Noblezia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Hiru ordenen piramidea.

Noblezia gehienetan jarauspen bidez lortzen den maila pribilegioduna da. Antzinako Erregimenean eta feudalismoan, nobleek feudo bat (lurra edo errenta bat) zeukaten erregeari, edo beste noble bati, laguntza (militarra batik bat) ematearen truke. Nobleziako kideei aitoren alaba (emakumezkoa izanez gero), aitoren seme (gizonezkoa izanez gero) edo noble deritze.

Estamentuen gizartean, estamentu nagusia zen hau. Pribilegioduna, gainerako gizarte multzoentzat eredua ezartzen zuen. Jatorrian, gerlarien eta lur jabe pribilegiodunen taldea izan zen, besteen defendatzailea. Aro Modernoan, halere, nobleziaren alderdi militarra apaldu egin zen.

Euren lurra laboratzen zutenenak menpeko zeuzkaten. Morroi haientzat, hurbileneko administrazioa, justizia eta ogasun arloetan batik bat, ez zen erregearena, nobleena baizik. Eginkizun publiko horien truke zergak kobratzen zizkieten nobleek. Horretaz gain, lurgabeek haien soroak lantzeagatik jasotzen zuten errenta. Europako ekialdean nobleak baino ezin ziren lurraren jabea izan.

Dena den, desberdintasun handiak zeuden nobleen artean, paperaren gainean guztiak kalitate berekoak baziren ere. Goi nobleziakoak, duke, markes, konde edo baroi titulua zeramatenak ziren. Behe nobleziaren barruan kategoria franko zeuden: zalduna, ezkutaria, infantzoia...

Antza, leinuaren barruko jarauspenaren bidez baizik ez zen lortzerik noblezia. Errealitatean, etengabe sartzen ziren odol berriko kideak eta familiak, laborari edo hiritar aberatsengandik ateratakoak. Erregeak, jakina, noblezia titulua eman zezakeen, baina ohikoagoa zen ohitura zela-eta noble bilakatzea, nobleen bizimodua edukiz maila hori edukitzen zela onartzen baitzuen jendarteak.

Mota frankotako pribilegioak zeuzkaten. Batzuk ohoreak baino ez ziren: zeremonietako hurrenkeran lehenengo postuetan agertzean (oso preziatua zen lehentasun bat), esaterako. Kargu publikoetan aritzeko ere, nobleek lehentasuna zeukaten. Ez zuten petxa ordaintzen, laborariek ordaindu beharreko zerga. Nahiz eta, denborak aurrera egin ahala, beste zerga batzuk ordaintzen zituzten. Justizian beste modu batean epaitzen eta zigortzen zituzten, erdeinurik ekartzen ez zien moduan hain zuzen ere (hiltzekotan, burua moztuta eta ez zintzilikatuta, konparazio baterako).

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Noblezia Aldatu lotura Wikidatan