Izen

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Hizkuntzalaritzan, izena izaki, gauza edo haien multzo bat adierazteko erabiltzen den hitza da.

Izen-motak esanahiaren arabera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erabilerari dagokionez, izenak modu honetan sailkatu daitezke:


Izena, izen-sintagmaren ardatz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izen-sintagma izena ardatz duen egitura da. Beraz, izen-sintagmaren osagai nagusia izena izango da. Izenik gabe –agerian ez bada, ezkutuan– ez dago izen-sintagmarik. Honako hauek guztiak izen-sintagmak dira, eta denetan bereiz daiteke ardatz-elementua edo izena: 1 EMAKUMEa. 2 AUTOMOBIL eder hura. 3 Atzoko NESKA irribarretsu haiek. 4 ANDONI. 5 GU.

Horiek guztiak izen-sintagmak dira, denak funtsean testuinguru berean ager baitaitezke, perpausaren subjektuaren lekuan adibidez, aditz-sintagma deitu ohi den osagaiaren aurrean:

IZEN-SINTAGMA ADITZ-SINTAGMA
1 GIZONa zulora erori da
2 AUTOMOBIL eder hura bazterrean dago
3 Parisko NESKA irribarretsua atzo etorri zen
4 ANDONI dotorea da
5 GU pozik ibili ginen

Izenordain deitzen direnek ere izen-sintagmak osatzen dituzte. Gainera, ez dute inolako «lagunik» onartzen inguruan: berak bakarrik aski dira izen-sintagma osatzeko. Beraz, izenordainak ere izen-sintagmaren ardatz direnez, izentzat har daitezke.

Izenen sailkapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izen guztiak ez dira mota berekoak: badira izen arruntak eta bereziak, zenbakarriak eta zenbakaitzak, eta abar. Tasun bereizgarriak daudenez, tasun horien araberako sailkapena egin ohi da.

Izen arruntak eta izen bereziak: [± arrunta][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Badira izen batzuk mugatzailerik onartzen ez dutenak: JON, BILBO, AXULAR, etab. Halakoek beste inongo laguntzarik gabe osa ditzakete izen-sintagmak. Beste batzuek, berriz, izen-sintagma osatuko badute, nahitaezko dute mugatzailea edo, mugatzailerik izan gabe ere, bestelako determinatzaileren bat: ETXE, AUTO, MAITASUN, DIRU, MAHATS, LIBURU, etab. Halakoek zenbait elementuz inguraturik agertuko dira izen-sintagman: etxea, auto hura, maitasuna, diru asko, mahats ugari, liburu polita, etab. Sintagma horiei, hurrenez hurren, -a, hura, -a, asko, ugari, -a, etab. kenduz gero, herren geldituko lirateke, perpausean txertatuak agertzeko biderik gabe:

Etxea erosi dut *Etxe erosi dut
Auto hura ikusi dugu *Auto ikusi dugu
Maitasuna beharrezkoa da *Maitasun beharrezkoa da
Diru asko irabazi dute *Diru irabazi dute
Mahats ugari dago aurten *Mahats dago aurten
Liburu polita irakurri dut *Liburu polit irakurri dut

Horregatik, perpausen eraketa zuzenari begira, [±arrunta] ezaugarria izan behar da kontuan:

  • [+arrunta] ezaugarria duten izenak, arruntak alegia, mugatzailearekin agertzen dira.
  • [-arrunta] direnek, berriz, ez dute mugatzailerik onartzen.


Izenordainei ere [-arrunta] tasuna dagokie, ez baitute mugatzailerik onartzen. Horrenbestez, izenordainak izaera berezia duten izenak izango dira. Beraz, [±izenordaina] tasuna ere kontuan izanez gero, honako multzo hauetan banatu daitezke euskaraz izenak:

Izenen sailkapena

Bereizketa horrek testuingurua du irizpide. Esan nahi baita, testuinguruan zer-nolako elementuak ager daitezkeen edo ager ez daitezkeen (mugatzailea, bereziki) hartzen dela kontuan, ez besterik. Ohiko gramatiketan, ordea, esanahia ere kontuan hartu izan da izen arrunta eta arrunta ez dena, propioa, bereizteko. Esanahian oinarritzen den bereizketak, batez ere, ortografiari begira izango du garrantzia. Bizkaia edo Jainkoa mugatzailea duten izen-sintagmak dira, baina, erreferente bakarra dutenez, esaten da propioak direla, eta, horrenbestez, esaten da letra larriz idatzi behar direla. Baina, ortografia gorabehera, gramatikaren aldetik axola duen bereizketa da ea izen batek mugatzailea behar duen ala ez. Alde horretatik, erreferente bakarra badu ere, Jainko bezalako izen bat, edo Azpeitia bezalako bat izen arruntak direla esan behar da, bai batak bai besteak, biek, mugatzailea eskatzen baitute. Izen horiek deklinabide-markak hartuko dituzte, eta hor ere kontuan hartu behar da mugatzailea hor dutela: JainkoAk, JainkoAri, (konpara gizonAk, gizonAri sintagmarekin); AzpeitiAn, baina Azpeititik, etxeAn eta etxetik bezalaxe.

