Esperanto

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Esperanto
Flag of Esperanto.svg
Nork sortua: L. L. Zamenhof  1887
Hiztunak: 100.000 eta 2 milioi artean (Gehienak bigarren hizkuntzatzat) eta jaiotzezko 200-2000 hiztun inguru
Kategoria (helburua): Hizkuntza eraikia 
Idazkera: Latindar alfabetoa 
Araugilea: Akademio de Esperanto
Hizkuntza kodeak
ISO 639-1: eo
ISO 639-2: epo
ISO 639-3: epo

 

Esperantoa munduan zabalduen dagoen nazioarteko hizkuntza planifikatu edo hizkuntza eraikia da.

L. L. Zamenhof mediku okulista poloniarrak 1887an “Lingvo Internacia” (Nazioarteko Hizkuntza) izenarekin argitaratu zuen berak hamarkada batean zehar garatutako hizkuntza. Laster, Zamenhofek erabilitako ezizena "Doktoro Esperanto" (Doktore Itxaropentsua) hizkuntza beraren izenean bihurtu zen.

Nazioarteko komunikazioa erraztuko zuen hizkuntza laguntzaile neutral eta ikasteko erraza sortzea izan zen Zamenhofen helburua. Hizkuntza neutral horrek, hizkuntza naturalak ez bezala, tokian tokiko hizkuntzak ez zituen ordezkatu behar: aldiz, gizateria osoaren bigarren hizkuntza izan behar zuen eta, horrela, herri guztien arteko elkar ulertzea ekarrita, horrexen ondorioz, bakea ere bai.

Gaur egun esperantoak erabilera zabala dauka: bidaiatzeko, elkarri idazteko, kultur trukeetarako, konbentzioetarako, beste hizkuntzetako literatura irakurtzeko, irratia entzuteko eta hizkuntza naturalak errazago ikasteko, besteak beste. Zenbat jendek hitz egiten duen esatea oso zaila da, ez baita inongo estatuko hizkuntza, baina zenbaketa fidagarrienek diote mundu osoan ehun milatik hiru milioira bitarte direla esperantodunak eta horien artean, 2.000 inguru jaiotzatiko hiztunak direnak.

