Oñatiko Corpusak

Wikipedia, Entziklopedia askea


Corpusa Erdi Arotik datorren jai erlijioso bat da, Urbano IV.a aita santuak 1264an sortua. Hala ere, 1311 arte ez zen Eliza Katoliko osora zabaldu, Klemente V.aren garaian. Hala, bada, Europa osoan ospatzen da, eta denboraren poderioz garrantzi handiko jaia bilakatu da, sozialki eta kulturalki oso aberatsa, sorreran zeukan izaera erlijiosotik haratago.

Eukaristian, hau da, Eukaristiako ogian eta ardoan, Jesukristoren gorputza eta odola daudela aldarrikatu nahi zuen Eliza Katolikoak Corpus Christi egunean. Beraz, Eukaristiaren omenez urtero egun berezi bat ospatzea zuen helburu, jendartean publikoki poz eta alaitasuna erakutsiz, Sakramentu Santuaren ohoretan dantza eta eta kantuz osatutako jaialdi eta prozesioekin. Hartarako data zehatz bat izendatu zen liturgia katolikoaren barruan: Mendekoste ondorengo bigarren osteguna, azken urteotan hurrengo igandera pasatu bada ere.

Corpus jaia Oñatin[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Corpus eguneko ospakizunak aldatuz joan dira jaia sortu zenetik hona, eta bilakaera hori desberdina izan da herrialde bakoitzean. Hala ere, bada elementu bat toki askotan ospakizunen ardatza izan dena, prozesioa alegia. Prozesioa izaten zen jai horren ekintzarik nagusienetakoa, herri garrantzitsuenetako kale eta plazak zeharkatzen zituena. Entzutetsuak bihurtu ziren Europa osoko leku askotan ospatzen zirenak. Euskal Herri osoan ere indar handiz sustraitu zen jaiegun hau; herri ugarik antolatzen zituzten era horretako ekintzak eta prozesioak, eta horien artean Oñatikoa zen ikusgarrienetakoa.

Oñatin Corpus eguna noiztik ospatzen den zehatz-mehatz esaterik ez dago. Bai badakigu, ordea, 500 urtetik gora daukala prozesioa egiteko ohiturak. Izan ere, 1470ko ordenantza batzuek, Corpus egunean kalean botatzeko herritarrek herri lurretatik ira hartu zezaketela diotenean, agerian jartzen dute prozesioa egiten zela Oñatin Corpusetan. Hala ere, XVI. mendearen erdialdetik aurrera lortu zuen Corpus egunak distira handia. Izan ere, 1553an ba zen Oñatin Sakramentu Santuaren kofradia bat, Minerva izenez ere ezagutzen zena, festaren ardura bere gain hartu eta suspertu zuena.

XX. mendean behera egin zuen jai honek toki gehienetan. Euskal Herrian ia desagertuta badaude ere Corpus jaiak, Oñatin, hainbat aldaketa eta gora-behera medio, indarra hartuz joan dira aspaldiko 40 urtean.

Corpus egunaren aurreko ekitaldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oñatiko Corpusetan Corpus eguneko ospakizunak dira, zalantzarik gabe, ekitaldirik ezagunenak: prozesioa eta dantzak. Aurretik, ordea, beste ekitaldi batzuk izaten dira, Corpus egunaren aurreko ostiral eta larunbatean antolatzen direnak. Ostiralean, goizean goizetik, udaletxeko plazan elkartzen dira dantzariak, Oñatiko auzoetako jira egiteko dirua batzen. Dantzarioak binaka joaten dira, inoiz hirunaka ere bai. Baserriz baserri ibiltzen dira kriskitinak jo eta diru eske. Eguerdi partean elkarte batean bazkaldu eta arratsaldean eskoletara joaten dira, dantza egitera. Azkenik, zaharren egoitzan amaitzen dute eguna. Arratsaldeko saio honetan txistulariek lagunduta egiten dute dantzan Oñatz taldeko dantzariek. Zaharren egoitzan amaitzen dute eguna. Arratsaldeko saioan txistulariek lagunduta egin dute dantzan Oñatz taldeko dantzariek[1].

