Lokailu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gorkaazk (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 09:10, 13 maiatza 2013

Testuari lotura emateko perpaus batetik bestera eraman beharreko hariari eusten laguntzen duen hitz edo hitz-multzoa, perpausik osatzen ez duena. Lokailua ez da berezko gramatika-kategoria bat. Kategoriaren aldetik, lokailu gehienak aditzondoak dira.

Perpaus-elkarketa eta testu mailako lotura

Perpausak osatzeko bidean, izenaren inguruan biltzen dira zenbait elementu, eta, hala, izen-sintagma osatzen da. Zenbait izen-sintagma eta aditza behar bezala konbinatuz, perpausa osatzen da, perpaus bakuna. Baina perpaus bat beste perpaus batekin elkartu egin daiteke: biak parekoak badira, juntadura lortzen da. Bata bestearen mendekoa bada, perpaus-elkarketa horretan perpaus bat nagusia izango da, eta, beste osagai baten lana betez, perpaus txertatu bat izango du barnean. Hortaz, perpausak juntatuz nahiz perpaus bat beste baten mende txertatuz lor daiteke beste perpaus bat, perpaus elkartu bat, alegia. Perpaus elkartuak beheragoko perpausez osatutako perpausak dira. Hitz gutxitan esateko: zenbait izen-sintagmaz eta aditz batez perpausak osa daitezkeen bezala, zenbait perpausez goragoko perpaus bat osa daiteke. Perpaus hori perpaus elkartua izango da. Baina bada testu deitzen den zerbait ere. Hitz egitean edo idaztean, esaldiak erabiltzen dira. Esaldi horiek, gainera, era egokian «josiak» egon behar dute delako testu hori koherentea eta behar bezalako lotura eta batasuna duena izango bada.


Testuak «hari» bati jarraitu behar dio. Horretarako, maiz, esaldi baten eta bestearen artean, zubi eginez bezala, zenbait hitz eta esapide aurkitzen dira. Haietako asko lokailuak dira. Lokailuak perpaus baten barnean kokatuak egon ohi dira, perpaus horren osagai gisa, nahiz eta aurrekoarekin duen loturaren zer-nolakoaren berri eman. Horregatik, «testu-antolatzaileak» izena ere ematen zaie elementu horiei. Bata bestearen ondoren datozen bi perpausen arteko lotura semantikoaren berri ematen dute lokailuek. Esaterako, honako adibide hauetan perpaus-bikoteak daude, baina perpaus elkartua osatzera iristen ez direnak:

  • Haize handia dabil. HALERE, banoa itsasora.
  • Haize handia dabil. GAINERA, itsasora noa.

Bakoitza bere aldetik doa: ez dute gramatikazko loturarik. Hala ere, perpaus-bikote horietan bada erlazio semantikoa, nahiz eta bakoitzean erlazio hori desberdina den.

  • Haize handia dabil. BERAZ, banoa itsasora. (surfean ibiltzera, adibidez).

Gainera, halere, beraz eta antzekoak perpausean agertzen diren osagaiak dira, eta, horrenbestez, gramatikaren langai ere badira.

Lokailuak

Horrenbestez, hauek dira lokailu izeneko elementu gramatikalen ezaugarriak:


1. Testu mailako lotura semantikoa gauzatzen dute.

  • Garaiz etorri behar duzu lanera. BESTELA, arazoak izango dituzu.
  • Garaiz etorri behar duzu lanera. HALERE, arazoak izango dituzu.

Bi perpaus daude adibide bakoitzean, bi perpaus lokabe. Baina nolabait «josiak» daude; batean BESTELA-rekin, bestean HALERErekin. Eta bistan da: lokailu bakoitzak semantikaren aldetik lotura desberdina adierazten du.


2. Hitz askeak dira –adberbioak, gehienetan–, ez atzizkiak edo aurrizkiak.


Goiko BESTELA, HALERE (= HALA ERE) eta gainerakoak (ALDIZ, BERAZ, etab.) hitz askeak dira, ez atzizkiak. Gainera, adberbioak.


3. Juntagailuekin eta menderagailuekin batera ager daitezke.

  • Gizon hura andaluziarra zen, ETA andrea, BERRIZ, Zumarragakoa.
  • Zinera joaten ginen igandeetan, EDO BESTELA, kasinora, karta-jokora.

