Pala (pilotakoa)
- Artikulu hau pilotako modalitateari eta modalitate horretako tresnari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus Pala (argipena).
Pala pilota jokoaren aldaera bat da, 54 metro luze den pilotalekuan zurezko tresna batekin jokatzen dena. Zurezko tresna horri ere pala deritzo; izan ere, luzea da, zapala, kirtenean estua, eta beste muturrean zabala.
Pala jokalariari palari deritzo euskara batuan.[1] Kaleko hizkeran, palista ere esaten diote, erdaraz bezala.
Eduki-taula |
Arauak [aldatu]
Pilotako arau orokorrak betetzeaz gainera, pala jokoan beste arau hauek ere bete behar dira.
Pilota jotzeko erabiltzen den palak ezaugarri hauek izan behar ditu:[2]
- Zurezkoa izan behar du, pieza bakarrekoa, estuagoa eskulekuan. Ezin zaio metalezko piezarik edo bestelako zurik erantsi.
- Luzera: 52 - 54 cm.
- Gehieneko zabalera: 11,5 cm.
- Lodiera: 3,5 - 4,5 cm.
Palaren pisua arruntki 850 g eta are 900 g-ra ere irits daiteke, pala luzean.
Gaur egun erabiltzen diren palak berdintsuak badira ere, antzinakoak bixigu formakoak ziren, buru txikiagoa eta erdiko partea zabalagoa. Bizkai aldean usuena zen. Bestalde Nafarroako eredua zegoen, buru handiagokoa. Palak egiteko zur onena pago zura da, aski gogorra baita, baina ez hauskorra. Antzina, palari puska bat higatu eta beste zur gogorrago baten (gerezi zura, kasurako) puska eransteko asmakuntza izan zen, pala atomikoa deiturikoa, hain zuzen, baina baztertu zen ideia pilota kontrolpetik erraz ateratzen zelako, arrisku handiak sortuz.
Partida ofizialetan, sakea frontisetik 40 metrora egiten da (10 koadrotik), eta «pasa»ko marra frontisetik 28 metrora dago (7 koadroan). Partidak 45 tantora jokatzen dira. Pilotaren pisua, guztira, 100 eta 110 gramo bitarte egon behar da.[2]
Palari ospetsuak [aldatu]
Erreferentziak [aldatu]
- ↑ Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua.
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Eusko Pilotaren Nazioarteko Federazioak ezarritako araudia.