Euskara batu

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Euskara batua Euskaltzaindiak proposatutako euskara eredu batua da,[1][2] 1968ko urriaren 3tik 5era Euskaltzaindiak Arantzazuko Batzarrean (Oñatin) abiatu zen batasun aurrerabidetik sortua. Euskalkien artean elkar ulertzearen arazoak gainditzeko eta hainbat alorretan hizkuntza arautu baten beharrari erantzuteko sortu zen.

1964an, Baionan euskaltzale talde batek Euskal Idazkaritza sortu zuen,[3] "Hizkuntza Sail" batekin. Bertan, Jesus Maria Bilbao, Jean-Louis Davant, Roger Iriart, Eneko Irigarai, Telesforo Monzon, Jesus Solaun eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi elkartzen ziren. Txillardegi bera izan zen taldearen bultzatzailea eta joera eta herrialde guztietako euskaltzaleak elkartzen saiatu zen. Gainera, itzal handiko zenbait gizarte erakunderen babesa bilatu zuen: EAJrena, ETArena, Enbatarena eta Elizarena. 1964ko urrian, Idazkaritzak batzar ireki baterako deialdia egin zien Euskal Herriko idazle eta irakasleei, haien iritziak entzuteko. Urtebete geroago, txosten bat plazaratu zen hartutako erabakiekin. Txostenak hiru atal zituen: Ortografia, deklinabidea eta aditza. Gainera, dokumentuak amaieran h letraz idatzi beharreko hitzen zerrenda luzea zekarren, gehienbat Hegoaldeko euskaldunen lagungarri.

1968an, Arantzazuko Batzarra izan baino lehen, idazle talde batek Ermuko Zina izenpetu zuen, euskara batuaren alde. Lehen urrats haien ondoren, 1968ko Arantzazuko Biltzarrean akademiak euskara batzeko lehen arau-multzoak finkatu zituen, hizkuntza idatzian erabil beharreko ortografia, morfologia, deklinabidea eta neologismoen (edo hizperrien) gainean. Horretarako, Koldo Mitxelenak aurkeztutako ponentzia[4] hartu zen abiaburutzat, zeina hein handi batean Baionako taldearen erabakietan oinarritzen baitzen. Euskararen batasunerako, gipuzkeraren aditza eta erdialdeko euskalkietako aldaerak hartu ziren oinarritzat, gainerako euskalkien berezitasunak eta aldaerak ere kontuan hartuta.

Batasun aurrerabidea ez da bat-batekoa izan, eta urtez urte Euskaltzaindia euskararen alorrei buruzko arauak eta gomendioak kaleratuz doa. Oraindik ere, morfologian eta aditzean batasuna ia erabatekoa den arren, hiztegian eta sintaxian aurrerabidea ez da erabat bukatu, eta hainbat alderdi finkatzeko daude. Hala ere, euskaldunen artean adostasun zabala dago euskara batuaren alde, ezinbesteko tresna izan baita frantsesaren eta gaztelaniaren bultzadari aurre eginda euskarak bizirik iraun dezan, eta kultura hizkuntza izan dadin.[5]

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Literaturaren hasieratik, idazleek betidanik nabaritu dute euskaldunen arteko ezin ulertzearen arazoa eta literaturarako hizkuntza batuaren beharra. Joanes Leizarragak, 1571n argitara emandako Jesus Krist Gure Jaunaren Testamentu Berrian arazo honen berri ematen du Hescualduney atarikoan. Leizarragak, bere lankideek lagunduta, itzulpena egiteko euskara batu bat osatu zuen, testua Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako euskaldunentzat ahalik eta ulertzeko errazena izan zedin. Leizarragaren Bibliak gainera, amaieran hiztegi txiki bat zekarren, zuberotarrentzat egina. Kalbinismoa Euskal Herrian hedatzeko asmoak porrot egin zuenez, Leizarragaren hizkuntza ereduak ez zuen jarraipenik izan. Horren ordez, Iparraldean Lapurdiko euskara "kostatarra" bihurtu zen XVII. mendeko idazleen eredu, batez ere Axularren lanak lortutako ospeari esker. XVIII. mendean, Joanes Etxeberri lapurtarrak Axularren euskara proposatu zuen euskara idatzirako eredu egokiena bezala.

