Informazio asimetriko

Wikipedia, Entziklopedia askea

Merkatu batean informazio asimetrikoa dagoela esaten da kontsumitzaileek eta ekoizle edo saltzaileek elkartrukatzen diren produktu eta zerbitzuen kalitateari edo prezioei buruz informazio ezberdinak dituztenean. Teoria honek lehia perfektuaren sistema bateko prezioen teoria apurtzea suposatzen du. Informazio asimetrikoak merkatuaren akats bat eragiten du, azken honek emaitza ekonomiko inefizientea eraginez.

Informazio asimetrikoa ematen da produktu baten saltzaileak produktu hori hobeto ezagutzen duelako erosleak baino. Modu berean, finantza munduan informazio asimetrikoaren hainbat kasu planteatzen dira, hauetan, adibidez, mailegu-hartzaileak bere kaudimenaren inguruko informazio gehiago du mailegu-emaileak baino.

Orokorrean, informazio asimetrikoak merkatuaren akatsak sortzen ditu, inefizientziak alegia, kontsumitzaileak prezio altuegiak ordaintzen dituelako besteak beste. Informazio asimetrikoak sortzen duen beste fenomeno bat aukeraketa txarra (ingelesez, adverse selection) izenekoa da: adibidez, bigarren eskuko merkatuetan auto onak zein txarrak izan beharko lirateke hasiera batean, baina orokorrean kontsumitzaileak zein den auto ona eta zein txarra ez dakienez, saltzaileek auto txarrak saltzeko joera dute, eta onak beste alde batetik saldu (Gresham legean gertatzen den antzera, produktu txarrak ona kanporatzen duela esan daitekeelako); auto onen bat agertzen denean, garestiago jarri behar da, baina garestiagoa denez, kontsumitzaileek ez dute erosiko, pentsatzen dutelako txarra dela; horrela azkenean, bigarren eskuko merkatuan auto txarrak bakarrik geratuko dira.

2001. urtean, Joseph Stiglitz, George Akerlof eta Michael Spence ekonomialariak Ekonomiako Nobel Saria irabazi zuten, merkatuko analisietan informazio asimetrikoa erabiltzeagatik. Kenneth Arrow, William Vickrey eta James Mirrlees bezalako ekonomialari gailenek informazio asimetrikoaren gaiari ekarpen garrantzitsuak egin dizkiote ere bai.

Kausak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Guillermo Lorenteren aburuz, Madrilgo Unibertsitate Autonomoaren (UAM) Finantza Saileko kidea, hainbat arrazoiengatik eman daiteke:

  • Ondasunen kalitate eta prezioen arteko erlazio sendoa existitzea, baita kredituaren eta interes tasaren artekoa ere, eta lanaren produktibitatearen eta soldata errealaren tasaren artekoa.
  • Pizgarriek eta screening prozesuak eragina dute erabaki ekonomikoetan.

Nobel saria 2001[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Informazio arazoek gizakien bizitzan eragina izan dute beti. Hala ere, ez zen seriotasunez aztertu 1970eko hamarkadara arte, hiru ekonomialarik informazioa eta merkatuarekin zuen elkarrekintza iraultzen zituzten ereduak bota zituzten arte. George Akerlof ekonomialariaren The Market for Lemons artikuluak modelo bat aurkeztu zuen, kalitatea kolokan dagoenean merkatuko emaitza asko azaltzen laguntzeko. Akerlofek merkatuetan konfiantza izatearen garrantzia garatu zuen, eta eredu hau erabili zuen "hautapen kontrajarriak" (adverse selection) izeneko fenomeno bat azaltzeko, aseguratzaileek portaera aldatzen dutelako aseguratutako pertsona bati buruz zenbat dakiten kontuan hartuta. Garai berean, Michael Spence izeneko ekonomialari batek lan merkatuaren gaiaren inguruan idatzi zuen, eta izen bereko lan bat aurkeztu zioten. Azken gaia Stiglitzek egindako screening mekanismoaren inguruko lana da. Hiru ekonomialari hauek garai hartan hainbat misterio ekonomiko argitzen lagundu zuten, eta horregatik 2001. urtean Nobel Saria irabazi zuten. Geroztik, hainbat ekonomialarik jarraitu dute beren urratsetan, puzzlearen zati gehiago argitzeko.

