Rita Streich

Wikipedia, Entziklopedia askea
Rita Streich opera bat antzezten 1946an.

Rita Streich (Barnaul, Siberia, 1920ko abenduaren 18a - Viena, Austria, 1987ko martxoaren 20a) alemaniar opera-abeslaria izan zen.

Aita alemaniarra zuen, eta Siberian gerrako preso zegoela, errusiar batekin ezkondu zen. Streich oso, gazte zela, Alemaniara joan zen familiarekin. Debuta 1943an egin zuen, Aussigeko udal-antzokian, Richard Straussen Naxoseko Ariana lanean, Zerbineten paperean. Berehala Berlingo Staatsoperreko kide egin zen (1946-1950), eta, ondoren, Mendebaldeko Berlingo Operan aritu zen, 1953. urtera arte. 1952 eta 1953 urteetan Bayreutheko Jaialdian Waldvogel papera kantatu zuen, Siegfried lanean, eta 1953an egin zuen Vienako Operan debuta. Opera horretako taldeko kide izan zen, 1956tik 1972ra. 1954. urteaz geroztik, behin baino gehiagotan aritu zen Salzburgoko Jaialdian. Urte horretan bertan, Covent Gardenen debutatu zuen, eta Erromako Operan kantatu zuen. Ondoren Aix-en-Provenceko Jaialdian (1955) eta Glyndebournekoan (1958) kantatu zuen. 1957an egin zuen lehenengo bira Estatu Batuetan. 1970eko hamarraldian irakaskuntzan hasi zen lanean: Esseneko Folkwang-Hochschuleko irakasle izendatu zuten 1974an, interpretazio-eskolak eman zituen Salzburgoko Mozarteumen, eta, 1976an, Vienako musika-akademiako irakasle izan zen. Frantzian hainbat interpretazio-ikastaro eman zituen, Nizako arte lirikoko zentroko zuzendari izan aurretik (1983).


Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Rita Streich Aldatu lotura Wikidatan