Hegoaldean berriz, XVIII. mendean euskara giputza, gehienbat Beterriko hizkeraren ezaugarriak biltzen zituena, literatur hizkuntza bezala nagusitu zen, baita nafar eta bizkaitarren artean ere. Manuel Larramendi jesuitaren pizgarri-lanak euskara giputzaren ospeari lagundu zion. Hala ere, Bizkaian eredu berezia sortuko zen, XIX. mendetik aurrera. Mendebaleko idazleek, maisutzat bereziki bi idazle izan zituzten: Arratiako euskaraz idazten zuen Pedro Antonio Añibarro eta Markinakoa zerabilen Joan Antonio Mogel. Bi eredu horiek izan dira denbora luzez bizkaitar literatur euskalkiaren bi aldaera nagusiak.

Hizkuntza komuna helburu eduki du Euskaltzaindiak erakundearen sorreratik bertatik (1919). 1920ko Euskaltzaindiaren Sortarauak agiriko 6. artikuluak honako hauxe zioen:

« Ekingo du euskalgi oroen odolez azitako euskal-eredu bat gertutzen, itzez, itz-yoskeraz ta idazkeraz albait erabatetsuena, euskaldun guziak idatz-irakurketan erabiltzekoa.  »

1930eko hamarkadan, Resurreccion Maria Azkue lekeitiarrak gipuzkera oinarri gisa hartzea proposatu zuen, beste euskalkien ekarpenekin osatuz eta aberastuz. Eredu horri gipuzkera osatua deitu zion, eta Ardi Galdua izeneko kontakizunean horren lehen adibide praktikoa eman zuen.

Hegoaldean gipuzkera osatua erabiltzen hasi zen bezala, Iparraldean nafar-lapurtera literarioa sortu zen hango idazleen eredu bezala, batez ere Eskualduna eta Herria agerkarietan idatzi zutenen artean. Eredu hori Piarres Lafitte luhusotar euskalariak zehaztu eta arautu zuen 1940ko hamarkadan, Navarro-labourdin littéraire gramatika-liburuan. Hizkuntza batu horretarako oinarri bezala behenafar eta lapurtarren eguneroko mintzoa hartu zen gehienbat, eta ez hainbeste XVI. mendeaz geroztik Iparraldean garatu zen literatura tradizioa.

Espainiako Gerra Zibila eta ondorengo garai latzak igaro eta gero, gaiari berriro helduta, Federiko Krutwig getxotarrak Joanes Leizarragaren XVII. mendeko lapurtera klasikoa aurkeztu zuen hartu beharreko eredu bezala, eta Luis Villasante eredu horren alde mintzatu zen 1951n Euskaltzaindiko bere sarrera hitzaldian. Krutwigen ustez, euskararen batasuna XVII. mendean dagoeneko lortua zen, eta Leizarragak egin zuen. Hasieran idazle eta euskalari asko eredu honen alde egon ziren, haien artean Luis Villasante, Jon Mirande eta Gabriel Aresti. Denborarekin ordea, asmo hau alde batera uzten joan zen, hiztunen hizkuntzatik urrunegi zegoela eta. Hala ere, Krutwigek eredu hori defendatzen eta erabiltzen jarraitu zuen bere bizitza osoan.

Gabriel Aresti, Koldo Mitxelena, Txillardegi eta Luis Villasante izan ziren euskara batuaren bultzatzaile nagusiak. 1964an hainbat euskalarik Euskal Idazkaritza izenekoa sortu zuten Baionan, euskara batuaren arauak erabakitzeko lan talde moduan. 1968an Euskaltzaindia Ermuan elkartu zen, eta Baionan lau urte lehenago batzartutakoek erakundeari erabaki ofiziala har zezala eskatu zioten. Orduan eman zuen akademiak Arantzazuko biltzarrerako deialdia.

