Europa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Europa
Europe orthographic Caucasus Urals boundary.svg
Azalera 10.180.000 km²
Biztanleria 739.165.030 bizt. (2011, 3.a)
Biztanle-dentsitatea 72,5 bizt/km²
Jentilizio europar
Herrialdeak 50
Hizkuntzak aleman, frantses, ingeles, errusiera eta beste asko
Ordu-eremuak UTC-UTC+6
Interneteko TLD .eu (Europar Batasuna)
Hiri nagusiak Istanbul, Mosku, Londres, San Petersburgo, Berlin
Artikulu hau Europa kontinenteari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus Europa (argipena).

Europa kontinentearen mugak hauexek dira: Ozeano Atlantikoa mendebalderantz, Artikoa iparralderantz, Ural mendiak eta Ural ibaia ekialderantz, Kaspiar itsasoa, Kaukaso mendilerroa eta Itsaso Beltza hego-ekialderantz eta Mediterranear itsasoa hegoaldean. Asiarekin batera Europak superkontinente bat osatzen du: Eurasia. Superkontinente horren bostena da Europa. Zabalerari begiratuz gero, Europa munduko bigarren kontinenterik txikiena da, 11.000.000 km² izanik Ozeania baino apur bat handiagoa baita. Biztanle kopuruaren aldetik, berriz, hirugarrena da, Asiaren eta Afrikaren atzetik. Europako biztanleak 2001. urtean 666.498.000 zirela kalkulatu da.

Europari izena ziurki grekotar mitologiako pertsonaia baten izenetik datorkio. Izan ere, Zeusek (zezen baten irudipean) Europa bahitu eta bortxatu egin zuen. Beste azalpen arrunt batek ereb semitikotar hitzetik (ilunsentia esan nahi du) datorkiola dio.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako hizkuntzak.
Europako eskualdeak.
Europa 1000. urtean.
Sakontzeko, irakurri: Europako historia

Europan gizakien presentzia Homo Erectusen etorrerarekin hasi zen. Geroago, Neanderthal Gizakia eta Homo Sapiens etorri ziren. Azken honek gizaki modernoa garatu zuen.

Idatzitako historia Antzinaroan hasi zen. Antzinako Grezian eta Erroman Europako lehendabiziko zibilizazio letradunak izan ziren. Garai horietan, gaur egun Europako sustraiak sortu ziren: Greziakoak dira ezagutzen ditugun filosofia, artea eta historia bera ere; erromatarrak, berriz, zuzenbidea, alfabetoa eta hizkuntza andana (hizkuntza erromantzeak hain zuzen ere) besteak beste. Gainera, garai horietan kristautasuna hasi zen hedatzen. Prozesu motela eta luzea izan arren, urte askotan Europako ikurretako bat erlijio hori (edo erlijio horren mota bat) bilakatu zen.

Erromatar Inperioa Mediterraneo inguruko lurraldeak batu zituen, Europan egungo Portugaldik Turkia arte. K. o. lehendabiziko bi mendeetan ez zuen etsai arriskutsurik ezagutu, eta mugen barruan bakea (Pax Romana) ezarri zen. Hala ere, barneko borrokak eta kanpoko inbasioak zirela medio, Europako Mendebaldean Erromako boterea desagertu zen. Ekialdean, Konstantinopolis hiriburua, Inperioak segi zuen beste milurteko bat gehiago.

Mendebaldean germaniar inbaditzaileek sortutako erresumek Inperioaren tokia hartu zuten. Haien artean borrokatu ziren nagusitasuna nork zeukan. Horretan arrakastatsuena frankoena izan zen. Karlos Handiaren agintepean, erromatarren titulua berriro hartzeko gai sentitu ziren, eta Inperioa sortu zen berriz Mendebaldeko Europan (800). Nolanahi ere, inbasio berriak etorri ziren (Migrazio Garaia): bikingoak, avararrak, hungariarrak eta arabiarrak.

X. mendean, hala ere, herri migratzaile horiek geldiarazita edo finkatuta zeuden. Hiriak berriro garatu ziren Europa osoan zehar, eta populazioaren gorakadak ez zuen aurrekaririk. Feudalismoaren arabera egituratu ziren gizarteak, Eliza Katoliko Erromatarraren agindu moralaren azpian. Ekialdean, musulmanen presiopean Bizantziar Inperioa gero eta ahulago zegoen. Lurralde Santuak berreskuratzeko asmoz, Gurutzadak burutu ziren. Azkenean, Lurralde Santuak eta Inperioa bera (1456an) musulmanen indarraren azpian geratu ziren.

