Lev Tolstoi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lev Tolstoi

Lev Nikolaievitx Tolstoi[1], errusieraz Лев Николаевич Толстой, (Jasnaia Poliana, Errusia, 1828ko irailaren 9 - Astapovo, 1910eko azaroaren 20a), errusiar idazle eta filosofoa. Esperantoaren bultzatzailea ere izan zen.

Errusiako antzinako nobleziaren familia batean sortu zen, eta, haurra zela umezurtz geraturik, izebak arduratu ziren haren eta lau anaien heziketaz; egiteko horretan atzerriko maisuek parte hartu zuten. 1844an, Kazango Unibertsitatean ikasten hasi zen, baina diplomarik lortu gabe ikasketak bertan behera utzirik, Jasnaia Polianako etxaldera itzuli zen. 1851n, bere bizitzari zentzua eman nahirik, hiru urtez aritu zen Kaukasoko gerran.

Lehen obrak

Lehen idazkiekin arrakasta handia lortu zuen: Detstvo (1852, Haurtzaroa); Otrotxestvo (1854, Nerabezaroa); Junost (1857, Gaztaroa) narrazio autobiografikoak; Sebastopolkiie rasskazy (1855-1856, Sebastopoleko kontakizunak) gerraren inguruko narrazioen bilduma.

1856an armada utzi zuen, eta bi urtez Europan zehar ibili zen (Frantzia, Suitza, Italia, Alemania); bidaia horietan jende asko ezagutu zuen (P. J. Prudhon, A. Herzen, Ch. Dickens). Europako burgesiaren materialismoa eta egoismoa salatu zituen Ljucern (1857-1858, Luzerna) idazki autobiografikoan. 1860. urtean bere etxaldera biltzea erabaki ondoren, eta nekazarien egoeraz kezkaturik, jopuen seme-alaben heziketaz arduraturik eskola bat eta aldizkari pedagogiko bat sortu zituen (1862). Gaztetan irakurriak zituen J. J. Rousseau-ren idazkien eraginpean, zibilizazio usteletik urrun naturarekin bat egiten duen bizitza kantatzeari ekin zion 1863an argitaratu zuen kontakizun-bilduman: Kazaki (Kosakoak). 1862an, Sofia Andreievna Bers-ekin ezkondu zen; harekin hamahiru seme-alaba izan zituen; haietarik bost oso gazterik hil ziren.

Obra nagusiak

Zazpi urteko lanaren ondoren (1863-1869) Napoleonen aurkako gerren garaian (1805-1815) girotutako Voina i mir (Gerra eta bakea) eleberria egin zuen. Mendebaldeko eleberriaren historian gailenetarikoa den eleberri horretan, frantses inbasioa jasan zuten pertsona askoren bizipenak eta analisi psikologiko xeheak bildu zituen gizarte-egoerari buruzko oharpenekin batera. Gero, 1873tik 1877ra Anna Karenina idatzi zuen, autorearen bigarren obra nagusia. Eleberri konplexua da: kontatzen den adulterioa, ezinbestean, tragediaz amaitzen da gizartearen hipokresia morala dela eta.

Azken garaia

Bi eleberri errealista horiek mundu osoan ezagutarazi zuten Tolstoi. Anna Karenina idaztean Ispoved (1882, Aitorpena) obran azalduriko krisi espiritual sakona bizi izan zuen. Ateismoa utzi eta sinesmenera bihurtu zen; kristautasun ebanjeliko berezi batera bihurtu zen (kristau-anarkismoa), halako moldez non gobernu edo eliza antolatu ororen agintea eta jabetza pribatua ukatzen zituen. Ebanjelioa izadiaz gaindiko elementuez gabetzen zuen, elkarrenganako maitasuna eta bortxarik ez erabiltzea aldarrikatzeaz batera. 1901ean Errusiako Eliza Ortodoxoak eskumikatu zuen. Bere ideiak azaltzearren, saiakerak eta obra dramatikoak idazteari ekin zion. Nolanahi ere den, autorearen jenioa eleberri laburren sailean nabarmendu zen gehienbat: Smert Ivana Ilitxa (1886, Ivan Ilitxen heriotza); Kreitserova sonata (1889, Kreutzer Sonata); Khoziain i rabotnik (1895, Nagusi eta morroi). 1899an hirugarren eleberri luzea argitaratu zuen, Voskreseniie (Pizkundea); hartan noble baten eta prostituta baten arteko harremanak kontatzen ditu. Azken urteetan, halaber, kontakizun nabarmenak egin zituen, hala nola Otets Sergi (1890-1898, Aita Sergio) edo Khadzhi-Murat (1896-1904). Urte horietan munduko alde guztietatik zetorren jendea Jasnaia Polianara, idazlearen nortasunak eta ideiek erakarrita. Nekazari-lanetan ari ohi zen eta, bere printzipioei leial eusteko, argitaratutako obrengatik ez zuen etekin ekonomikorik nahi. Emazteak ez zituen ez senarraren ideiak ez eta dizipuluak onartzen, eta bien arteko gatazkak etengabeak ziren. Bizitzaren azkeneko hamar urteetan Tolstoiren ospea handia zen Errusian eta mundu osoan. Egoera horri ihes egin nahirik, 82 urteko zela 1910eko urriaren 28an etxetik alde egin zuen, eta hamar egun geroago Astapovoko geltokian hil zen.

Bibliografia

  • Detstvo ("Haurtzaroa") ,1852*
  • Otrotxestvo ("Nerabezaroa") ,1854*
  • Sevastopolskie Rasskazy ("Sevastopoleko istorioak"") ,1855–1956
  • Junost ("Gaztaroa") ,1856*
  • Kazaki ("Kosakoak") ,1863
  • Voina i mir ("Gerra eta bakea") ,1865-1869
  • Kavkazski Plennik (""Kaukason preso") ,1872
  • Otets Sergi ("Aita Sergio") ,1873
  • Anna Karenina ,1875-1877
  • Zenbat lur behar ditu gizon batek?, 1886.
  • Smert Ivana Ilitxa ("Ivan Ilitxen heriotza") ,1886
  • Mnogo li txeloveku zemli nuzhno ("Zenbat lur behar du gizaki batek?") ,1886
  • Vlast tmy ("Iluntasunaren boterea") ,1886
  • Kreitserova Sonata ("Kretutzer Sonata") ,1889
  • Khadzhi-Murat ,1896
  • Voskresenie ("Pizkundea"),1899
  • Zhivoi trup ("Gorpu bizia") ,1911

(*) Autobiografikoak

Berak esanak

"Errazagoa da printzipio filosofikoz osatutako hamar liburuki idaztea, printzipio horietako bakar bat praktikan jartzea baino".

Erreferentziak

  1. http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0156.pdf Euskaltzaindiaren 156. araua - Alfabeto zirilikoz idatzitako izenak euskarara aldatzeko transkripzio-sistema

Ikus, gainera

Kanpo-loturak


Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Lev Tolstoi
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Lev Tolstoi