Onurak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen urteetan jende asko batuaren aurka agertu zen arren, gaur egun euskal jendartean oso sustraiturik dago, hezkuntzan, hedabideetan eta administrazioan erabiltzen den euskara bihurtuta. Izan ere, nazio eremuko hedabideetan (EiTB, Berria edo Argia, adibidez) eguneroko tresna da.

Halaber, euskaldunen arteko komunikaziorako tresna egokia da, erdarara jo behar izan gabe.

Literaturaren arloan ere batua ezinbestekoa izan da azken hamarkadetan, horrek ahalbidetu baitu idazleek egindako ekoizpen handia, euskal literatura idatziak inoiz izan duen ugariena.

Hirietako hainbat euskaldunek, euskalkien erreferentzia sendorik gabe, euskara batua ama-hizkuntzatzat ikasi du. Oraingo ikuspegitik, ezingo genuke euskaraz bizi euskara baturik gabe.

Ibon Sarasola euskaltzain osoaren Euskara batuaren ajeak (Alberdania, 1997) eta Koldo Zuazo euskaltzain urgazlearen Euskararen sendabelarrak (Alberdania, 2000) liburuek, batasun bidean egindako zuzenak eta okerrak neurtzeko beharrari erantzuten diote. Biek azpimarratzen dute batuaren garrantzia, eta, beste alde batetik, dituen akatsak gainditzeko formulak proposatzen dituzte.

Kritikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar Euskal Herriko eremu askotan euskara estandarra ez da behar bezala ezagutzera eman, eta horren arrazoietako bat erakunde publikoen gogo falta izan daiteke. Ipar Euskal Herriko hedabideetan euskararen erabilera oso noiz behinkakoa denez gero, herritarrak ez dira euskara batura ohitu, eta askotan, Hegoaldean ere gertatzen den bezala, urrutiko hizkera xelebretzat hartzen dute. Iparraldeko hedabideetan eta literatura-sorkuntzan, "Iparraldeko batua" edo "subestandarra" erabiltzen da gehienbat. Zuberoan, herrialdearen urruntasun administratibo eta linguistikoagatik, denboran eta gizartean sustrai sakonak dituen zubereraren forma literarioa lantzen da, nahiz eta hango euskaltzale gehienek euskara batua beharrezko tresna dela ulertu.

Arantxa Urretabizkaia, euskara batuaren sorreraz eta h-aren auziaz. Euskal Herriko Ahotsak ekimenerako eginiko elkarrizketa.

Hegoaldean ere, jende askok, batez ere adinekoak, arazoak ditu euskara batuan moldatzeko, baina apurka-apurka, herritarren eskolatzearekin eta hedabideen laguntzaz, gero eta euskaldun gehiago gai da euskara batua ulertu eta erabiltzeko. Euskal Herriko mendebalean, hango euskalkiaren euskarri arautua erabili ohi da batuarekin batean, tokiko hedabideetan eta irakaskuntzan.

Hasierako urteetan, hizkuntzaren inguruko eztabaidak, auzi politikoen isla bihurtu ziren, eta hein batean, auzi horiek estaltzeko aitzakia moduko bat ere bai. Euskal kulturaren munduko talde ohiturazaleak batasunaren aurka jarri ziren, belaunaldi gazte eta berritzaileenak alde agertu ziren bitartean. Horren adibide dugu h letraren auzia: Euskaltzale atzerakoienek h-aren aurka artikulu suharrak idatzi zituzten, hizki hori ezker burubideko idazle gazteek zerabiltela eta. Ohiturazale horietako askok ez zuten batasunaren beharra ikusten, ez baitzuten inola ere uste jakintzazko gaiak euskaraz landu zitezkeenik. Batasunaren aldekoek berriz, euskararen noranahikoa lortu nahi zuten: Haur hezkuntzatik hasi eta unibertsitateraino, jendarteko esparru guztietan euskara erabil zedin nahi zuten. Azkenean, Euskaltzaindiak h-a bere ortografia arauetan jaso zuen. Batasunaren aurkako euskaltzale gehienak -Euskerazaintza bezalako taldeetan bildu zirenak- urteen joan-etorriaz banan banan desagertu egin dira, arrazoi naturalengatik.