Larunbatean Makalena elkartean jantzi eta goizeko 9etarako udaletxeko plazatik irteten dira, kalez kale Oñatiko jira egiteko, oraingoan ere diru eske. Larunbatean txistulariak eta dantzariak batera ibiltzen dira denbora guztian.

Corpus eguneko prozesioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Corpus igandea da, zalantzarik gabe, Corpusetako egun handia Oñatin, eta prozesioak eta dantzek protagonismo berezia dute. Meza hasi baino ordu erdi lehenago, San Migel elizara eramaten dira prozesioan parte hartuko duten santuen irudiak, gordeta dauden ermitetatik edo kapiletatik. Lehen abade bat joaten zen irudiaren bila, bi dantzari eta txistulariek lagunduta. Meza amaituta, prozesioa hasten da santuen irudiak banan-banan elizatik atereaz. Santuen ostean apostoluak, San Migel eta Jesukristo irteten dira, kofradiako kideekin eta paliopean Jaunaren kustodia eramaten duen parrokoarekin batera. Lehen jaunartzea egiten duten umeak eta musika banda ere segizioko parte dira. Prozesioaren ibilbide guztian dantzariak eten gabe ibiltzen dira batetik bestera. Eta, amaiera emateko, Foruen plazan, udaletxe aurrean, dantza ikusgarriak egiten dituzte dantzariek.

Kofradiako sekretario-maiordomoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sasoi batean garrantzi handikoa zen Sakramentu Santuaren ermandadearen sekretario-maiordomoa. Azken hamarkada hauetan gauzak asko aldatu badira ere, lehenago oso garrantzitsua izan zen kargu hori kofradia horren funtzionamendu onerako. San Migel parrokiako kabildoko kide bat izaten zuen horren kargua. Aspaldi honetakoak baino ez aipatzearren, kargu horretan luzaroan aritu ziren bi: Migel Diez Umerez eta Jose Mari Agirrebaltzategi Untzueta, oñatiarrak biak eta oso ezagunak herrian. Lan inportantea egin zuten, bakoitzak bere erara, kofradiaren historian. Migel Diez Umerez 1920ko hamarkadan hasi eta 1956 urtea arte izan zen maiordomo. Jose Mari Agirrebaltzategi Untzueta, berriz, 1957tik 1981 bitartean. Bigarren tarte horretan Corpus egunak urte kritikoak bizi izan zituen.

