Jacques Godbout

Wikipedia, Entziklopedia askea
EnzaiBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 15:08, 15 apirila 2015

Jacques Godbout Kanadar olerkari, eleberrigile, saiakera-idazle eta zinemagilea (Montreal, 1933). Bere sorterrian egin zituen ikasketak, baina Addis Abebako Unibertsitatean lan egin zuen, Etiopian, frantseseko eskolak ematen, 1954tik 1957ra, eta hainbat bidaia egin ditu Egipto, Grezia eta Antilletan barrena. L'aquarium eleberria da Godbouten liburu nagusietako bat eta, beste zenbait sariz gainera, France-Canada saria irabazi zuen lan hari esker. 1962an Frantses Hizkuntzaren Mugimendu Laikoaren (Mouvement laïque de langue française) aitzindari izan zen, eta Idazle Quebectarren Batasunaren (L’Union des écrivaines et des écrivains québécois) sorreran parte hartu zuen, orobat, 1977an; Liberté aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen. Godboutek frantsesez idatzi du, eta bere obretan bere garaiko kulturaren inguruko arazoak islatu ditu, besteak beste, idazlearen hizkuntzarekin zerikusia duten identitate-arazoak. Ingurune elebidunean eta bi kulturakoan idazten duen sortzailearen egoera aztertu du arreta bereziz.

Haren literaturan diskurtsoa antolatzeko baliabide berrien bilaketa nabarmentzen da, eta azpimarratzekoa da estiloaren bizkortasuna, tonu, erregistro eta baliabideen aniztasuna, eta azkenik, umorea. Olerkigintzaren alorrean egindako lanetik azpimarratzekoak dira Carton-pâte (1956, Kartoi orea); Les pavés secs (1958, Kale lehorrak); eta C'est la chaude loi des hommes (1960, Gizonen lege beroa); eta eleberrietan, berriz, L´aquarium (1962, Akuarioa); Le couteau sur la table (1965, Labana mahai gainean); Salut Galarneau (1967, Agur Galarneau); D´amour, P. Q. (1972); eta Les têtes de Papineau (1981). Godboutek idatziak dira, halaber, La Grande Muraille de Chine (1969, Txinako Harresi Handia); Le réformiste, textes tranquilles (1975, Erreformista, testu lasaiak); Souvenirs shop, poèmes et proses 1956-1980 (1984, Souvenir denda, olerkiak eta prosak) eta Une histoire américaine (1986, Historia amerikar bat).

Aurrekoaz gain, lau film luze eta 30 dokumental egin ditu.

Kanpo loturak

Erreferentziak