Akerlof[aldatu | aldatu iturburu kodea]

George Akerlofek ikasi zituen merkatuak non saltzaileek erosleak baino informazio gehiago dute produktuen kalitateari buruz, hau da, informazio asimetrikoa duten merkatuak. Erakutsi zuen nola kalitate txikiko produktuak kalitate handikoak merkatutik kanporatu ahal dituztela merkatu mota hauetan, eta kalitate handiko produktuen prezioak sufritzen dutela horren ondorioz.

Akerlofek informazio asimetrikoaren arazoa aztertzen du. Advers selection kontzeptua erabiltzen du, hau da, agente ekonomiko ezberdinen artean egindako akordioetan batek produktu edo zerbitzuaren kalitatea ezagutzen du baina besteak ez. Beraz, zaila egiten zaio kalitate on edo txarreko produktua edo zerbitzua den bereiztea, ez duelako informazio nahikorik.

Akerlofek Lemons automobilen merkatua aztertzen du eta arazoa da ekoizleak informazio osoa ezagutzen duela baina kontsumitzaileak aldiz, ez. Azken honek produktuaren kalitate mailari buruzko informazio falta du, ez du produktuaren kalitatea ezagutzen, eta prezio berdinetan saltzen direnen artean zein den ona eta zein den txarra bereiztea ezinezkoa zaio erosleari. Informazio asimetrikoaren arazoa dago.  

Aseguru merkatua ere aztertzen da. Aseguruen prezio maila igotzean, benetan beharrezkoa ikusten duen pertsona izango da hau kontratatuko duena. Ondorioz, asegurudunak jasoko duen mediku zerbitzuaren kalitateak behera egingo du prezio igoerarekin. Aseguruen eskaria handitu egiten da adinekoen artean. Beraz, aseguru konpainiak adinekoen beharren inguruan arreta jartzen dute badakielako beraiek izango direla asegurua eskatuko dutenak, besteen beharrak alde batera utziz. Beraz, esan daiteke mediku aseguruak gehien behar dutenentzako ez daudela eskuragarri. Hori horrela izanik, aseguru merkatuak ere bereizketa bat egiten du, lehen aipatutako adverse selection izenekoa.  

Hirugarren adibide moduan, Akerlofek gutxiengo taldeekin zer gertatzen den aztertzen du. Zenbait enpresaburuk, lan batzuetarako, gutxiengo taldeetakoak diren gizabanakoak  kontratatzea baztertzen du, izan ere, beraien ingurua, izandako eskolatze maila edo lan gaitasunak izaten dituzte kontuan, eta maila baxuko taldeek ezaugarri hauek eskuratzeko zailtasun gehiago izaten dituzte. Beraz, ikasi ez duen langile baten edo eskolatzerik ez duenak, berezko gaitasunak izan ditzake baina enpresak gaitasun horiek dituela justifikatzen duen titulua nahiko du.

Hau guztia kontuan izanik, Akerlofek dio merkatua efizienteagoa izango litzatekeela informazio gehiago emango balitz.  Kotxeen kasuan, garantiak kalitateari buruzko bermea eskainiko luke; eskolaratzearen kasuan, lortutako titulazioak eskainiko luke informazioa eta abar.

Spence[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Michael Spencek erakutsi zuen nola agenteek merkatuko emaitza hobetu dezaketela signaling eginez, hau da, beraiei buruzko informazioa informazio hori ez daukatenei seinalizatuz.

Esan bezala, Spence ekonomilariak informazio asimetrikoari aurre egiteko signaling kontzeptua barneratu zuen. Mundu globalizatu honetan, informazioa garrantzi handia hartzen ari da merkatuan, merkatu gehienak ez-perfektuak direnez, informazioa sarritan mugatua da eta honi aurre egiteko signalinga oso onuragarria da kontsumitzaileentzat eta hartzaileentzat. Hau kontsumitzailea merkatuan besteengandik bereizteko erabiltzen da.

