Sampo izotz-hauslea

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Sampo
Sampo.JPG
Sampo ontzia Kemiko portuan.
Finlandia
Mota: Izotz-hauslea
Uretaratze data: 1961
Zerbitzua: Sampo Tours, Kemi
Ezaugarriak
Tona-kopurua: 3.540
Luzera: 75 m
Zabalera: 17,4 m
Sakonera: 7 m
Bulkada: 8.800 HP
Abiadura: 8 korapilo
Eskifaia: 16 marinel

Sampo izotz-hauslea (finlandieraz, Jäänmurtaja Sampo) Kemi finlandiar hiriko portuan egoitza duen izotz-hauslea da. 1960ko hamarkada hasieran eraiki zen Sandviken hiri suediarreko Wärtsilä-Werft ontziolan eta 1961ean itsasoratu zuten. Hogeita hamar urtez itsas-merkataritzari Botniako golkoko ur izoztuan bidea egiteaz arduratu zen, baina bete beharrak geroz eta urriagoak zirenez, 1991ean erretiratu egin zen. Kemiko Udalak hiriko eta azpieskualdeko negu turismoa bultzatzeko, ontziaren barrualdea moldatu eta bidaiariak jasotzeko atontzea erabaki zuen eta azkenean, Sampo, turista-bidaiariak jasotzen dituen munduko izotz-hausle bakarra bihurtu zen; hau, egun mantentzen duen titulua da [1][2].

Sampo ontzia bere patua betetzen, alegia, Botniako golkoko izotza hausten.

Ontziko bidaia zerbitzua Sampo Tours izeneko erakundeak kudeatzen du eta azken urteotan, negu turismoak izan duen bultzadari esker, Kemi hiriko erakunde arrakastatsuenetakoa bihurtu da. Itsas bidaia hauek, normalki, husky txakurrek edo elur-oreinek gidaturiko lera safariekin edota Lumilinna edo Elur-gazteluaren bisitekin batera eskaintzen dira pack turistikoetan. Dena den, izotz-hauslean soilik bidaia egiteko aukera ere badago; prezioa, hori bai, altuagoa da. Txango hauek ia egunero eskaintzen dira abendu erdialdetik apirila bitartean, alegia, Botnia itsasoko ura izoztua dagoen garaian, eta 2-6 ordukoak izan ohi dira. Hauetan, eskualdeko ingurunea ezagutzeko eta itsasoko ur izozgarrian murgiltzeko aukera dute ausartek. Urtezaharrean, bestalde, txango berezia antolatzen da gauean, urte berri zoriontsua Botniako golkoa den leku exotikoan hasteko, eta itsasoaren erdi-erdian Aurora Boreal edo Iparargiez gozatzeko aukera dago. Ontziak, guztira, 150 bidaiari har ditzake txanda bakoitzeko eta eskifaia, aldiz, hamasei marinelek osatzen dute.

Izena finn mitologiako Sampo objektutik datorkio, hau da, urrea, alea eta gatza ekoizten dituen errota miragarri antzeko bat den objektutik. Oparotasunaren irudikapena da eta, hain zuzen, izotz-hauslea lanean ibili zen garaian, Lappi eskualde osoari oparotasuna ematen zion sostengua izan zen, itsas-merkataritza bideak irekirik mantentzen zituelako negu izoztuetan. Gaur egun, Kemiko turismo atrakzio nagusia da; 2007an, esaterako, 10.664 bidaiari izan zituen ontziak, Elur-gazteluak izan zituen bisitarien bikoitza [3][4].

Ontziaren ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Luzera: 75 m
  • Zabalera: 17,4 m
  • Sarkura: 7 m
  • Pisua: 3.540 tona
  • Motor potentzia: 8.800 hp
  • Abiadura uretan: 16 korapilo (30 km/h)
  • Abiadura 50 cm izotz gotorrean: 8 korapilo (15 km/h)
  • Izotz-hauste gaitasuna: 70–120 cm izotz gotor

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Sampo Tours Jäänmurtaja. 2011.04.13
  2. Sampo Tours Matkakertomus. 2011.04.13
  3. Kielet Sampo. 2011.04.14
  4. Keskusvirasto Matkailu. 2011.04.14

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Sampo izotz-hauslea Aldatu lotura Wikidatan