XIV. mendeko krisialdiaren ostean (Ehun Urteko Gerra eta Izurrite Beltza dira horren irla), erregeen boterea handituz joan zen. Martin Lutherrek hasitako Erreforma Protestanteari esker, Eliza Katolikoaren nagusitasuna kolokan jarri zen. Garai berri horri Pizkundea deitu zitzaion, Antzinateko jakinduria eta estetika berreskuratu zirelako.

Aldi berean, Atlantikoko hainbat herrialdek (Portugalek, Espainiak, Ingalaterrak eta Frantziak, geroago Herbehereek) Europatik kanpo hedatu nahi zituzten bere agindupeko lurraldeak. Amerika 1492an aurkitu zenetik, erresuma horiek saiatu ziren bere kontrolpean ahalik eta lurralde gehien ezartzen. Afrika eta Asia ere europarren helburu militarra izan ziren.

Europan barnan ere borrokak ohikoak izan ziren, XVI. eta XVII. mendeetan erlijio kontuengatik batez ere. Hogeita Hamar Urteko Gerra horietako garrantzitsuena izan zen. Pixkanaka, besteak beste Rene Descartes eta Isaac Newtonen lanei esker, arrazionalismoa eta ilustrazioa (Europak beretzat dituen beste bi ikur) zabaldu ziren, eta, garaiko egoera politikoa irauli zen. Lehendabiziko iraultza Ingalaterrakoa izan zen, baina, eraginengatik, askoz inportanteagoa Frantziakoa izan zen. Horretan, luze iraun zuen feudalismoari amaiera ofiziala eman zitzaion. Ideia berri horiek hedatzeko, Napoleondar Gerrek Europa osoa suntsitu zuten berriro.

Batzeko ahalegin horien aurka, nazionalismoa sortu zen Europan XIX. mendean. Horren harira, Alemania eta Italia batu ziren, eta Balkanetan gatazkek etengabeak ziruditen, zenbait herrik independentzia aldarrikatzen baitzuten. Aldi berean, Erresuma Batuan sortutako Industria Iraultza iparraldeko Europan zehar hedatu zen XIX. mendean, une horiek arte ezagutu zen egoera ekonomikoa guztiz irauliz. Bidegabekeria sozialari bukaera eman nahian, Karl Marxek bere teoriak plazaratu zituen, zeinek eragin sakonak izatekoak ziren hurrengo urteetan.

Munduaren jabeak, Europako estatu gehienak, nazionalismoak akuilatuta, nagusitasuna nork zeukan ikusteko borrokatu ziren berriro XX. mendearen hasieran. Lehen Mundu Gerra latz horrek Europako inperioen amaiera ekarri zuen, baita Errusiar Iraultzaren eskutik munduko lehen estatu sozialistaren sorrera ere. Alemaniaren porrotaren eta 1929ko krakaren ondorioz, Adolf Hitlerrek boterea eskuratu zuen Berlinen. Benito Mussoliniren Italian bezala, faxismoa edo, behintzat, autoritarismoa, Europa osoan zehar zabaldu zen.

Faxismoaren aurkako borroka Bigarren Mundu Gerra izan zen. Orduko horren ondorioa Europa bi taldetan (komunista eta kapitalista) banantzea izan zen. Nolanahi ere, Mendebaldeko Europan, horrenbeste elkarren kontrako borroken ondoren, batzeko prozesua hasi zen Europako Batasunaren inguruan. Prozesu hau, komunismoaren erorketaren ostean (1991), ekialdera ere zabaldu da, eta, gaur egun, 27 estatuk osatzen dute.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Europako geografia

Europak, munduko bigarren kontinenterik txikiena, 10.530.751 km² area du, hau da %7a.

Geografikoki, Europa, Ozeania bezala, ez da kontinente baizik eta "makro-batasun geografiko" bat, Eurasia kontinentearen beso bat baino ez. Hala ere, ohituraz, kontinente bat izaten jarraitzen du.

