Nizetas Koniates

Wikipedia, Entziklopedia askea
Nizetas Koniates, Erdi Aroko eskuizkribuan.

Nizetas Koniates, grezieraz Νικήτας Χωνιάτης, (1155-1215 edo 1216), Nizetas Kominatus ere deitua, historialari bizantziar bat izan zen.

Miguel Akominatus historialariaren anaia zen, hau, Atenasko artzapezpiku izatera iritsi zelarik. Bere anaiaren babespean, hasiera batean politikan aritu zen, eta zenbait kargu lortu zituen Angelos dinastiaren garaian (horien artean "logoteta handia" edo kantzilerra) eta Filipopoliseko themako gobernari izan zen garai kritiko batean.

Konstantinopla, laugarren gurutzadan, 1204an erori ondoren, Nizeara ihes egin zuen, non Nizeako enperadorea zen Teodoro I.a Laskarisen gortean ezarri zen, literaturan buru-belarri arituz. 1215 edo 1216an hil zen. Bere lanik garrantzitsuena, Historia da, 1118tik 1207 arteko garaia hartzen duena, Ana Comnenaren Alexiada liburua amaitzen den toki berean hasten delarik.

Bere estiloa erretorikoa eta loratua den arren, lanak, balio dokumental handia du, lekuko izan zen edo lekuko izan zirenen ahotik entzundako gertaerak kontatzen baititu. Lanaren zatirik interesgarriena, Konstantinoplaren konkista kontatzen duena da. Latindarrek hautsitako estatuei buruzko bere tratatu laburra (egungo forman, beharbada, beranduagoko egileren batek aldatua) bereziki interesgarria da arkeologoentzat. Bere lan teologikoa (Thesaurus Orthodoxae Fidei), oso-osorik eskuz idatzia mantentzen den arren, soilik zati bat argitaratu da. XII. mendeko heresiak eta idazle heretikoak ezagutzeko autoritaterik nagusienetako bat da.

Fikzioan

Nizetas, Umberto Ecok hartzen du bere Baudolino eleberri historiko-fantastikoan agertzen diren pertsonaia nagusietako bat bezala, testuinguru historiko bezala, Laugarren gurutzadan Konstantinoplaren konkista duena.