Platera meloiz betea (1999), Mauro Daviden margolana

Hiperrealismoa 1960eko hamarkada bukaeran, Estatu Batuetan sortutako margolaritza-joera da, errealitatearekiko muturreko fideltasuna aldarrikatzen duena. Hiperrealismoak argazkigintza du eredutzat, eta errealitatea argazkien leialtasun eta objektibotasun berarekin berregitea du helburu.

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiperrealismoaren jatorriak erro sakonak ditu Estatu Batuetako pintura-tradizioan, zeina amarruaren literaltasunaren aldekoa baita, William Harnett edo John Haberleren XIX. mendearen bukaerako koadroek erakusten duten bezala. 1920ko hamarkadan, preziosismoaren garaiko margolariek ere argazkiak ondoan zituztela lan egin izan zuten (Charles Sheeler pintore eta aldi berean argazkilariak, adibidez). Baina pop artearen joera izan zen hiperrealismoaren aurre-aurreko aitzindaria, egunerokotasunaren ikonografia hartuz, eta irudi neutro eta estatiko berdinak sortuz.

Teknika eta prozedurak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Argazkia da, ia beti, hiperrealismoaren abiapuntua. Horregatik fotorrealismo edo superrealismo ere deitu izan zaio. David Parrishek, esate baterako, diapositiba baten proiekzioan bertan margotzen zituen bere obrak; Richard MacLeanek episkopioaren laguntzarekin egiten zituen bere lanen azken ukituak; Chuck Closek erretratuak handitzen zituen errealizazioaren gorabeherak eta argazki irudiaren pikorrak nabarmentzeko. Kasu batzuetan, aerografoaren bidez, pinturaren distira handitu eta argazki-paperaren itxura lor daiteke.

Hiperrealismoaren margolari gehienak gai jakin batzuetan espezializatu izan dira. Richard Estes, adibidez, hiri-ikuspegietan eta erakustokien xehetasunetan; Don Eddy, kromatuen xehetasun distiratsuetan; John Kacere kitscharen antzeko iruditeria erotikoan. John de Andrea eta Duane Hansonek forma tridimentsionala eman diote hiperrealismoari: eredu biziak hartuta eskulturak egin, kolore biziak erabili, eta benetako jantzi eta bitxiekin edertu gero.

Europako joerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europan, 1970. urte inguruan sortutako figurazio berrien alderdi batzuetan izan du eragina hiperrealismoak. Europako mugimendu honetako margolari behinenetakoen artean aipagarriak dira Jean-Oliver Hucleux frantsesa, Gerhard Richter alemana eta Antonio López García espainiarra. Lehenak zorroztasun erabatekoaz aplikatu ditu mugimendu honetako prozedurak, bigarrenak Estatu Batuetan aurkitu ezin daitekeen ikuspegi kritikoa eskaini du, eta hirugarrenak eguneroko gauzetan eta inguruneetan bilatu du bere obren gaia.

Azkeneko urteotan doako birtuosismoa leporatu izan zaio hiperrealismoari, eta horrek zalantzan jar dezake joera honen etorkizuna eta egungo onarpena.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]