Lankide:Aritz Oporto/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

C-14/83 - Von Colson eta Kamann/Land Nordrhein-Westfalen auzia, 1984ko apirilaren 10ekoa.[1] Europar Batasuneko zuzenbideko kasu bat da, ordenamendu juridiko nazional baten eta Europar Batasuneko Zuzenbidearen arteko lege gatazkari buruzkoa.

Europar Komunitateen Justizia Auzitegiari EEEren Tratatuko 177.artikuluaren arabera Arbeitsgericht Hamm-ek (Hamm-eko Lan Arloko Auzitegia) egindako eskaera bat da. Eskaeraren xedea da Sabine Von Colsonen eta Elisabeth Kamann eta Land Nordrhein-Westfalenen artean ebazteko dagoen auzian Kontseiluaren 1976ko otsailaren 9ko 76/207/EEE Zuzentarauaren interpretazioari buruzko erabaki prejudizial bat lortzea. Zuzentarau hori gizonen eta emakumeen arteko tratu-berdintasunaren printzipioa aplikatzeari buruzkoa da, enplegua lortzeari, lanbide-prestakuntzari eta -sustapenari eta lan-baldintzei dagokienez.

Egitateak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizonezko presoentzat den Werl espetxeak, Land Nordrhein-Westfalenek administratua dagoena, uko egin zion demandatzaileak kontratatzeari beren sexuagatik. Langileak kontratatzeko ardura zuten funtzionarioek demandatzaileei ezezkoa eman zieten, erakunde horretarako emakumezko hautagaiak kontratatzeak berekin ekarriko lituzkeen arazoak eta arriskuak argudiatuz. Horregatik, gizonezko hautagaiak lehenetsi zituzten, nahiz eta hauen kalifikazioak baxuagoak izan.

Alemaniako jurisdikzio-organoak planteatu zuen, enplegua lortzean diskriminaziorik gertatuz gero, enpresak kalte-galerak ordaindu behar zizkiela demandatzaileei. Von Colson demandatzaileak enplegurako hautagaitza zela eta egindako joan-etorrien gastuak itzultzeko agindu zuen jurisdikzio-organoak, eta demandatzaileen errekurtsoen beste arrazoiak ezetsi zituen.

Hala ere, organo jurisdikzional nazionalak hainbat gai planteatu zizkion Europar Komunitateen Justizia Auzitegiari, Europar Batasunean aplikatu beharreko arau juridikoak zehazteko, enplegua lortzean diskriminaziorik gertatuz gero. Arbeitsgericht Hamm-ek hainbat galdera aurkeztu zizkion Europar Komunitateen Justizia Auzitegiari 1976ko otsailaren 9ko Zuzentarauari buruz. Hala nola, enpresaburuak zigorrik jaso behar duen diskriminazioa eragitearen ondorioz, diskriminatutako hautagaiarekin lan-kontratu bat egitera behartuz.

1982ko abenduaren 6ko ebazpenaren bidez, Europar Komunitateen Justizia Auzitegian 1983ko urtarrilaren 24an jaso zena, erantzun bat ematen zaie aurkeztutako galderei.

Erabakia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europar Komunitateen Justizia Auzitegiak, 1982ko abenduaren 6ko Ebazpenaren bidez Arbeitsgericht Hamm-ek plazaratutakoari erantzuna ematen dio:

  1. 76/207/EEE Zuzentarauak ez du ezartzen enplegua lortzean sexuagatiko diskriminazioa egotean, egile den enpresaburua behartuta dagoenik diskriminatutako hautagaiari lan-kontratu bat egitera, zigor modura.
  2. Balizko diskriminazio bat egoteko zehapenei dagokienez: zuzentarauak ez du ezartzen partikular batek alega dezakeenik baldintzarik gabeko eta nahikoa zehatza den betebeharrik, aplikazio-neurriak aurreikusitako epeetan hartzen ez badira, zuzentarauaren araberako konponketa jakin bat lortzeko helburuarekin, baldin eta ondorio hori ez badago aurreikusita edo baimenduta legeria nazionalean.
  3. 76/207/EEE Zuzentarauak, diskriminatzeko debekuaren urraketa zigortzeko, estatu kideei askatasuna ematen die beren xedea betetzeko irtenbide egokien artean hautatzeko, baina horrek esan nahi du estatu kide batek aukeratzen badu aipatutako debekuaren urraketa kalte-ordain baten bidez zigortzea, kalte-ordain horrek, nolanahi ere, haren eraginkortasuna eta disuasio-efektua bermatzeko, jasandako kalteetarako egokia izan behar duela, eta, ondorioz, kalte-ordain sinboliko hutsetik haratago joan behar duela, hala nola hautagaitzak eragindako gastuak soilik estaliko dituen diru-itzulketa. Jurisdikzio-organo nazionalari dagokio, bere zuzenbide nazionalak ematen dion iritzi-marjina agortuz, zuzentaraua betearazteko onartutako legeari Erkidegoko zuzenbidearen eskakizunen araberako interpretazioa eta aplikazioa ematea.

