Homeopatia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Assar (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 19:11, 9 iraila 2016
Samuel Hahnemann, homeopatiaren suspertzailea.

Homeopatia (grezieratik ὅμοιος [hómoios], ‘berdin’, eta πάθος [páthos], ‘sufrikario’) gaixoari sendatu nahi den eritasun-mota bera eragiten duen gai toxikoa, kontzentrazio izugarri txikian disolbatuta, ematean datzan sendabidea da. Similia similibus curantur ("Antzekoak antzekoa sendatzen du") dioen printzipioan oinarritzen da homeopatia. Gaur egun aski zalantzan jarria dagoen medikuntza alternatibo espezialitatea da, eta, ikerketa serio gehienen arabera, homeopatiak ez luke plazebo batek baino haratagoko eraginik. Horregatik, pseudozientziatzat jotzen da.

Homeopatiaren oinarriak Samuel Hahnemannek (1755-1843) ezarri zituen 1796an. Homeopata zenbaitek uste dute homeopatiak aitzinako aurrekariak dituela, eta Hipokratesek K.a.ko 400 urte inguruan eta Parazeltsok XVI. mendean jada erabili zutela lehen aipatutako printzipioa.

Homeopatiak honek aurkari asko ditu, batez ere komunitate zientifikoan; horien arabera homeopatiak ez du oinarri zientifikorik eta plazebo efektuaz baliatzen da. Sendagai homeopatikoak jarraikako diluzioen bidez prestatzen dira, eta lortutako disoluzioan osagai aktiboaren kontzentrazioa hain da txikia non kasu askotan ez baitu izaten molekula bakar bat ere. Kontsumitzaileentzat eta gaixoentzat iruzurra dela salatzen dute, izan ere inolako eraginik ez luketen sendagaiak saltzen dituzte gaixotasunen erremedio gisa. Gainera, sendagai homeopatikoak berez arriskutsuak ez badira ere, gaixoentzat kaltegarria izan daitekeela ere salatzen dute, gaixo askok sendagai horiek erabili eta benetako tratamendu eraginkorrak ordezkatu eta baztertzen dituzten heinean. Bestalde, erregulazio egokirik ez duten herrialdeetan, diluzio prozesua behar bezala egiten ez bada osagai toxikoak kontzentrazio handiegian izateko arriskua dago.

Homeopatiaren aldekoek medikuntza alternatibo gisa definitzen dute: jarduera honen oinarriak egiesten dituzten ikerketak daudela diote, eta homeopatiak urte luzetako esperientzia duela. Urak "memoria" duela babesten dute, hau da, uretan behin eta berriz diluitu ostean osagai aktiborik ia eduki ez arren (kasu askotan molekula bakar bat ere ez), urak osagai horren propietateak gordetzen dituela defendatzen dute. Hori, gaur egun onartutako zientziaren aurka doa.

Herrialde batzuetan, Erresuma Batuan esaterako, homeopatia osasun sistema publikoaren barruan dago, beste batzuetan onarpena izan arren ez dago publikoki finantzatua, eta beste batzuetan ez da medikuntzako jarduera gisa aitortzen.

Homeopatiaren lege nagusiak

Bi legeetan oinarritzen da homeopatia:

  1. Antzekoen legea: Gai toxikoen bidez, pairatu ohi dituenen gisako sintoma batzuk sorrarazten zaizkio gaixoari. Artifizialki eragindako gaitz arinak eritasunaren kontrako erreakzioa sorrarazten du gaixoarengan.
  2. Sendagaien disoluzioaren legea: Sendagaiak oso dosi txikietan erabiltzen dira, eta aldian-aldian kontzentrazio txikiagotan ematen zaizkio gaixoari. Hahnemannen ustez, botika zenbat eta uretan proportzio txikiagoan egon, orduan eta eragin handiago du gaixoarengan, eragin terapeutikoa ez baitago botikaren masari lotua, bere propietate dinamikoei baizik.
Alemaniako zigilu berezia (1996) Hahnemannen siluetarekin

Homeopatiaren erregulazioa Euskal Herrian

  • Ipar Euskal Herrian: Iparraldean medikua izan beharra dago homeopata gisa aritzeko, baina gizarte segurantzak ez ditu tratamendu homeopatikoak ordaintzen. Sendagai homeopatikoak erosteko ez da medikuaren errezetaren beharrik.
  • Hego Euskal Herrian: Homeopatia ez da osasun sistemaren parte, baina sendagai homeopatikoen erabilera erregulatua dago. Erregulazioaren helburu nagusia sendagai homeopatikoak osasunarentzat arriskutsuak ez izatea segurtatzea da.

Erreferentziak

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Homeopatia