Kaspar Hauser

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Kaspar Hauserren estatua, Ansbach, Alemania

Kaspar Hauser jatorri iluneko pertsonaia alemaniarra izan zen (1812 inguruan - Ansbach, 1833). Nekazari-jantzian agertu zen Nurenbergen 1828ko maiatzaren 26an. Ibilera bitxikoa eta argiaren ihesi bezala zebilen hamasei urte inguruko gaztea zen artean, eta gutun bat zeraman aldean; gutun hark zioenez, Kaspar Hauser jaiotzatik laborari batzuen ardurapean utzi zuten, eta haiek ezkutuan hazia zen. Halako arlotea ikusirik, kartzelaratu egin zuten. Medikuek egin zioten azterketak erakutsi zuenez, Kaspar ez zen inoiz oinez ibili ordura arte, oin-zolak haurtxo batenak bezain bigunak baitzituen; guztiz sentibera izan arren, gauez ez zuen ezerk esnatzen, ez hotsek ez zimikoek, eta jaki beroek zintzurra erretzen ziotela zirudien. Nurenbergeko epaile nagusiak bere gain hartu zuen Kasparren heziketa, eta harengandik jakin ahal izan zuen halako ziega estu ilun batean hazia zela. Orduan ireki zen Kasparren benetako jatorriari buruzko eztabaida, ez baita oraino erabaki, printze baten seme ezkutua ote zen, nerbioetako gaitzak jotako gaixoa, ala iruzurra besterik ez ote zen guztia. Geroztik, eztabaidagai izan da Kaspar Hauser Alemaniako literaturan, hipotesi klasikoak Karlos Badengo duke handiaren seme egiten baitu. Kasparren heriotza haren agerkera bezain misteriotsua izan zen. Bere iragana argituko ziola adierazi zion ezezagun batek jarritako hitzordura etorririk, hark emandako labankadaz hil zen, 1833ko abenduaren 14an. Hilobian hau ezarri zuten: Kaspar Hauser, garaiotako enigma.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kaspar Hauser Aldatu lotura Wikidatan