Orografiaren ikuspuntutik, kontinenterik lauena da, 230 metrotako altuerarekin. Europako mendirik altuenak Ekialdeko Europan 5.642 metrotako Elbrus (Errusia) eta 5.204 metrotako Shkhara (Georgia) dira eta Mendebaldeko Europan 4.807 metrotako Mont Blanc (Frantzia).

Europako golko eta itsaso nagusiak Bizkaiko golkoa, Ipar itsasoa, Itsaso Baltikoa, Mantxako itsasoa eta Mediterraneo itsasoa (barnean Itsaso Adriatikoa, Egeo itsasoa, Alboran itsasoa, Marmara itsasoa, Itsaso Beltza, Joniar itsasoa eta Tirreniar itsasoa dituena) dira. Bere artean zenbait itsasarte daude: Gibraltar, Dardaneloak, Bosforo, Messina eta Oresund itsasarteak dira.

Kontinenteko penintsula nagusiak Eskandinavia, Iberiar penintsula, Italia, Balkanak, Kola, Jutlandia eta Krimea dira.

Uharte nagusiak honako hauek dira:

  1. Britainia Handia, 218.000 km².
  2. Islandia, 103.000 km².
  3. Irlanda, 83.000 km².
  4. Zembla Berriko Ipar uhartea, 49.000 km².
  5. Zembla Berriko Hego uhartea 33.000 km².
  6. Sizilia, 25.000 km².
  7. Sardinia, 24.000 km².
  8. Zipre, 9.200 km².
  9. Korsika, 8.700 km².
  10. Kreta, 8.300 km².
  11. Seelandia, 7.500 km².
  12. Eubea, 3.900 km²..
  13. Mallorca, 3.600 km².
  14. Malta, 316 km².
  15. Fionia, 3.400 km².
  16. Faroe uharteak, 1.390 km².
  17. Eivissa, 560 km².
  18. Menorca, 690 km².

Europako estatuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Beste estatu baten menpeko lurrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erresuma Batua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Danimarka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Finlandia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Norvegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estaturik gabeko nazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Estaturik gabeko nazioak

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Kontinentean gehien erabiltzen diren hizkuntzak alemana, errusiera, ingelesa, frantsesa eta italiera dira.

Literatura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako erlijio garrantzitsuena kristautasuna da, Behe Erdi Aroko garaiatik. Hiru adar nagusi ditu: katolizismoa, protestantismoa eta eliza ortodoxoa. Protestanteak iparraldean kokatzen dira, ortodoxoak ekialdean eta katolizismoa hegoaldean eta mendebaldean.

Islama Balkanetan dago zerbait hedatuta, XVI. eta XIX. mende bitartean Otomandar Inperioaren mende baitzeuden: Albanian, lehengo Jugoslavian, Bulgarian eta Grezian. Europako Errusiak kontinenteko komunitate musulmanik handiena dauka, Volga erdiko tartarrak eta Kaukasoko talde franko (txetxeniarrak, avararrak, ingushtarrak eta abar) bere baitan edukita. XX. mendeko migrazioak direla medio, Mendebaldeko Europan ere gutxiengo nabarmena bilakatu dira musulmanak.

Juduek historia luzea daukate Europan, baina gutxiengoen erlijioa izanda. Gaur egun Frantzia da Europako herrialde bakarra non judutarren populazioa %1era iristen den. Europako juduek bi adar nagusi dituzte: askenaziak eta sefardiak. Askenaziak VIII. mendean heldu ziren, eta sefardiak Iberiar Penintsulan lehenago ere finkatu ziren. XX. mendean Holokaustoak urritu egin zuen judu europarren kopurua, era zuzenean (6 bat milioi hil baitzituzten) edo emigrazioa eraginez.

Garai modernoetan, sekularizazio zabala gertatu da, batik bat XIX. mendeko Frantzian eta XX. mendeko herrialde komunistetan. Gaur egun, sinesmen erlijiosoen maila oso desberdina izan daiteke tokia zein den: Polonian %95 da erlijiosoa, baina %20 besterik ez Txekian. Batez beste, 2005eko Eurobarometroak[2] adierazi zuen europarren %52k jainkoarengan sinesten zuela.

Hedabideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Oraindik ere ofizialki onartu beharra dago. 2008ko otsailaren 17an bere buruaren independentzia aldarrikatu zuen.
  2. ReportDGResearchSocialValuesEN2.PDF

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Europa Aldatu lotura Wikidatan


Azpiindizearen testua