Bereziki bizkaieraren eremuan, euskara batuarenganako jarrera kritikoak indartsu eta luze iraun izan du. Herri batzuetan bi ikastola eta bi euskaltegi izatera iritsi ziren: Bat euskara batuan eta bestea euskalkian edo "erri izkeran". Egungo egoera normalizatuagoa bada ere, oraindik ere eztabaidak bizirik dirau.

Kontrako iritzia eman dutenek, bi alderdi azpimarratu dituzte bereziki: Batetik gipuzkerak beren ustez euskara batuan bereganatu zuen gehiegizko garrantzia, eta bestetik, hizkuntza batuak euskalkien aberastasunari ekarriko zizkion ustezko kalteak. Batasuna giputz euskaran zergatik oinarritu zen azaltzeko, arrazoi demografikoak ematen dira gehienetan. Egun ere, euskaldunen zati handi bat -herena inguru- giputza da. Gainera, antzinatik, Hegoaldeko euskal literaturan giputz ereduak itzal luzea izan du eta euskaltzainei zentzuzkoa iruditu zitzaien joera horri jarraitzea. Bestalde, erabakiak hartu behar direnean euskal literaturaren tradizio osoa hartzen da kontuan, eta ez bakarrik Gipuzkoakoa. Lapurdin jaio zen literatura tradizioa ere oso kontuan hartzekoa da, denetan zaharrena eta ugariena baita. Bigarren kritikari dagokionez, erantzuna begi bistakoa da: Eguneroko esperientziak behin eta berriz erakusten du euskalkien arerioa ez dela euskara batua, inguruko bi erdarak baizik.

Ibon Sarasolak, 1970eko, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan barna agertutako hainbat hitz eta esapide eztabaidagarri mahai gainean berriz paratzen ditu (irla, errenta-aitorpen, urpekuntzi, merkatalgune, nekazal turismo, soinketa, eta beste), euskal literaturaren eta nazioarteko ereduen argitan konponbideak proposatuz (adigai horiek euskal idazle hoberenek eta Europako beste hizkuntzek nola adierazten dituzten ikertuz) eta Ipar-Hego Euskal Herrien arteko hartu-eman berdintsuagoa aldarrikatuz, bi erdaren morrontzatik aske. Liburuan ematen duen ideietako bat honako hau da: Espainiera eta frantsesa dira munduko hizkuntza guztietan "pedanteenak". Beraz, ez ginateke lotsatu behar euskaraz kontuak askoz modu errazagoan esaten ahal direnean.

Koldo Zuazoren iritziz, euskara batuaren eta euskalkien arteko oreka eta bizikidetza, euskararen bizitasuna bermatzeko ezinbesteko baldintza da. Euskararen eritasunak sendatzeko "sendabelarrak" euskalkietan daudela defendatzen du. Horrez gain, administrazio publikoan eta hedabideetan profesional askok darabilten hizkera-mordoiloa, berak Marteko hizkuntza deitzen duena, salatu nahi du. Euskaldunen artean izugarri zabaldu den hizkuntza honetan, hango eta hemengo euskalkietako hitzak eta formak elkarren ondoan pilatzen dira; gehienetan, ongi erabiltzen jakin gabe. Marteko hizkuntzan mintzo direnek, asko dakitela erakutsi nahian-edo, hitz errazekin esan zitekeena ahalik eta modurik korapilatuenenan esan ohi dute. Ezertarako balio ez duten hitzak asmatzeko ohitura handia dago. Marteko hizkuntzaren adibide bezala, Euskaldunon Egunkarian aurkitutako honako izenburu hau ematen du Zuazok: "Alta, jubilatuentzako egoitza berri bat eraikitzen ahal da igandean bildu sosagaz". Alegia, "alta" eta "bildu sosa" Iparraldeko egiturak, Mendebaldeko -gaz atzizkiarekin batera nahasiak.

Bere ustez, horrelako esaldi xelebreak dira euskaldunzaharrak euskara idatzitik uxatzen dituztenak. Hori da, azkenean, jendea euskara batuarekin ez identifikatzera daramana, eta bide horretatik joanez gero, egunez egun, euskaldunen eguneroko hizkera eta idatziz ageri dena, elkarrengandik gero eta urrunago geldituko dira.