4. Sarritan, perpausaren hasieran, mintzagaiaren lekuan kokatzen dira, baina aski mugikorrak dira, eta perpauseko beste osagaien artean kokaturik ere ager daitezke.


Hain zuzen, adberbio bera, perpausean non kokatua dagoen, lokailu izan daiteke edo ez. Hartu, adibidez, BESTELA adberbioa. Galdegaigunean badoa, ez da lokailua, baina mintzagaigunean doanean, bai:

  • Lehen, galtza laburrak ziren nagusi. Gaurko haurrak BESTELA janzten dira.

(NOLA janzten diren esaten digu, alegia)

  • Jantz itzazu galtza laburrak. BESTELA, bero handiegia izango duzu.

Bigarrenean, BESTELA-k aurreko perpaus osoari egiten dio erreferentzia. Hori ere lokailuen ezaugarria da.

Lokailu-motak

Bost lokailu-mota bereiz daitezke:

1. Emendiozkoak

Aurreko esaldian adierazten denari edo hiztunak jakintzat ematen duen edo uste duen zerbaiti beste zerbait gehitzen edo eransten diote. Multzo honetan sar litezke ERE, GAINERA, BESTALDE, HALABER, OROBAT, BEREBAT, BEHINTZAT, BEHINIK BEHIN, BEDEREN, BADERE eta GUTXIENEZ. Hona hemen zenbait adibide:

  • Andoni Pragan izan da. Gu ere joan den urtean izan ginen.
  • Gure koadrilan denak ikasleak gara, eta, gainera, futbola dugu atsegin.
  • Jonek ez daki bizikletan ibiltzen. Nik, behintzat, ez dut inoiz ikusi bizikleta gainean.
  • Ingelesek ingelesez egitea normala da. Normala da, halaber, euskalduna euskaraz aritzea.

2. Hautakariak

Lehenbiziko perpausean esandakoaren eta bigarrenaren arteko aukera adierazteko erabiltzen da lokailu hautakaria. Hona hemen nagusiak: BESTELA, OSTERANTZEAN, GAINERAKOAN, GAINERANTZEAN, EZPABERE.

  • Hobe dut isilik egotea. Bestela, egundokoren bat esango dut.
  • Su txikian jar ezazu lapikoa. Osterantzean, erre egingo zaizkizu babarrunak.

3. Aurkaritzakoak

Bi perpausen arteko kontrakotasuna markatzeko erabiltzen dira: ALABAINA, AITZITIK, ALDIZ, BARREN, BERRIZ, BITARTEAN, BIZKITARTEAN, DENA DELA, DENA DEN, HAATIK, HALERE, HALA ERE, HALA ETA GUZTIZ ERE, HORRATIK, NOLANAHI ERE, ORDEA, OSTERA, ALTA, …

  • Aita euskalduna zuen. Ama, aitzitik, mexikarra.
  • Andonik nahi adina diru du. Hala eta guztiz ere, gehiago behar duela ematen du.
  • Baserria polita da bizitzeko. Lan egiteko, ordea, gogorra dela iruditzen zait.

4. Ondoriozkoak

Bigarren perpausa lehenengoan baieztatzen denaren ondorioa edo jarraipena dela adierazteko erabiltzen da lokailu-mota hau: BADA, BERAZ, HALA, HORI DELA ETA, HORTAZ, HORRENBESTEZ, ORDUAN, …

  • A eta B berdinak dira. B eta C ere bai. Beraz, A eta C ere berdinak dira.
  • Alkatearen bisita izan dugu kiroldegian. Hori dela eta, tresna berriak erosiko dizkigute.
  • Oso nota onak ateratzen dituzu. Zeri diozu hainbeste beldur, orduan?

5. Kausazkoak

Bigarren perpausa lehenbizikoaren kausa edo zergatia dela adierazten da lokailu-mota honekin. Ondorioa eta kausa, hortaz, erlazio beraren bi aurpegi-edo dira. Hona hemen lokailu nagusiak: ALABAINA, IZAN ERE, ZEREN, ZERGATIK,…

  • Kontuz ibil zaitez horrekin, zeren asmo bihurriak ditu.
  • Bart goiz erretiratu nintzen. Izan ere, buruko minez nengoen.

Kanpoko loturak

Ikus, baita

Erreferentziak