Prozesioko santuen irudiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Arantzazuko ama. Gurutzearen atzetik, Arantzazuko Ama Birjinak ematen dio hasiera Corpus eguneko prozesioari. Santutegiko imajinak ez bezala, prozesiokoak garai batean zeraman mantoa mantentzen du. Gipuzkoako zaindaria da Arantzazuko Ama 1913 urtetik, baina Oñatirekin bostehun urtetik gorako harreman estua du Arantzazuk. Herriko kofradiarik zaharrena haren izenean sortu zen 1489an eta 1834a arte iraun zuen.
  • San Kristobal. Aspalditik zegoen ermita bat Olabarrieta auzoan santu honen izenean. Alabaina XIX. mendearen lehen urteetan bota egin zuten eta irudiak apur bat beherago ekarri zituzten, errepidearen ertzean dagoen santutxora. XVI. mendearen amaiera aldekoa ematen du San Kristobalen irudiak, eta estilo manierista-herrikoia du. Prozesioan azken urteotan hasi dira ateratzen.
  • San Migel Aozaratza. Oñatin jaiotako fraide domingotarra, Japoniara joan zena misiolari gisa. Nagasakin hil zuten 1637an, martirio luze baten ondoren. Eliza katolikoak dohatsu aldarrikatu zuen 1981ean Manilan eta santu Erroman 1987an. Prozesioan santu egin zuten urtetik aurrera irteten da. Hartarako irudia Jesus Etxezarreta artista oñatiarrak zizelkatu zuen. Urtean zehar bere jaiotetxea izandakoaren orubean jaso den kaperatxo batean egoten da.
  • Ama sortzez garbia. Ama Birjinaren beste irudi hau Bakardeko Amaren kaleko Galartza familiaren etxean gordetzen da urtean zehar. XX. mendearen lehen erdialdean indar handia zeukan Mariaren alabak izeneko nesken kongregazioarekin zerikusia izan zuen. Gerora Eliza Katoliko erakundeko emakumeak arduratu ziren irudi honetaz. Bere tamaina handiagatik ez ezik, burutik behera datozkion hamabi zintengatik ere nabarmentzen da. Haurtxo pilatxoa joaten da prozesioan bere inguruan zintei eusten.
  • San Isidro. Goribar auzoko Santa Katalina ermitan du bere egoitza San Isidrok, orain hango santu titularra da eta. Dena den, prozesiorako ekartzen duten irudia ez da baselizaren aldarean kokatzen dena, geroago egindako beste bat baino. San Isidro nekazarien zaindaria da eta, Oñatin sasoi batean laurehun baserritik gora izanik, ez da harritzekoa santu honenganako debozioak indar handia edukitzea oñatiarren artean.
  • San Martin. Makina bat eliza eta ermita dago Euskal Herrian santu ezagun honi eskainiak. Oñatin ere ermitarik politenetako batek Tourseko apezpiku horren izena darama. Prozesioan irteten dena ez da baseliza horretako aldare nagusirako Pierres Picart eskultore frantsesak XVI. mendean moldatu zuen irudi platereskoa, baizik eta hango sakristian gordetzen den modernoago bat. San Martinen kofradia errementariena zen eta, lanbide horrek Oñatin izugarrizko indarra zeukanez, kide ugari izan zuen. Oraindik ere jarraitzen du hileta ermandadetzat.
  • San Roke. Santu estimatua hauxe, Erdi Aroaz geroztik izurriteen aurkako babeslea baitzen. Oñatiko San Rokek San Martin ermitako eskumako erretaulan dauka bere kokalekua. Egia esan, bi San Roke dira han daudenak: bata txikia eta XVI. mendekoa; bestea handiagoa eta XIX. mendekoa. Azken hori da prozesiorako ekartzen dena.
  • San Krispin eta San Krispiniano. Bi martiri hauek Lezesarri auzoko San Esteban ermitan dute egonlekua aspalditik. Zapatarien gremioaren zaindariak dira eta euren izeneko kofradia zuten Oñatin 1621era orduko. Prozesioan kaleratzen diren bi irudiek badaukate besteek ez duten berezitasun bat: ez direla gorputz osokoak, hiru laurdenetakoak baizik. Imajinak 1894an eginak dira, zapatatxo batzuk daramatzate zintzilik eskumuturretatik eta anden gainean zurezko estalki dotore bat dute.