Spencek 2002an argitaratutako artikuluan, trantsakzio kostuetan seinalizazioak duen pisu ikaragarria azaldu zuen. Seinalizazioa, informazio asimetrikoari aurre egiteko metodo gisa azaltzen du. Merkatuan bai saltzaileak zein erosleak haien artean duten konfiantza handitzeko erabiltzen da. Honen adibide garbienak honako hauek dira:

  1. Karrera amaitzean nahiz eta gaitasun handiak izan, lan merkatuan ez da hau islaturik ikusten eta soldatak baxuak dira. Honi seinalizazioa erabiliz aurre egiteko curriculum-vitae ematea, atzerrian praktikak egitea edota ERASMUS programan parte hartzea seinale onak eta erabilgarriak dira informazio asimetrikoari aurre egiteko.
  2. Indiako finantza sektorearen kasuan, kreditu bat emateko ala ez, oso garrantzitsuak dira ebaluazio enpresek ematen dituzten kalifikazioak. Bankuek informazio asko jasotzen dute eta erabakia hartzeko garrantzitsua da hauentzat. Indiaren kasuan, bertako ebaluazio etxeak oso onak ez zirenez Ingalaterrako ebaluazio enpresak erabiltzen ziren hauek informazioa eta ebaluazioak modu ekitatibo eta argiagoan erabiltzen zutelako.
  3. Kalitatezko ardoen kasuan informazio asimetrikoari aurre egiteko, urteko ardoen taulak seinale oso onak dira kontsumitzaileak duen informazio faltari aurre egiteko. Urteko taulen bidez, ardoek duten kalitatea ziurtatu daiteke lehenik behar adina kalitate proba pasa behar izan dituelako, honela, kontsumitzaileari laguntza handia ematen dio duen informazio falta ekiditeko.

Stiglitz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Joseph Stiglitzek erakutsi zuen nola informazio asimetrikoa merkatuetan behatutako fenomeno asko azaltzeko gakoa dela, hala nola, langabezia eta kredituen merkatua. Gainera, arazo hauek konpontzeko soluzioak eman zituen, screening bezala.

Stiglitzek, ekonomian zeuden arazo askori soluzioa aurkitzen dio informazioa modu egoki batean erabiliz. Egoerari soluzioa ematen dio, esate baterako, 2008ko krisi finantziarioaren errudunetako bat informazio asimetrikoa izan zen. Izan ere, informazio asimetrikoa eman zen kalifikazio etxeek ematen zuten informazioaz fidatu behar zirelako, hauek benetan zuten arrisku larria kontuan izan gabe.

Informazio asimetrikoari irtenbidea emateko Stiglitzek hainbat aukera azaltzen ditu, hauek screening kontzeptuaz definitzen ditu.

  1. Zein pizgarri dagoen informazioa lortzeko eta hau argitaratzeko edo publikoa egiteko. Bere analisian, adibide bezala hezkuntza sistema jartzen du. Ondasun hobeak dituzten enpresek, bere informazioa publikoa egiten zuen gizabanakoak hartzen zituzten arriskua murrizteko. Modu honetan, jasotako soldata handiagoa izanik, ordaindu beharreko prima txikiagoa izango da. Hala ere, informazioa argitaratzeak bi alde ditu, jendea ez zegoen prest informazioa zabaltzeko beraien egoera ez kaltetzeko. Hau da, informazio asimetrikoarekin ez jarraitzeko pizgarri bat zegoen, eta aldi berean, informazio asimetrikoarekin jarraitzeko pizgarria zegoen.
  2. Informazio transmititzea ekintzen arabera. Gaur egun, informazioa enpresek, bankuek, seguru konpainiek… lorturiko informazioa ez dute azterketa batetik lortzen. Informazioa eskuratzeko, zure aurrekarietatik eta dituzun jarreretatik dator. Akerlofek eta Stiglitzek eginiko ikerketa batean honetaz konturatu ziren, osasun ona zuten gizabanakoek ez zutela beraien burua aseguratzen, aseguru etxeek gehiegi igotzen zietelako prima osasun kaxkarra zuten gizabanakoek sortzen zuten gastuak konpentsatzeko.

