Matxin Zalbaren gutuna

Wikipedia, Entziklopedia askea
Matxin Zalbaren gutuna
Jatorria
Argitaratze-data1416
Aurkikuntza lekuaNafarroako Errege Artxibo Nagusia
Aurkikuntza data1969
Ezaugarriak
Genero artistikoaGutuna
Hizkuntzaeuskara eta nafar erromantzea

Matxin Zalbaren gutuna, edo zehatzago, Martin San Martin eta Matxin Zalbaren arteko gutun-trukea, 15. mendeko dokumentu elebiduna da, Nafarroako Erresumako bi funtzionari gorenen artekoa, nafar erromantzez eta euskaraz idatzia[1].

1416. urtean izan da datatua gutuna, eta lehenbizi ageri da Martin San Martinek Zalbari eginiko eskaera, eta jarraian orrian bertan Zalbaren erantzuna. Biena da egiletza, beraz, eta bi parteak dira elebidunak, baina Zalbaren erantzuna luzeagoa da eta euskaraz gehiago du, eta horregatik dokumentua identifikatzeko Matxin Zalbaren gutuna forma soilagoa ere erabiltzen da euskal filologoen artean[2].

Irakurketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Testuaren transkripzio edo edizio kritiko hau proposatu da (beltzez, euskarazko zatiak)[3]. Lehenbizi, Martin San Martinen eskaera dator:

« Machín seinor, supplico vos que me imbiedes por escripto coánta es la gracia que los de Sant Johan han de la impositión. Eta Jaunatiçula egun hon. Et me imbiat a dizir si berres al combit o non »

—El todo buestro Martín de Sant Martín


Eta ondoren Matxin Zalbaren erantzuna:

« Seyñor maestre Martín: Acomendo vos a Miguel Papon bien amic. Et seredes bien ayssa en casa de Peyre de Tors del bon barón que mal li se faga en el coillón. Et escusatme de combit, que non puedo ser que huespedes tiengo. Eta Jaunatiçula abari on; ez nayz bildur ezten alla. Eta, jaquiçu, Done Johanne Garaçicoec dute gracia erregue baytaric: hurtean iruroguey eta amavi florin, baytator sey florin eta tercio bat ilean rebatiçera colectoreari. Eta alegra çayteç ongui. »

Çure guçia, Machin de Çalva


XXI. mendeko euskarara ekarria[4], honela:

« Eta Jaunak dizula egun on. // Eta Jaunak dizula afari on, ez naiz bildur ez den hala. Eta jakizu: Donibane Garazikoek dute grazia Errege baitarik, urtean hirurogeita hamabi florin, baitator sei florin eta tertzio bat hilean rebatitzera kolektoreari. Eta alegra zaitez ongi. Zure guztia, Matxin de Zalba. »


Analisia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gutun-trukea azpimarragarria da edukiz bikoitza delako, hizkuntzaz elebiduna bezainbeste. Elkar ezagutzen dute bi goi-funtzionariek, eta lasai truka ditzakete esaldiak, kontu pertsonalei zein erresumaren administrazioari buruz, euskaraz zein nafar erromantzez. Bi hizkuntzak 15. mendeko Nafarroako elitean ezagunak eta erabiliak zirelako froga dago hemen[5]. Gutuna idatzi zen garaian, San Martin Karlos III.a erregearen idazkari eta errege etxeko ekonomia administratzailea zen, eta Zalba erregearen, Gorte Nagusiko eta Comptos Ganberako notarioa[4].

Sinatzaileez gain aipatzen diren bi pertsonak dokumentatuta daude, Miguel Papon Tuterako notario bat zela dirudi, zeina Karlos III.aren zerbitzura ageri den dokumentuetan, 1408an. Peyre de Tors ere identifika daiteke Pere de Torres notarioarekin[6]. Bitxia da nola Matxin Zalbak ez dion estimu handirik De Tors delakoari, eta lasai adierazten diola hori jasotzaileari: "que mal li se faga en el coillón", min dakiola barrabila.

Erromantzezko esaldi bat.

Naturaltasunaren seinale gehiago: Ponte-izenez berdinak diren bi testugileek, halaber, jakitun dira bata Martin gisa ageri dela, eta bestea Matxin forma euskaratuarekin dela ezagun. Aipaturiko toponimoa ere batak erromantzez ematen du, Sant Johan, eta besteak euskaraz, Done Johanne Garaçi. Gaian ere, pertsonala eta administratiboa tartekatzen dira; afari baterako gonbiteaz dihardute, eta Donibane Garaziko diru-kontuez.

Euskarazkoa.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Gerindabai. (2020-10-03). «LA CARTA BILINGÜE (DE MATXIN DE ZALBA A MARTÍN DE SAN MARTÍN)» Gerinda Bai bi (Noiz kontsultatua: 2020-12-07).
  2. «Ene laztan gozo ederra... filologia azterketa» oinati.gipuzkoakultura.net (Noiz kontsultatua: 2020-12-07).
  3. Reguero Ugarte, Urtzi. (2017). Goi-nafarrera arkaiko eta zaharra: azterketa eta testuak. , 61-65 or. (Noiz kontsultatua: 2020-12-07).
  4. a b (Gaztelaniaz) Monteano Sorbet, Peio Joseba. (2015). «La carta bilingüe de Matxin de Zalba (1416). El iceberg lingüístico navarro» Fontes linguae vasconum: Studia et documenta 47 (119): 147–174. ISSN 0046-435X. (Noiz kontsultatua: 2020-12-10).
  5. Etxeleku, Iñaki. Artxiboak euskaraz mintzo |. Iparraldeko Hitza (Noiz kontsultatua: 2020-12-10).
  6. (Gaztelaniaz) Idoate, Florencio. (1969). «Una carta el siglo XV en vascuence - Centro de Documentación César Borgia (Viana)» Fontes Linguae Vasconum, no 2: 287-290. (Noiz kontsultatua: 2020-12-10).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]