Marjinalismo

Wikipedia, Entziklopedia askea

Eskola marjinalista edo marjinalismoa XIX. mendean zehar garatzen joan zen eskola ekonomiko bat izan zen, harik eta 1870 hamarkadan Iraultza Marjinalista izenekoa gertatu zen arte, William Stanley Jevons, Lausanako eskolako Léon Walras eta austriar eskolako Carl Menger ekonomialarien eskutik, non marjinalismoaren kontzeptu nagusia, utilitate marjinala alegia, teoria ekonomiko nagusien baitan sartu zen. Eskola marjinalistaren arabera, teoria ekonomikoak eratzeko oinarrizko kontzeptuak era marjinalean definitu behar dira, kontsumitu edo ekoiztutako azken unitateari buruz. Horrela, ondasun baten balioa homogenoa baizik eta subjetiboa eta aldakorra dela baieztatzen dute eta kontsumitu den azken unitateak ematen duen utilitateak (asea, gozamena edo plazerra) irudikatzen duela ondasunaren balioa. Adibidez, uraren balioa aldakorra izango da egoera zein den: pertsona bat oso egarri badago, uraren balioa edo utilitatea oso handia izango da; bere egarria asetu ahala, uraren utilitate marjinala murrizten doa; bere egarria guztiz asetu duenean, berriz, uraren utilitatea oso txikia izango da eta pertsona horrek urari ematen dion balioan islatuko da utilitate eskas hori.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Balioaren paradoxa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adam Smithek balioaren paradoxa, ur eta diamanteen paradoxa izenez ere ezaguna, plazaratu zuen XVIII. mendean idatzi zuen Nazioen aberastasuna izenburuko liburuan:

« Ezer ez da ura baino erabilgarriagoa, baina honekin ez da deus ere erosiko, baliozko ezer ezin da erosi uraren trukean. Diamanteak, ordea, erabilgarritasun eskasa dauka, baina ondasun ugari truka daitezke berarekin. »

—Adam Smith.An Inquiry into the Nature and Causes of the Wealth of Nations. I.4.13.


Adam Smithek balioa ondasuna eskuratzeko behar zen lanaren bitartez neurtu behar dela irizten zuen. Horrela, ura lortzeko ahalegin txikia egin behar zela eta, bere balioa eskasa da. Diamantea eskuratzeko egin beharreko lana handia denez, bere balioa ere handia da.

Marjinalistek, ordea, ez zuten onartu Adam Smithen azalpen hau eta uraren balio eskasa egoera zein den ezberdina dela baieztatzen zuten. Pertsona bat oso egarri egongo balitz, urak balio handia izango luke. Horrela, ondasun baten balioa kontsumitu beharreko azken unitatearen edo zatikiaren erabilgarritasun, gozamen, plazer edo aseari buruzkoa dela defendatu zuten, utilitate marjinalaren kontzeptua sortuz horrela.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]