Ekarpen nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kasu hau garrantzitsua izan zen epaile nazional bati bere herrialdeko zuzenbidearen interpretazioa zuzenbide komunitarioaren baitan egiteko betebeharra ezarri zitzaiolako. Hau da, epaile batek bere herrialdeko zuzenbidea aplikatzeko momentuan Europar Batasuneko zuzenbidearen arauak interpretatu beharko. Hau Europar Batasunaren Tratatuaren 4.3. artikuluan aipatzen da eta horrela Europar Batasunaren Zuzenbidearen aplikazioa babestuko da. Artikulu honek interpretazio egokituaren printzipioa azpimarratzen du.

Europako Auzitegiak adierazten du, epaile nazionalak zuzenbide nazionala aplikatzeko momentuan behartuta dagoela Europar Batasuneko arauen baitan interpretatzera. Lehenengo aldiz ezartzen du, argi, zuzen, irmo eta benetako betebehar gisa, interpretazio egokituaren printzipioa, eta, printzipio horren arabera, estatu kideetako agintari guztiak, bereziki organo jurisdikzionalak, «beren zuzenbide nazionala interpretatzera behartzen ditu, testuaren eta zuzentarauaren helburuaren argitan» (sententziaren 26. paragrafoa)[2].

« interpretar su Derecho nacional a la luz del texto y de la finalidad de la directiva, para alcanzar el resultado que pretende el párrafo tercero del art. 189 »
14/83 epaiaren 26. parrafoa

Sententzia hau ondoren garapen bat eduki du. Interpretazioaren printzipioa jada ez da epaile nazionalarentzat ahalmen bat, benetako betebehar bat baizik. Epaileek zuzentarauen helburuak lortzeko aurreko eta ondorengo zuzenbide nazionala interpretatu behar dute, honako hau Marleasing sententziak[3] adierazi zuen. Nahiz eta zuzentarau batek eragin zuzenik ez izan, ez du esan nahi honen xedapenak ez direnik existitzen. Hau askotan gertatzen da transposizio lege batek hutsuneak dituenean. Hau da, transposizio legea direktibaren zati bat kanpoan uzten duenean. Kasu honetan epai nazionalak transposizio legea ez ezik direktiba ere erabili beharko du xedapen hori interpretatzeko momentuan. Europako Auzitegiak B. Pfeiffer sententzian ezarri zuen bezala, partikularren arteko arazoetan epaileak bere eskumenean dagoen guztia egin behar du zuzentarauak ezartzen dituen helburuak lortzeko.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «CURIA - Lista de resultados» curia.europa.eu (Noiz kontsultatua: 2023-04-23).
  2. (Ingelesez) «EUR-Lex - 61983CJ0014 - EN - EUR-Lex» eur-lex.europa.eu (Noiz kontsultatua: 2023-04-19).
  3. (Ingelesez) «EUR-Lex - 61989CJ0106 - EN - EUR-Lex» eur-lex.europa.eu (Noiz kontsultatua: 2023-04-19).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bellido Barrionuevo, María: “Vista de La eficacia interpretativa de la Directiva comunitaria durante el periodo de transposición. El efecto anticipación de la Directiva en conexión con el efecto bloqueo”. https://revistasonline.inap.es/index.php/CDP/article/view/748/803

EUR-Lex - 61983CJ0014 - EN - EUR-Lex. https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/?uri=CELEX%3A61983CJ0014

Justizia Auzitegiaren epaia, 1984ko apirilaren 10ekoa, Von Colson eta Kamann/Land Nordrhein-Westfalen, C-14/83, EU:C:1984:153. https://curia.europa.eu/juris/liste.jsf?nat=or&mat=or&pcs=Oor&jur=C%2CT%2CF&num=c-14%252F83&for=&jge=&dates=&language=es&pro=&cit=none%252CC%252CCJ%252CR%252C2008E%252C%252C%252C%252C%252C%252C%252C%252C%252C%252Ctrue%252Cfalse%252Cfalse&oqp=&td=%3BALL&avg=&lgrec=es&lg=&page=1&cid=1682853

Martín, A. M., & Nogueras, D. J. L. (2020). Instituciones y derecho de la Unión Europea.

OPOCE. EUR-Lex - 61983J0014 - EN. https://eur-lex.europa.eu/legal-content/EN/TXT/HTML/?uri=CELEX:61983CJ0014&from=ES

Ugartemendía Eceizabarrena, Juan Ignacio eta Bengoetxea Caballero, Joxerramon : “Breves apuntes sobre las sentencias básicas del Tribunal de Justicia de la Unión Europea”, Teoría y realidad constitucional, 33. Zbk., 2014, 443-479 orrk., eskuragarri https://dialnet.unirioja.es/servlet/articulo?codigo=4724079  (2023/03/28)