Esperantoa ikasteko arrazoiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Esperantoa oso erabilgarria da komunikazio neutralerako, eta ez du hizkuntza naturalik ordezten. Bestela esanda, ez du etnia, hizkuntza edo kultura jakin baten alde egiten; aitzitik, hizkuntza eta etnia berekoak ez diren gizabanakoen arteko komunikabide neutrala da. Eskubide berdintasuna, tolerantzia eta benetako internazionalismoa bultzatzen ditu. Hori ederki nabari da esperantozko hitzaldietan, liburuetan, aldizkarietan, musikan eta Interneteko edukietan, bai eta familia bizitzan ere.
  • Harremanetarako tresna da, bereziki gazteentzat: atzerriko etxeetan gonbidatu gisa egonaldiak eginez zuzeneko harremana izan daitezke hango kulturekin, nazioarteko jaialdietan ondo pasatu, hainbat gaitako mintegietan jakintza eskuratu, atzerriko hizkuntzekin harremanetan jarri, haiei buruz gehiago ikasi...
  • Esperantoa oso era ona da kanpo hizkuntzak ikasten hasteko. Esperantoa beste ezein hizkuntzatatik ez datorrenez, arauak sinpleak eta gutxi dira, ez du konjugaziorik eta ez dago buruz ikasi beharreko salbuespenik; hori dela eta, ikasle gazteek beste hizkuntza batzuk ikaste aldera eman dezaketen lehen pausua izan liteke. Izan ere, hizkuntza propedeutikoa da, hots, esperantoa ikasita, gero errazago ikasten da beste edozein hizkuntza. Halaxe erakutsi dute Zeelanda Berrian,[1] Ameriketako Estatu Batuetan,[2][3][4] Alemanian,[5] Italian[6] eta Australian [7] egin diren ikerketek.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lingvo Internacia liburua.
  • 1859: Abenduaren 15ean Ludwik Lejzer Zamenhof jaio zen Białystok-en (orduko Errusiako inperioan).
  • 1887: Uztailaren 26an Zamenhofek lehenengo gramatika argitaratu zuen errusieraz Varsovian, "Unua Libro" ("Lehen Liburua") alegia.
  • 1888: Lev Tolstoi idazlea zale goiztiar bihurtu zen.
  • 1894: Shakespeareren Hamlet liburuaren itzulpena, Hamleto: reĝido de Danujo, argitara eman zuen Zamenhofek.
  • 1905: lehendabiziko kongresua antolatu zuten Boulogne-sur-Mer hirian (Frantzia). Bertan, Fundamento de Esperanto gramatika errebisatua aurkeztu zuten. Ordutik, jardunaldiak urtero egiten dituzte, bi mundu gerren etenaldietan izan ezik.
  • 1906: Maiatzaren 20an Bilboko Talde Esperantista fundatu zuten, gaur egun ere lanean diharduena.
  • 1908: Hector Hodler kazetari suitzarrak eta beste lagun batzuek Universala Esperanto-Asocio (UEA, Nazioarteko Esperanto Elkartea) eratu zuten. Erakundeak bulegoa dauka Nazio Batuen Erakundearen eraikinean, New Yorken.
  • 1917: Apirilaren 14an Zamenhof hil zen Varsovian (Polonia).
  • 1920: Aŭroro, itsuentzako lehen aldizkaria, kaleratzen hasi ziren Txekoslovakian. Gaur egun oraindik argitaratzen da.
  • 1924: Japoniako Oomoto erlijio mugimendua aldizkariak eta liburuak esperantoz kaleratzen hasi zen.
  • 1926: La Sankta Biblio, Bibliaren itzulpena, argitaratu zuten.
  • 1934: Esperantoaren entziklopedia hasi ziren kaleratzen Budapesten.
  • 1936: Alemanian, naziek esperantoa debekatu zuten.
  • 1937: Esperantozaleen lehen hilketa masiboa Sobietar Batasunean.
  • 1938: Tutmonda Esperantista Junulara Organizo (TEJO) edo Munduko Esperantozale Gazteen Erakundea sortu zuten.
  • 1954: UNESCO eta UEA-ren arteko aholku-harremanak hasten dira.
  • 1966: Pasporta Servo edo Pasaporte Zerbitzua hasi ziren erabiltzen.
  • 1968: Insulo de la Rozoj izeneko errepublikak (Adriatiko itsasoan) Esperanto hartu zuen hizkuntza ofizialtzat. Italiako armadak egitasmoa desegin zuen.
  • 1975: Iran-en modu azkar eta bitxian zabaldu zen.
  • 1987: ehungarren urteurrena ospatu zuten 6.000 esperantozalek Varsovia-n.
  • 1991: Lehen biltzar panafrikarra Togon.
  • 1999: William Auld esperantozko poeta izendatu zuten Literatur Nobel Sarirako. Urte berean, Memoraĵoj de Eŭska Bovino argitaratu zuten, Bernardo Atxagaren Behi euskaldun baten memoriak liburuaren itzulpena.
  • 2001: Vikipedio egitasmoa abiatu zen Interneten. Urte berean, La Baptofilino karrikaratu zuten, Jon Miranderen Haur Besoetakoa lanaren itzulpena.

Hizkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sailkapen linguistikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntza eraiki bat denez, esperantoa ez dago inongo talde etnikoren hizkuntzarekin genealogikoki erlazionaturik. Haren lexikoa latinoa duen hizkuntza bat bezala sailka daiteke; aldiz, ikuspegi morfologikoaren arabera, nagusiki aglutinatzailea da, baina maila batean izaera zertxobait Isolatzailea izanda. Fonologia, gramatika, lexikologia eta semantika funtsean mendebaldeko hizkuntza indoeuroparretan oinarrituta daude, nahiz eta hiztegiaren zati handiena hizkuntza erromantzeetatik datorren; fonema errepertorioari dagokionez, eslabiarra da. Tipologiaren aldetik, preposiziodun hizkuntza da, eta perpausen ordena normalean subjektu aditz objektu eta adjektibo izen da. Hala ere, teknikoki, hitz bakoitzaren funtzio gramatikala adierazten duten morfemei esker, edozein ordena posible da. Aurrizkien eta atzizkien erabilera zabal-zabalak hitz berriak sortzea ahalbidetzen du.

Fonetika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esperantoak 5 bokal eta 23 kontsonante ditu (horietako bi erdibokalak dira). Ez dauka tonurik eta azentua, idazten ez dena, beti azkenaurreko silaban erortzen da. Bokal bakoitzak silaba bat adierazten du, ŭ letraz egindako diptongoak izan ezik. Adibidez: [fa.mi.lí.o], baina [aŭ.tú.no].

Kontsonanteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezpainbikaria Ezpain-horzkaria Hobikaria Hobi-atzekoa Sabaikaria Belarra Glotala
Herskaria p eta b t eta d k eta g
Sudurkaria m n
Dardarkaria ɾ
Igurzkaria f eta v s eta z ʃ eta ʒ x h
Afrikaria ʦ ʧ eta ʤ
Albokaria l
Hurbilkaria j


Bokalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurrekoa Atzekoa
Itxia i u
Ertaina e o
Irekia a

Esperantoak euskararen 5 bokalak ditu, ez da bokalen luzeraren arteko ezberdintasunik egiten eta ez dago bokal sudurkaririk.
6 beheranzko diptongo daude: uj, oj, ej, aj, aŭ eta eŭ. j letra Lapurdiko j bezala ahoskatzen da (joan) eta ŭ letra ere kontsonantea da.


Ortografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alfabetoak 28 letra ditu: latindar alfabetoaren bertsio bat da, ĉ, ĝ, ĥ, ĵ, ŝ eta ŭ zeinu diakritikoak dituena. Aldiz, q, w, x eta y letrak ez daude:

a b c ĉ d e f g ĝ h ĥ i j ĵ k l m n o p r s ŝ t u ŭ v z


"c" eta zeinu diakritikodun letrak alde batera utzita, beste guztiak Nazioarteko alfabeto fonetikoko euren baliokideen antzera ahoskatzen dira:

Letra Ahoskera
c ʦ
ĉ ʧ
ĝ ʤ
ĥ x
ĵ ʒ
ŝ ʃ
ŭ
(aŭ, eŭ)


Hiztegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiztegia hizkuntza askotatik dator. Zenbait hitz berri Europaz kanpoko hizkuntzetatik hartu dira, adibidez japonieratik, nazioartekoak direlako, baina ele gehienak hizkuntza erromantzeetatik (gehienbat latinetik eta frantsesetik) datoz, alemanetik eta ingelesetik.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Txostena: Enciklopedio de Esperanto entziklopediako artikulua (I. liburukia, 436. orrialdea), esperantoaren balio pedagogikoari buruzkoa.
  2. Txostena: Christian Rudmick, The Wellesley College Danish-Esperanto experiment.
  3. Txostena: Edward Thorndike, Language Learning. Bureau of Publications of Teachers College, 1933. Interlingua.org
  4. Helen S. Eaton, "The Educational Value of an Artificial Language." The Modern Language Journal, 12. zenbakia, 87-94. orrialdeak (1927). Blackwellpublishing.com
  5. "Laborkonferencoj: Interlingvistiko en Scienco kaj Klerigo" izenburuarekin Paderborn hirian urtero azaroan egiten diren bileretako protokoloak (lan biltzarra: Interlinguistics in Science and Education). Paderborn hiriko Pedagogia Zibernetikoko Erakundearengandik eskura daitezke.
  6. Ikerlana. (Esperanto izenarekin ezaguna den) Nazioarteko Hizkuntzaren Batzordea, Ministerio arteko Dekretua, 1993ko apirilaren 29koa / urriaren 5ekoa, Italiako Irakazkuntza Publikoko Ministerioa.
  7. Ikerlana. Monash Unibertsitateko EKPAROLI proiektuaren orri nagusia.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Esperanto Aldatu lotura Wikidatan
Wikiliburuetan liburu bat dago honi buruz:
Esperanto
Wikipedia
Hizkuntza honek bere Wikipedia du.
Bisita ezazu.