Hauetaz gain, beste egile batzuek azken urteotan lan berriak argitaratu dituzte, prozesua bizirik dagoela erakutsiz. Egun bizirik dirauen gaietako bat, oraindik erabat argitaratu gabeko Euskaltzaindiaren Euskal Hiztegi Batua genuke. Kasu honetan, batzorde arduradunak hitz bakoitza banan banan eztabaidatu eta hitz edo aldaera egokiena aukeratu behar du, hainbat alorretan dirauten hiztegi arazoak konpondu eta Iparraldeko eta Hegoaldeko ohiturak hurbiltzeko.

Antzeko prozesuak Europan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Italiera (1861) eta alemaniera (1876) bezalako hizkuntza indartsuek euren batasun prozesuak abiatu zituzten XIX. mende amaieran, euskarak egin baino mende bete lehenago. Kasu horietan, hizkuntzaren batasuna bi nazio-estatuen sorrerarekin batera ageri da. Denbora horri esker eta begi-bistako faktoreak direla-eta, mintzaira horiek sendotzea lortu da, baina euren dialektoen bizirautea kolokan dago. Alemanierazko idazleek Martin Lutheren Bibliaren itzulpenean aurkitu zuten beren eredua, katoliko nahiz protestanteek. Italiera batuak berriz, Toskana eskualdean jatorria duen literatura-hizkuntzan du oinarria, hau da, Dante Alighierik, Francesco Petrarcak, Giovanni Boccacciok, Nikolas Makiavelok eta Francesco Guicciardinik, besteak beste, zerabilten italieran.

1982tik aurrera galizieradunek batasun ekimenak hasi zituzten, urtetik urterako hainbat berrikuspenekin. Euskaldunen antzeko inguru soziolinguistikoa daukate, eta oro har batzeko prozesua ere antzekoa izan dute. Hala ere, han talde bakoitzak bere eredua defendatzen jarraitu du: Talde batekoek gaztelaniaren antzeko sistema ortografikoa darabilte; beste batzuek berriz, "integrazionista" deituek, portugesaren arauetara hurbiltzearen alde daude, hizkuntza berbera, galego-portugesa, dutela argudiatuz. Zatiketa hori, esate baterako, hots sabaikariak idaztean ikus daiteke: Carballo eta Miño idazten dute batzuek, Carbalho eta Minho besteek. Herrietako txartel publikoetan, ortografia bat ala bestea erabiltzea udalean agintzen duen alderdi politikoaren araberakoa izan ohi da.

Azkenik, aragoieraren kasua oso esanguratsua da. Hizkuntza honek ez du ofizialtasunik ez eredu standard finkorik. Azken urteotan hizkuntza batua sortzeko ekimenak ezinbestekotzat jo izan dituzte aragoieraren aldeko kulturgileek, mintzairaren erabilera behin betiko itzal ez dadin. Prozesuak, hala ere, erabateko batasunik ez du lortu, eta zailtasun horri aurre egin behar izango diote. Antzeko kasu batean, erromantxerarenean, esan dezakegu mintzaira ofiziala eta batua izan arren, hiztunen galera etengabekoa izaten jarraitzen duela eta bestelako faktoreek eragin handiagoa daukatela.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «euskara», Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa. Eskuratze data: 2011-04-07.
  2. «euskara», Elhuyar Ikaslearen Hiztegia, Elhuyar Fundazioa, 2008.
  3. Koldo Zuazo,2005, Euskara Batua: Ezina ekinez egina. Donostia: Elkar 154.or.
  4. Koldo Mitxelena (1968): Ortografia. Euskara batuaren oinarriak proposatu zituen idazkia da; gaur egun, Euskaltzaindiak euskara baturako eman dituen arauen artean zerogarren gisa ageri da.
  5. Hitzetik H-ra: euskararen estandarizazioa bideoa, Garabide elkartea, 2011. Iraupena: 9' 5''.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]