Ikerketa aplikatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontabilitatea eta finantzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontabilitatearen arloko ikerketaren zati handi bat informazioaren asimetrian koka daiteke; izan ere, kontabilitateak berekin dakar enpresa baten informazioa behar dutenei helaraztea, erabakiak har ditzaten. Halaber, finantza-literaturan, erakundeen arteko informazio-asimetriaren aitorpenak zalantzan jarri zuen Modigliani-Millerren teorema, non ezartzen baita enpresa baten balorazioak ez duela eraginik bere finantza-egituran. Informazioaren asimetriak gerenteen interesak alderdi interesdunen interesekin lerrokatzearen garrantzia argitu zuen. Gainera, finantza-ekonomialariek informazioaren asimetria aplikatzen dute bereiziki informatutako finantza-merkatuko partaideen azterlanetan (informazio pribilegiatua, burtsako analistak, inbertitzaileak, etab.) edo IMFen finantzaketa-kostuan. [1]

Blogen eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Blogek informazio asimetrikoaren iturri gisa eta hau murrizteko tresna gisa duten eragina ere ondo aztertu da. Webgune finantzarioetako blogek behetik gorako komunikazioa ematen dute inbertitzaileen, analisten, kazetarien eta akademikoen artean; izan ere, blog finantzarioek lagundu egiten dute ardurapeko pertsonek beren enpresaren eta, oro har, publikoaren finantza-informazioa atxiki ez dezaten. [2]Hedabide tradizionalekin alderatuta, hala nola egunkariekin eta aldizkariekin, blogek informazioa lortzeko sarbide erraza ematen dute. Saxtonek eta Ankerrek 2013an egindako azterlan batek ondorioztatu zuen blogen guneetan pertsona sinesgarriek parte-hartze handiagoa izateak murriztu egiten duela kide korporatiboen arteko informazio-asimetria, eta, gainera, murriztu egiten duela informazio pribilegiatua gehiegikeriaz erabiltzeko arriskua. [3]

Jokoen teoria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jokoen teoriaren funtsezko ideia gehienak informazioaren asimetrian oinarritzen dira. Aldi bereko jokoetan, jokalari bakoitzak ez du aurrez aurkariaren mugimenduaren berri, eta joko sekuentzialekin, jokalariek ez dute aurkariaren mugimenduaren aurretiko ezagutza handirik, baina askotan ez dute informazio perfekturik. Beraz, jolas batean informazioa egoteak eta asimetria-mailak jokoaren dinamika baldintzatzen dute. Jolas-teoriaren testuinguruan, James Fearonek ohartarazi du gerra informazioaren asimetriaren ondorioa izan daitekeela: bi herrialdek ez dute indarkeriarik gabeko akordiorik lortuko, dituzten baliabide militarrak desitxuratzeko pizgarriak dituztelako.

Kontratuen teoria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontratuaren teoriak informazioa ematen du hainbat eragile ekonomiko informazio-maila desberdineko egoeretan kontratu-akordioetan nola sar daitezkeen jakiteko. Kontratuaren teoriaren garapena honetan oinarritzen da: kontratu baten zati batzuek kontratu bati buruzko informazio gehiago dute beste batzuek baino. Adibidez, errepideak eraikitzeko kontratu batean, ingeniari zibil batek informazio gehiago izan dezake proiektua gauzatzeko behar diren hainbat intsumori buruz beste alderdiek baino, bereziki errepideak eraikitzeko proiektuak nola gauzatzen diren aldez aurretik ez badakite. Hala ere, informazio-asimetriaren existentziatik abiatuta garatu den kontratuen teoriaren bidez, eragile ekonomikoek jakiten dute nola ustiatu dezaketen haientzat eskuragarri duten informazioa kontratu-akordio onuragarriak hitzartzeko. Joko-teoria garatzean ere eragina izan du lehian interesa duten alderdien arteko informazioaren asimetriak, hala nola jokoek. Jokoetan, tartean dauden jokalariek ez dute informazio osoa izaten euren artean, batez ere aurkariak garaipena lortzeko erabili nahi duen estrategia, ezarritako arauak urratu gabe. Ondorioz, lehian dauden egoera guztien ezaugarri den informazio-asimetria. Informazioaren asimetriak, lehian dauden interesekin batera, jokoen teoria garatzea ekarri du. Teoria horren bidez, informazioa eman nahi da egoera batean harrapatuta dauden aldeek, arau multzo baten pean, beren emaitzak maximizatzeko duten gaitasunari buruz. Jokoetan, tartean dauden jokalariek ez dute informazio osoa izaten euren artean, batez ere aurkariak garaipena lortzeko erabili nahi duen estrategia, ezarritako arauak urratu gabe.