  • San Juan Bataiatzailea. Kristandade guztian santu izen zabalduenetakoa izango da San Juanena. Oñatin ere bi ermita izan zituen luzaroan: bata Garagaltzakoa, herrigunetik hurbil, oraindik zutik dagoena; eta bestea Artiakoa, Arantzazuko mendietan. Prozesioan irteten den San Juanen irudiak, orain Kale Barriko Agerrena etxean gordetzen bada ere, antzina Garagaltzako ermitan zeukan bere egoitza. Santuaren izeneko kofradia ere hantxe zeukan 1628ra ordurako eta XX. mendera arte iraun zuen.
  • San Jose. Olabarrieta auzoan baseliza dauka San Josek bere izenean, XVI. mendeaz gero eta kofradia ere bai 1620tik aurrera. Gainera, arotzen ermandadearen zaindaria ere bada. Irudi hau Santa Marina plazako Madinabeitia etxean gordetzen zen, baina orain Aozaratza kaleko lokal batean egon ohi da beste santu batzuekin batera. Duela urte batzuk imajina zaharberritu zenean, Luis Salvador Carmona eskultore ospetsuak egina zela frogatu ahal izan zen.
  • San Sebastian. Ez zuten ermitarik Oñatin, baina San Sebastian eta San Rokeren irudiak herriko lau aldaretako erretauletan agertzen dira, ezker-eskuma, alderdi banatan beti. Antzina herriko patroiak izan zirela uste da, San Migelen aurretik. Baina prozesioan ikus daitekeen San Sebastianen imajina ez da horietakoaren bat, baizik eta lehen Santa Marinako etxe bateko kaperan eta orain Aozaratza kaleko irudi biltegian gordetzen dena. San Sebastianek kofradia ere bazuen, baina nobleentzat bakarrik.
  • San Migel Goiangerua. Ukaezinezkoa da San Migelen protagonismoa Corpus eguneko prozesioan. Herriko patroia izateak ematen dio, nonbait, pribilegio hori. Santuak pertsonifikatzeko janzten diren hamalau kideen artean nagusi baldin bada, irudietan ere badu berezko garrantzia, kontrapas dantza berezia egiten baitzaio plazan eta, udaleko kideek eta dantzari guztiek lagundurik, azkena eramaten baitute parrokiara meza nagusitara. Irudi hau puntura arte kontzejuko areto nagusian zegoen, baina udaletxearen azken eraberritzearen ondoren, Sana Ana aretoko erretaula batean gordetzen da.
  • Arrosarioko Ama. Prozesioan irteten den hirugarren Ama Birjinak tradizio luzea du Oñatin. Ez da alferrik Arrosarioko Ama, San Migelekin batera herriko zaindaria. Kapera dotorea dauka San Migel parrokian XVI. mendeaz geroztik, gutxienez, eta bere izeneko kofradia ere gizaldi berean sortua izan zen. Corpusetarako erabiltzen den irudia ez da elizako kaperan dagoena, baina bai haren antzeko imajina rokoko ederra. Orain parrokiako gela batean gordetzen da.
  • Pragako Jesus Haurra. Irudi honen izenaren jatorria Pragan aurkitzen da, garai batean Bohemia eta gaur egun Txekia den hiriburuko eliza batean, alegia. Oñatin kofradiarik eduki ez zuen arren, herriko jauntxo klasikoenetako batzuen egoitzan gordeta egoteak emango zion Corpus eguneko prozesioan kaleratzeko eskubidea, ziurrenik. Esan bezala, Lazarraga leinu ospetsuaren dorretxeko kaperan egoten da urtean zehar, eta prozesioan eramateko mutiko gazteak aukeratzen dira.
  • San Frantzisko. Asisko santuak debozio handia izan du Oñatin lau erlijio etxeren bitartez bereziki: Arantzazuko santutegia, Bidaurretako monasterioa nahiz ostatua eta Santa Anako komentua. Fraide frantziskotarrek eta klaratar mojek bostehun urteko tradizioa dute Oñatin. Kofradiarik ez bazuen ere, ez da ahaztu behar Frantziskotarren Hirugarren Ordenak sekularren artean izan duen eragina. Irudia Zubikoako Santa Anan gordetzen zen, mojak Garagaltzara aldatu ziren arte. Orain Bidaurretan gordetzen da.