Izen zenbakarriak eta zenbakaitzak: [± zenbakarria][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hau da izenen beste tasun bat. Izen bat positiboki zehaztua egon edo negatiboki zehaztua egon, ondorioak izango dira izen horren testuinguruan. Izen batzuk (ETXE, HAUR, LEHOI, etab.) zenbakarriak direla esan daiteke, zenbatu daitezkeen izakiak aipatzeko balio baitute: etxe bat, bi, hamalau; haur bat, bi, etab. Baina beste izen batzuk (OLIO, MAHATS, IRIN, LUR, …) zenbakaitzak dira: zenbatu ezin daitezkeen izakiei dagozkie. Beste batzuek, berriz, bietara joka dezakete, baina orduan adiera desberdinean hartzen dira: ARDO edo KAFE-ren kasua izango litzateke. Ardoa, berez, ezin da zenbatu, baina hiru ardo edan ditut esaten denean, bistan da zenbakarri den zerbait aipatzen dela. Baina, kasu horretan, ardoa ez da masa-izen gisa ikusten, zerbait konkretu eta zenbakarri gisa baizik, hiru basokada ardo edan ditut esango balitz bezala. Alderantziz ere gerta daiteke: alegia, berez zenbakarria den izen bat (HARRI, esaterako), masa gisa ikus daiteke. Horregatik, honako bi esaldi hauek adiera desberdina dute. Batean HARRI [+zenb] izango da, eta bestean [-zenb]: a. Harri asko bota ditugu errekara. (ehun harri, adibidez) [+zenb] b. Harri asko bota dugu bidean. (kamioikada bat, adibidez) [- zenb]

Izen neurgarriak eta neurgaitzak: [± neurgarria][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izen zenbakaitzen artean ere beste bereizketa bat egin daiteke. Izan ere, izen batzuek, zenbakaitzak izan arren, neur daitezkeen gaiak izen eratorriak aipatzeko balio dute. Adibidez, OLIO izenak zenbatu ezin daitekeen zerbait aipatzen du, baina «zer» hori neur daiteke, litroka, adibidez: 'Bost litro olio'. Baina zenbakaitzak diren beste batzuk (MAITASUN, SU, LOTSA, etab.) ez dira neurtzen. Haietan intentsitatea ematen da aditzera kantitatea baino gehiago: Lotsa ikaragarria ematen zidan. Su handia zegoen basoan.

Izen bizidunak eta izen bizigabeak: [± biz][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bereizketa honek ere esanahia hartzen du kontuan, baina ondorio handiak ditu euskal sintaxian eta morfologian, deklinatzean desberdin joka baitezakete izen bizidunek eta bizigabeek:

a. NeskaRENGAN jarri ditu begiak.

b. LiburuAN jarri ditu begiak.

NESKA, GIZON, ANDRE, JAINKO, MIREN, etab. izen bizidunak direla esaten da. ETXE, ZERU, BIDE, UR, HARRI, etab., berriz, izen bizigabeak dira. Landare-izenak, hala ere, bizigabetzat hartzen ditu euskarak.

Bestalde, bizidunak direnekin ere, deklinabide arrunta izan daiteke. Ondoko bi adibide hauek zilegi dira:

a. Gizon batetik bestera aldea dago. (ez, *gizon batengandik besteagana…).

b. Gizon batengandik bestearengana joan zen.

Izenen sailkapena barne-egituraren arabera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi multzo bereizten dira, funtsean, izenetan: izen bakunak eta izen konplexuak. Konplexuak, beren aldetik, beste bi multzo handitan banatu daitezke: izen eratorriak eta izen elkartuak.

Izenen sailkapena barne-egituraren arabera

Izen bakunak eta izen konplexuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izen batean beste osagairik aurkitu ezin bada, esaten da izen hori bakuna dela. Adibidez, ETXE, HAUR, DIRU, TXOKOLATE eta horrelakoak izen bakunak dira: hiztuna ez da gai hitz horietan hitz mailako edo hizki mailako (atzizki edo aurrizki mailako) beste osagairik aurkitzeko. Izen konplexuek, berriz, badituzte beste osagaiak beren barnean, eta, jakina, hitz hori osatzen duten osagai horiek egituratuak egon ohi dira. Adibidez, honako hauek hitz konplexuak dira: BANKETXE (BANKU+ETXE), GORRITASUN (GORRI+TASUN).

Izen eratorriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izen eratorriak oinarri batez eta atzizki edo aurrizki batez osatuak dira. Oinarria hitz mailakoa izango da: beste izen bat, edo aditz bat edo adjektibo bat. Oinarri horri bestelako elementu bat erantsiko zaio. Euskaraz, batez ere atzizkiak dira oinarriei eransten zaizkienak. Beraz, hona zenbait izen eratorri: EGILE, HARROKERIA, SUKALDARI (Adibide horietan oinarri desberdinak daude: EGIN aditza da; HARRO, adjektiboa; SUKALDE, izena. Gainera, SUKALDE izen elkartua da, SU eta ALDE osagaiak aski erraz bereiz baitaitezke. Bestalde, -LE, -KERIA eta -ARI atzizkiak nolabait izenezkoak direla esaten da, izenak sorrarazteko erabiltzen baitira.

Izen elkartuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izen elkartuak hitz mailako osagaiz osatutako izenak dira. Gehienetan, bi izen dira elkartzen direnak, baina bestelako konbinazioak ere zilegi dira:

izena + izena aditza + izena izena + adjek. adjek. + adjekt.
SEME-ALABA IDAZLAN UDABERRI LUZE-LABUR
KAFESNE IDAZMAKINA ZORION HOTZ-BERO
BEHI-ESNE JANTOKI GABONak TXURI-URDIN
ZAHAR-ETXE EGONGELA MUTILZAHAR GAZI-GOZO

Bestalde, gogoan izan, batez ere [izena+izena] tankerako izen elkartuetan, oinarriko bi izen horiek izan daitezkeela eratorriak. KALE-GARBITZAILE edo LIBURU-SALTZAILE, adibidez, izen elkartuak dira, biak bi izenez osatuak, baina bigarren osagaia, bere aldetik, izen eratorria da: GARBI+TZAILE, SAL+TZAILE.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Izen Aldatu lotura Wikidatan