Informazioaren asimetriak, beraz, alderdi batzuek gai bati buruz beste bati buruz baino informazio gehiago duten egoerak eragiten ditu. Ondorioz, merkatuaren akatsen kausa nagusietako bat dela uste da. Informazioaren asimetriak merkatuko akatsei egiten dien ekarpena merkatu modernoen funtzionamendua gidatzea espero den esku librearekin eragiten duelako sortzen da. Adibidez, balore-merkatua bide garrantzitsua da burtsan kotizatzen duten erakundeek beren kapitala lortzeko. Mundu osoko balore-merkatuen eragiketak bermatzen du egungo inbertsiogileek eta inbertitzaile potentzialek akzioen edo merkatu jakin horretan kotizatu dezaketen beste edozein balioren gaineko informazio-maila bera izatea. Informazio-simetria horrek merkatuko alderdi guztientzat antzeko baldintzak bermatzen laguntzen du, eta horrek, aldi berean, merkatu horietan kotizatzen duten baloreak benetako balioan negoziatzen direla bermatzen laguntzen du. Hala ere, batzuetan informazio-kasuak sortzen dira, alderdi batzuek jabari publikokoa ez den informazioa lortzen dutenean. Intzidentzia horrek, askotan, joera anormalak ekartzen ditu merkatuan, hala nola gorakada malkartsua edo balio jakin baten gutxitzea; horren ondorioz, balioaren gainetik edo balioaren azpitik negoziatzen da, eta horrek izua eragiten du, eta, azken batean, merkatuaren kolapsoa.

Beraz, oro har, alderdiek gai bati buruzko informazio-maila berdinak ez dituzten egoera bat dakar. Informazioak giza bizitzaren hainbat alderdiri eragiten dieten erabakiak hartzeko oinarria ematen du. Pertsona edo erakunde batek erabaki zuzena edo okerra har dezake, agenteak duen informazioaren kantitatearen eta kalitatearen arabera. Beraz, merkatu askeko ekonomia modernoari kalte egiten dio, edozein tratutan parte batzuk beste batzuk baino pribilegiatuagoak izatea eragiten baitu.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Garmaise, Mark J.; Natividad, Gabriel. (2010-04-14). «Information, the Cost of Credit, and Operational Efficiency: An Empirical Study of Microfinance» Review of Financial Studies 23 (6): 2560–2590.  doi:10.1093/rfs/hhq021. ISSN 0893-9454. (Noiz kontsultatua: 2021-03-21).
  2. Guerra Villagómez, Giancarlo Alexander. Análisis de la información financiera para la proyección de los estados financieros de la empresa Motores Diésel Andinos 2015-2017. Universidad de Lima (Noiz kontsultatua: 2021-03-21).
  3. PALOMINO, JUAN CARLOS VARÓN. (2018-11-02). «Los deberes secundarios de información contractual y la buena fe como mecanismos de protección al consumidor de productos y servicios financieros y del mercado de valores en Colombia» Estudios Jur??dicos sobre el mercado de valores (Universidad del Externado de Colombia): 491–536. ISBN 978-958-772-997-9. (Noiz kontsultatua: 2021-03-21).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]