Poliuretano
Diisozianato baten eta alkohol dihidroxiliko baten arteko kondentsazio-erreakzioz lortzen den polimero termoplastikoa. Tolueno diisozianatoa etilen glikolarekin erreakzionaraziz lor daiteke, adibidez; poliuretanoaren bereizgarria da molekularen egituran -NHCOO- taldea izatea. Polimeroa eratzeko gertatzen den erreakzio orokorra honela adieraz daiteke: R1NCO + R2OH → R1NHCOOR2. Era askotara lortzen da: zuntz-, apar- edo elastomero-eran, etab. Denak sukoiak dira. Poliuretanozko zuntzek elastikotasun handia eta erresistentzia elektriko ona dute, eta iragazgaitzak dira. Poliuretanozko aparrak malguak edo zurrunak izan daitezke, dentsitate txikia dute eta haien propietate nagusia da isolatzaile onak izatea; besaulkiak, koltxoiak, hodien isolatzaileak, tapizak etab. egiteko erabiltzen dira apar malguak, eta zurrunak, berriz, besaulkiak, autoen osagaiak, isolatzaileak, itsasontziak, kamioi hozkailuak, ontziak etab. egiteko.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.