Roy Lichtenstein

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bartzelonaren aurpegia, R. Lichtensteinek Olinpiar Jokoetarako egina, 1992

Roy Lichtenstein (New York, AEB, 1923 - New York, AEB, 1997) Estatu Batuetako margolaria izan zen.

Biografia

Arte ikasketak egin ondoren, New Yorken hartu zuen bizilekua. Pop Art mugimenduko aitzindaria izan zen.

1951tik aurrera urtero egin zituen erakusketak, baina 1960-1961 arte ez zuen jendearen arreta erakarri. Espresionismo abstraktuari uko eginik, Walt Disneyren pertsonaiak erabili zituen bere lehen lanetan. Publizitateko irudi arruntenetan (Look Mickey, 1961), komikietan (Whaam!, 1963), egunkarietan eta telebistan aukeratu zituen bere margogaiak. 1963-1966 urteetan komikietan oinarrituta egin zituen sailak dira Lichtensteinen lanik onenak.

Teknikaren aldetik, moldiztegiko baliabideak erabili zituen, eta oso ezaugarri berezia da haren obran puntu txikiz eginiko trama. Bere koadro komikietan oinarrituei eta koadro batzuetan oinarrituriko lanei (Cézanne andrearen erretratua, 1962), gustu txarrekoak iritzi zieten kritiko batzuek, eta Estatu Batuetako gizartearen kontrako satira gogortzat beste batzuek. Telebista eta garbigailu-sail bat ere egin zuen (1961). 1964tik aurrera bizitza modernoko irudiak bigarren mailan utzi zituen, eta espresionismo abstraktuari buruzko lan ironikoak, 1930eko arte-apaindurazkoan oinarrituriko lanak eta izadi hilak landu zituen. Geroztik, arte modernoaren joera nagusiak beraren molde berezian landu zituen, modu jostari eta ironikoan interpretatuz. Litografia eta serigrafia ere landu zituen, oso egokiak baitira bere estilorako, eta brontzez ere landu zituen bere pinturetatik ateratako elementu batzuk.

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Roy Lichtenstein Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak