Errusia
Wikipedia(e)tik
|
Errusiar Federazioa |
|||||
|---|---|---|---|---|---|
|
|||||
| Goiburu nazionala: Ez du | |||||
| Ereserkia: Errusiar Federazioko ereserkia | |||||
| Hiriburua Koordenatuak |
Mosku |
||||
| Hiri handiena | Mosku | ||||
| Hizkuntza ofiziala(k) | Errusiera eta beste hainbat | ||||
| Gobernua
Presidentea
Lehen Ministroa |
Federazioa Dmitri Medvedev Vladimir Putin |
||||
| Independentzia Aldarrikatua Amaitua |
Sobietar Batasunetik 1990 ekainaren 12 1991 abenduaren 26 |
||||
| Eremua - Guztira - ur % |
17.075.200 km² (1.) 0,5 % |
||||
| Biztanleria - Estimaketa (2005) - Errolda (2002) - Dentsitatea |
142.800.000 (8.) 145.513.037 8 biztanle/km² (178.) |
||||
| Dirua | Errubloa (RUB) |
||||
| Ordu eremua - Udan (DST) |
UTC (UTC +2tik +12ra) Bai (UTC +3tik +13ra) |
||||
| Interneteko domeinua | .ru | ||||
| Telefono aurrizkia | +7 |
||||
| Herritarra | errusiar | ||||
Errusia (Росси́я Rosia[1]) edo Errusiar Federazioa (Росси́йская Федера́ция, Rosiskaia Fiedieratsia[1]) munduko estatu handiena da, eta Europa eta Asia artean hedatzen. Sobietar Batasunaren oinordeko nagusia den heinean, estatu boteretsua da oraindik.
Mosku da hiriburua eta San Petersburgo bigarren hiria.
Hurrengo estatuekin du muga Errusiak: Norvegia, Finlandia, Estonia, Letonia, Bielorrusia, Lituania, Polonia, Ukraina, Georgia, Azerbaijan, Kazakhstan, Txina, Mongolia eta Ipar Korea. Ozeano Artikoa eta Ozeano Barearekin du itsasertze Iparraldean, eta gainera barne itsasoetan ere du itsasertza, hala nola, Itsaso Baltikon, Itsaso Beltzan eta Kaspiar Itsasoan.
Eduki-taula |
[aldatu] Geografia
Errusia munduko estatu luze-zabalena da, guztira 17.075.400 km2 baititu. Topografia bezala, Errusiako klimak, landaredia eta lurrak distantzia handitan hedatzen dira. Herrialdeak 23 leku ditu UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatuak[2], 40 biosferaren erreserba[3], 40 natura parke nazional eta 101 natura parke (Zapovednik). Errusiak natur baliabide paregabeak ditu, hala nola, egurra, petrolioa, gas naturala, ikatza eta beste hainbat mineral baliabide.
[aldatu] Topografia
Errusiako bi toki aldenduen arteko distantzia 8.000 km da, lerro geodesiko batean. Hauek dira: Poloniako muga Vistula ertzean eta Kuril uharteetako hego-ekialdea, Hokkaido uhartetik kilometro gutxira. Errusiar Federazioak 11 ordu eremu zeharkatzen ditu. Hiru ozeanora du irtenbidea (Atlantikoa, Artikoa eta Pazifikoa) eta, horregatik, errusiar arrantza munduko handienetakoa da[4]. Kaspiar Itsasoa munduko kaviar finenaren iturburua da.
Errusiaren gehiengoa ordoki zabalak dira, gehien bat estepak hegoaldean eta baso sarria iparraldean, tundra ipar kostaldean. Errusiak munduko landa-lurrean %10 du[5]. Mendilerro garaiak hegoaldean kokatuak daude, mendebaldean Kaukasoa, non Elbrus mendia dagoen, Errusia eta Europa osoko mendi garaiena (5.642 m), eta ekialdean Verkhoiansk mendilerroa eta Kamtxatka penintsulako sumendiak. Ural mendiek, baliabide mineraletan aberatsak, ipar-hego mendilerro bat osatzen dute, Europa eta Asia banatzen dutenak. Errusiak kosta luzea du, gutira 37.000 kilometrokoa, Artikoarekin eta Pazifikoarekin, eta baita ere Baltikoa, Asov, Kaspio eta Itsaso Beltzarekin[6]. Uharte eta uhartedi nagusien artean daude Novaia Zemlia, Franz Josef Lurraldea, Severnaia Zemlia, Siberia Berria Uharteak, Wrangel Uhartea, Kuril Uharteak eta Sakhalin.
Errusiak milaka ibai eta aintzira ditu, munduko ur baliabide handienetakoa. Ur gezako aintzira handiena Baikal aintzira da[7]. Aintzira honek munduko azaleko ur geza kopuruaren bostena du[8]. Beste aintzira nagusiak Ladoga eta Onega dira, Europako handienak. Errusiak dituen 100.000 ibaietatik[9], ezagunena Volga da, Europako luzeena izateaz gain Errusiako historian garrantzia handia izan duelako[6].
[aldatu] Klima
Errusiar Federazioko klima faktore ugarik baldintzatzen du. Herrialdearen tamaina erraldoiak eta eskualde ugariren itsasoarekiko urruntasunak klima kontinental hezea eta azpiartikoaren nagusitasuna eragiten dute, orokorrena europar eta asiar Errusian, tundran eta hego-ekialde urrunean[10]. Hegoaldeko mendiek Indiako Ozeanoko hego haize beroak galarazten dituzte eta iparraldeko zabaldiek bidea ematen Artikoko eta Atlantikoko haize hotzei. [11].
Lurraldearen gehiengoan zehar bi urtaro bereizi baino ez dira nabari, uda eta negua, udaberria eta udazkena garai oso laburrak baitira muturreko tenperatura handi eta txikien artean[11]. Hil hotzena urtarrila da (otsaila kostaldean) eta beroena uztaila. Neguan, tenperatura hozten doaz iparretik hegora eta mendebaldetik ekialdera[10]. Udak nahiko beroak eta hezeak izan daitezke, Siberian barne. Itsaso Beltzeko kostalde zati tziki batek, Sotxi inguruan, klima azpitropikala du[12]. Barnealde kontinentalak dira lehorrenak.
[aldatu] Flora eta fauna
Ekialdeko Europako ordokian iparraldetik hegoaldera, Errusiar Ordokia izenez ere ezaguna, klima aldatzen den heinean landaredia ere aldatzen doa: tundra artikoa, konifera basoak (taiga), hosto zabaleko basoak, belardiak (estepa) eta erdi-basamortua (Kaspiar Itsasoaren ertzean). Siberiak antzeko sekuentzia du, baina gehiengoa taiga da. Errusiak munduko baso erreserba handienak ditu[13], "Europaren birikak" izenez ezaguna[14], bigarren postuan Amazonas oihan tropikalaren atzetik karbono dioxido xurgatze gaitasunean. Errusia oxigeno kopuru handiak ekoizten ditu, ez bakarrik Europa mailan, baizik eta mundu mailan.
266 ugaztun espezie eta 780 hegazti espezie bizi dira Errusian. 415 animalia espezie sartu ziren Errusiar Federazioaren Datu Liburu Gorrian 1997an[15], eta egun babestuak daude.
[aldatu] Historia
Sakontzeko, irakurri: Errusiako historia
Ekialdeko eslaviarren lehendabiziko estatuak, Kieveko Rus izenekoak, kristautasuna Bizantziar Inperiotik 988an bereganatu zuen. Honela, hurrengo milurtekoan Errusiako kultura osatuko zuten bizantziar eta eslaviar kulturen arteko nahasketa hasi zen. Kieveko estatu hori mongoldar inbasioen aurrean desegin zen 1230eko hamarkadan. Horren ostean, botere txikiagoak, batez ere Novgorod eta Pskov, borrokatu ziren Kieveko oinordeko kultural eta politiko bilakatzeko.
XII. mendearen ondoren, Moskuk gero eta botere gehiago erdietsi zuen ezarian. XVIII. menderako, Moskuko Dukerri Handia Errusiar Inperio handia bilakaturik zegoen, zein Poloniatik Ozeano Barera zihoan. Mendebalderantz hedatu ahala, zabaltzearen lehenengo garaietako isolamendua ezeztatu zen eta errusiarrak ohartu ziren gainerako Europatik desberdinak zirela nolabait. Berdintsuago bilakatzearren, XIX. mendean errepresio latza eta bihotz samurreko erreformak tartekatu ziren. Joputza 1861ean abolitu zen, eta beste aldaketa politiko eta ekonomiko batzuk ere gertatu ziren, baina tzarrek ez zieten uko egin gobernu autokratikoari eta boterea partekatzeari.
Lehenengo Mundu Gerraren barruan, 1917an Errusiako Iraultza piztu zen ekonomiak eta gerrak ekarritako krisialdia eta tzarren gobernu autokratikoaren aurkako nahigabea zirela eta. Hastapenean, liberalek eta sozialista moderatuek hartu zuten agintea, baina, gerrari amaiera eman ezinik, urriaren 25ean, komunistek bereganatu zuten (Urriko Iraultza). Horrez geroztik 1991ra arte, Errusiako historia Sobiet Batasunekoa da. Alderdi bakarreko estatu horrek lazeria andana jasan behar izan zituen, batik bat Bigarren Mundu Gerran alemaniarren inbaditu zutenean. Azkenean, 1980ko hamarkadan erreforma ugari gorabehera, errusiar komunismoak huts egin zuen eta Sobiet Batasuna desegin zen.
Honela, besteak beste, Errusiar Federazioa sortu zen, nahiz eta nazioarte mailan Sobiet Batasunaren oinordekotzat jotzen zaion. Hala ere, superbotere gisako estatusa galdu du Errusiak, sobiet osteko sistema ekonomikoa eratzerakoan arrakasta handia lortu ez duelako, ahaleginak ahalegin. Edonola ere, herrialde erraldoia eta baliabide askokoa izanik botere handia gordetzen du bere baitan oraindik. Horiek horrela, munduko zazpi herrialderik aberatsenek (G-7) haiekin batera biltzeko gonbitea luzatu zioten Errusiari, G-8 osatuz.
[aldatu] Banaketa administratiboa
Sakontzeko, irakurri: Errusiaren banaketa administratiboa
Errusia munduko herrialderik handiena izanik hainbat banaketa administratibo mota ezberdin ditu bere baitan. Alde batetik subjektuak daude, (errusieraz субъе́кт(ы), subjekt(i)). Hauek 88 dira guztira eta bakoitzak 2 ordezkari ditu Errusiako Federazio Kontseiluan.
Subjektu guzti hauek barruti federaletan biltzen dira, 7 guztira. (Errusieraz: федера́льные округа́, sing. федера́льный о́круг; transliterazioa federalnie okruga, sing. federalni okrug). Hauetako bakoitzak bere presidentea du Errusiako presidenteak zuzenean izendatua.
Horretaz gain helburu ekonomikoetarako eskualde ekonomikoak dituzte. Era berean herriguneak bil daitezke barruti eta selsovetetan.
[aldatu] Kultura
[aldatu] Literatura
Sakontzeko, irakurri: Errusierazko literatura
Errusiako idazleen artean nabarmentzekoak dira Fiodor Dostojevski eta Leo Tolstoi.
[aldatu] Musika
- Modest Petrovitx Musorgski (1839-1881).
- Piotr Ilitx Txaikovski (1840-1893).
- Nikolai Rimski-Korsakov (1844-1908).
- Igor Stravinski (1882–1971).
- Sergei Prokofiev (1891-1953).
[aldatu] Zinema
Sakontzeko, irakurri: Zinema sobietarra
[aldatu] Kirolak
- Boris Spaski (1937-), xake-jokalaria.
- Valeri Karpin (1969-), futbolaria.
- Dmitri Khokhlov (1975-), futbolaria.
- Denis Mentxov (1978-), txirrindularia.
- Jelena Isinbaieva (1982-), atleta.
[aldatu] Zientzia
- Ivan Pavlov (1849-1936), medikua.
[aldatu] Erreferentziak
- ↑ 1,0 1,1 Alfabeto zirilikoz idatzitako izenak euskarara aldatzeko transkripzio-sistema, Euskaltzaindiaren 156. araua.
- ↑ UNESCO Gizateriaren Ondare Zentroa. Errusiar Federazioa. 2007-12-27.
- ↑ Biosfera Erreserben Munduko Sarea — UNESCO. Errusiar Federazioa. 2007-12-26.
- ↑ (abuztua 2006) Errusiako Arrantza Industria — Ekoizpena, Merkataritza, Merkatuak eta Inbertsioak, Eurofish, Kopenhage, Danimarka. URL accessed 2007-12-26.
- ↑ Oil prices drive the cost of food. RIA Novosti. 2008-02-22.
- ↑ 6,0 6,1 The World Factbook. CIA. Central Intelligence Agency. 2007-12-26.
- ↑ Baikal — A Touchstone for Global Change and Rift Studies. United States Geological Survey. 2007-12-26.
- ↑ Baikal. UNESCO Gizateriaren Ondare Zentroa. 2007-12-26.
- ↑ Angara ibaia. Encyclopædia Britannica (2007). 2007-12-26.
- ↑ 10,0 10,1 Errusia:Klima eta landaredia. Encyclopædia Britannica. 2007-07-03.
- ↑ 11,0 11,1 Climate. Library of Congress. 2007-12-26.
- ↑ Drozdov, V. A. et al.. 'Ecological and Geographical Characteristics of the Coastal Zone of the Black Sea'. Springer Netherlands, [[{{{date}}}]].
- ↑ Library of Congress. Topography and Drainage. 2007-12-26.
- ↑ Walsh, NP. Europako birikak dira eta espezie arraroen bizilekua.. Guardian (UK). 2007-12-26.
- ↑ Errusiar Federazioaren Datu Liburu Gorriko animalia zerrenda (1997ko azaroaren 1a)
[aldatu] Kanpo loturak
- (Euskaraz) Jalgi.com atlasa datuak, mapak eta irudiak
- CIA - World Factbook Geografia, biztanleria, politika eta ekonomia datuak (Ingelesez)
| Asiako herrialde eta lurraldeak (Nazio Batuen azpi-eskualdeka) | |||
|
Afganistan • Errusia • Kazakhstan • Kirgizistan • Uzbekistan • Tadjikistan • Turkmenistan |
Hego Korea • Ipar Korea • Japonia • Mongolia • Txina | ||
|
Arabiar Emirerri Batuak • Armenia • Azerbaijan • Bahrain • Egipto • Georgia • Iran • Irak • Israel • Jordania • Kuwait • Libano • Oman • Qatar • Saudi Arabia • Siria • Turkia • Yemen |
Brunei • Ekialdeko Timor • Filipinak • Indonesia • Kanputxea • Laos • Malaysia • Myanmar • Singapur • Tailandia • Vietnam |
||
|
Bangladesh • Bhutan • India • Maldivak • Nepal • Pakistan • Sri Lanka |
Beste entitate |
||
| Itsaso Beltza eta Kaspiar Itsasoa inguratzen duten estatuak | ||||
|---|---|---|---|---|
|
||||