Konplementu sistema

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Konplementuaren proteinak zelula mintza zulatzen.

Konplementua immunitate-sistemaren proteinen multzoa da, partikula arrotzen (bakterio, birusen...) suntsiketan parte hartzen duena.

Hamabi proteina osatzen dute konplementua. Proteina hauek ez dira immunoglobulinak, ez dute beraz zer ikusirik antigorputzekin. Immunoglobulinak termoegonkorrak dira, eta konplementuaren proteinak, aldiz, termolabilak.

Konplementuaren eginkizuna hirukoitza da:

  • hantura eragiten du
  • opsonizazioa eragiten du, hots, makrofagoak erakartzen ditu. Makrofago horiek partikula arrotzak fagozitatzen dituzte.
  • jarduera litikoa du, hots, zelula arrotzak zuzenean suntsitzen ditu.

Konplementuak ez du inoiz bakarrik jarduten. Konplementua aktiba dadin, antigorputzak antigeno arrotzari lotu egin behar dira lehen. Antigorputzik ezean, konplementua ez da partikula arrotzari lotzen. Antigeno-antigorputz sistemak konplementua aktibatzen du, beraz. Konplementuaren proteinak antigeno-antigorputz sistemari lotzen zaizkio, eta ur-jauzi moduan funtzionatzen dute: proteina bat aktibatzeak hurrengo aktibatzea eragiten du. Azken emaitza partikula arrotzaren suntsiketa da.

Antigorputzen aldean, konplementua ez da espezifikoa. Antigorputza oso espezifikoa da, eta dagokion antigenoari bakarrik lotuko zaio. Edozein konplementu, aldiz, lotuko zaio antigeno-antigorputz sistemari, partikula arrotzen lisia eragiteko.

Antigorputzen funtzio nagusia partikula inbaditzaileak (bakterioak, birusak...) ezagutzea da, eta baita konplementua aktibatzea ere, honek partikula arrotz horiek apur ditzan. Baina antigorputz guztiek ez dute konplementua aktibatzen: G immunoglobulinak eta M immunoglobulinak besterik ez dute konplementua erakartzen.

Konplementuaren 12 proteinak C letrarekin eta zenbaki batekin izendatzen dira: C1, C2, C3...etab.

Konplementuaren jarduera oso eraginkorra da zelula arrotzen aurrean, hauek suntsitzeko bi arma dituelako:

  • zelularen lisia eragiten du (C5, C6, C7, C8 eta C9 proteinek zelularen mintza zulatzen dute)

Birusak, eritrozitoak eta bakterio Gram negatiboak lisatzen dituzte konplementuaren proteinek. Bakterio Gram positiboak ezin dituzte zuzenean suntsitu, eta konplementuaren opsonizazioaren ondorioz deusestatzen dira (makrofagoen bitartzez)