Apostoluak eta Jesukristo[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Migel[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dantzariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oñatiko Corpusetan protagonismo berezia dute dantzariek; hiru egunean herriko dantzariak kalez kale eta auzoz auzo ibiltzen dira, ia gelditu ere egin gabe, eta azken egunean, prozesioan santuei laguntzeaz gain, plazan urteko emanaldi nagusia eskaintzen dute. Taldea zortzi dantzarik eta buruzagi batek osatua da. Buruzagiari kapitaina deitzen zaio.

Janzkera aldatuz joan da, baina egun Oñatin dantzariak zuriz eta gorriz janzten dira, eta kapitaina zuriz eta urdinez. Praka eta alkandora zuriak eramaten dituzte denek, eta txapela gorria. Gerrikoa eta banda, berriz, dantzariek gorriak, eta kapitainak urdinak. Zinta zuri-gorriak daramatzate dantzariek eta zuri-urdinak maisuak.

Corpus dantza sei zatitan banatua dago, eta oso luzea da.

Igande arratsaldean saio ederra egiten dute dantzariek Foruen plazan, eta Oñatiko Corpusetako dantzen errepertorio osoa eskaintzen: kontrapasa, banakoa, koadroa, launakoa, zortzikoa eta arku dantza. Eta jaialdiari amaiera emateko, aurreskua egiten dute. Horretarako, ikusten dagoen jendearen artetik neska bat atera eta bere aurrean egiten dituzte aurreskuaren zati biak, Gero beste neska batzuk aukeratzen dituzte aurreskua biribiltzeko, eta denok sueltoan dantza eginez bukatzen da jaia. Nola egiten da (ANTZIÑAKO FOTOGRAFIXIA).

Oñatiko dantzarien kapitainak

  • Txutxin Irizar, 1960-1974.
  • Txutxinen semea
  • Jose Mari Lizarralde

Emakumeak Oñatiko Corpusetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uste baino handiagoa da emakumeen parte hartzea Oñatiko Corpusetan, euren lana beti bigarren mailan eta ezkutu samarrean geratu bada ere, nahiz eta jaiari behar besteko distira emateko oso garrantzitsuak diren. Besteak beste, aipatu beharra dago santuak itxuratzen ibiltzen diren emakumeak, Minerva kofradiako hamalau kideak janzten eta orrazten dituztenak, Santa Ana komentuko mojak, eta beste hainbat emakume oraindik ere lan ezkutuagoak egiten dituztenak.

Oñatiko Corpusek 500 urtetik gorako tradizioa badute ere, ospakizunak aldatuz joan dira, sarri konturatzen ez bagara ere. Beraz, tradizioak tradizio, berrikuntzak ere izaten dira. eta azkenak 2018ko Corpusetan gertatu dira, eta ez bat, bi baizik. Eta berrikuntzak emakumeen eskutik etorri da. Izan ere, emakumeek sekula izan ez duten rola jokatu dute horren tradizio luzea duen ekitaldi erlijioso horretan. Lehenengo berrikuntza izan da emakume bat irten dela prozesioan apostolu jantzita. Apostoluak aurpegia estalita ibiltzen direnez, berrikuntza hori ezkutuan gertatu da, ez beste apostoluek ez ekitaldiaren antolatzaileek ez baitute aurretik horren berri eman. Bigarrena, berriz, eta agerikoagoa, izan da neskek dantza egin dutela Corpusetan, mutilekin batera, bezperan nahiz Corpus egunean. Dantza jardun guztietan, alegia.

Dantzarien haritik tiraka, esan behar da sasoi batean neskek ere ikasi zituztela Corpusetako dantzak. Ez prozesio ofizialean irteteko, gehiegitxo garai haietarako, baina bai beste jaialdi eta erakustaldi batzuetan jarduteko. 1945ean, esaterako, neskaz osatutako Oñatiko dantzari talde batek Corpus dantzak egin zituen lehen aldiz Donostian, eta Gipuzkoako lehenak izatera aillegatu ziren Coros y Danzas erakunde folkloriko-politikoak antolatutako dantza lehiaketa batean, eta Madrilen bigarren saria atera zuten. Neska hauek osatzen zuten taldea: Maixabel Aranguren, Txartesena; Maria Pilar Egaña, Bakardade Ama kaleko Ankaluzena; Gregori Ugarte, San Antue kaleko Larrastegikua; Milagros Erle, Kanpatxoko Erlena; Maritxu Zarketa; Nati Ibarrondo; Bixenta Arregi; Irene Aranburu, Patrue kaleko Miel Kanpaiñena. Oñatin bertan ere, dantzatu izan dituzte emakumeek 1940-50eko hamarkada inguruan Corpus dantzak, bai eta 1960-70eko hamarkadetako Oñatiko Jubilatuen egunean ere, urte batean baino gehiagotan.[2]

1945ean Sección Femeninaren IX. batzarra egin zuten Bilbon eta Loiolako santutegian. Bertan, Oñati, Tolosa eta Azkoitiko Sección Femeninako dantzariek emanaldia egin zuten. No-Doko irudiotan, Sagar-dantza eta Oñatiko Corpus eguneko dantzak dantzatzen agertzen dira Sección Femeninako neskak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Korpus aurrekoak Oñatin» Atauri 2011-06-28 (Noiz kontsultatua: 2018-07-21).
  2. kattalin. «Lehen aldiz emakumeek dantzatuko dute Oñatin Korpus egunean» dantzan.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-21).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]